"LEHENENGO JOKALARI ONAK IZUGARRIAK BAZIREN, GAURKOAK KRISTORENAK DIRA"

  • Mundua baloi bat den honetan, futbolak umorearen entzefalograma alteratzen du, klubek dirua ostikoka botatzeko adina badute, eta prentsan pitxitxiaren azkazaleko operazioa da notizia... Mundua baloi bat den honetan, paradoxarik politena da atezain historikoa ez duela histeria horrek irentsi, Iribarrek ez baitu idolo konplejurik.
Ume gehienek aurrelari izan nahi dute, golak sartu. Zu zerk erakarri zintuen atezain izatera?
Badut pasadizo bitxi bat. Zarauzko La Salle ikastetxean hasi nintzen lehen egunean, jolasorduan mendira irten ginen, Meagas gainera. Zelai txiki batean futbolean hasi ginen ume denak. Talde batek atezaina behar zuen, eta horrelakoetan badakizu, berriari esaten zaio: "hi atezain!". Eskolako lehen egunetik atezain titular jarri ninduten.

Euskal Herria atezainen harrobi izan da. Zergatik?
Nik uste boladak izaten direla. Gure garaian lehen mailako atezain asko atera ziren, eta orain berdintzen ari da hori. Ziur aski hemen atezaina ongi ikusia egon da eta bere garrantzia eman zaio. Beste herrialde batzuetan ez hainbeste. Brasilen, esaterako, gazte guztiek beti nahi izan dute Pele, edo Richa, edo Didi izan, eta atezaina beti garrantzi gutxiagokotzat hartu izan dute, eta Euskal Herrian alderantziz gertatu da. Nire idoloa Carmelo zen, eta gure baserri aurreko hoteleko terrazan eserita lehenengo aldiz ikusi nuenean, zur eta lur gelditu nintzen... Andoni Zubizarretak ere gauza bera kontatzen du nirekiko, oraindik gogoan omen du txikitan bere aitarekin paseatzen zihoala ikusi ninduela.
Baina orain buelta ematen ari zaio bolada horri, eta gaurko gazteek atezaina baino nahiago dute Julen Guerrero, Joseba Etxeberria edo Raúl izatera iritsi.

Zer gaitasun behar ditu atezainak?
Hasteko gaitasun fisikoak behar dituzu: azkarra, bizia, erreflexu onak izan behar dituzu, bestearen jokoa sumatzeko eta aurrea hartzeko.
Plaza gizona ere izan behar duzu. Futbolean aurrera zoazen heinean jende askoren aurrean jokatzen da eta erantzukizun handia dago, eta hori gainditzen jakin behar duzu. Jokoaren kontzentrazioa galdu gabe, jendearen eta komunikabideen presioa gainditzeko.
Bestalde, zelaian perspektibarik onena atezainak du, bere taldeko defentsa antolatzeko eta bere kideei laguntzeko. Estrategia kontuetan zeregin berezia du. Eta lehenengo erasotzailea ere atezaina da, normalki erasoa hasteko atezainak izaten baitu baloia, eta jakin behar du nondik, nola eta noiz atera erasoan.

Teknikoki asko aldatu al da futbola?
Aldaketa handia eman da, futbola asko profesionalizatu da, eta horrek harremanak ere beste modu batekoak izatea ekarri du. Erantzukizun handiagoa dute jokalariek, eta gaur egun entrenatzaileak berak ere bai. Gero eta gehiago bere lanean aditua izatea eskatzen zaio entrenatzaileari. Lehen nahikoa zen jokalari ona izana izatea entrenatzaile izateko. Baina orain jakin behar du entrenamenduak ongi antolatzen, jokalariak gustura edukitzen, gero eta kirolari gehiago daude talde batean eta horiek denak ongi bildu eta bideratzen, komunikabideei zer eta nola esan... zuzendaritzak ere gero eta exijenteagoak dira, eta emaitzak onak ez badira gero eta errazago bidaltzen dituzte taldetik... Entrenatzaileak orain denetariko gizona izan behar du.
Jokalariak, berriz, lehen askatasun gehiago zuen zelaian, egiten zekiena erakusteko. Orain mekanizatu, automatizatu egin da, gehiago markatzen zaio jokalariari nondik, zer eta nola egin. Nik esango nuke hori ez dela ona. Gustukoa dudalako jokalariak zelaian askatasun pixka bat behintzat edukitzea, bere trebetasunak eta jokoaren ikuspegia erakusteko. Futbolean jokoa oso dinamikoa baita, eta ezin da planifikatu zer eta nola egin behar den. Taldeko kontsigna zehatz batzuk ematea ongi dago, baina gero jokalariak jakin behar du askatasun osoa duela, gehienbat aurreko jokaldietarako.

Gero eta maila altuagoa dago futbolean. Harrobia ere gero eta futbolari gazteagoetatik lantzen da. Hor daude Ajax, Bartzelonako esperientziak. Ia klubeko etxeetan bizi dira jokalari gazteak.
Alde horretatik ere asko aldatu da. Guk gaztetan geuk antolatzen genuen gure entrenamendua. Orain entrenatzaile batek prestatutako entrenamenduen beharra dago. Fisikoki ere lehen baino askoz gehiago entrenatzen da. Medikuntzan, esaterako, hemen dauden osagileak oso espezialistak dira, eta lehen ez zen horrelakorik. Horrek jokalariari lehen ez zuen indar fisikoa eman dio, orain korrika askoz ere azkarrago eta gehiago egiten da. Eta hortik futbol jokoa bera ere aldatu egin da. Zelaiaren neurriak berdinak direnez, esango nuke orain zaildu egin dela jokalariarentzat jokoa. Lehen jokalari onak izugarriak ziren, baina oraingo onak kristorenak dira!

Ez al da gogorra ume umetatik futbolera bideratzea eta etxetik urruntzea?
Hori ongi programatua egongo dela uste dut. Umeak 3-4 egunez edukitzen dituzte klubean eta gero etxera joaten dira. Niri hain gazterik futbolerako bakarrik prestatzea gehiegizkoa iruditzen zait. Ajax-ekoek eta, Hegoafrikatik hartzen dituzte haurrak, bertan eduki eta futbolari izatera iristen ez direnak galduta ibiltzen dira. Gauzak hobeto begiratu behar dira.

Futbol kontratuetan 1.000 milioi pezetako zifra entzutera ohitu gara. Ez al du gehiegizko neurria hartu?
Nire iritziz gehiegikeria da hartu duen neurria, baina horren aurka ez dakit ezer egiterik dagoen, "hala beharko du izan"... Europa osoan horrela dago antolatua, eta mugitzen diren zifrak beldurtzeko modukoak dira.

Nola bizi duzu idolo izate hori, kaleko presioa...
Nire garaian ez zen hainbesterainokoa. Orduan ere komunikabideek kirolari garrantzia handia ematen zioten, beti eman diote, eta futbolariei gehienbat. Nik ongi eraman izan dut, ez dut inolako arazorik izan. Orain agian ezberdina izango litzateke, ezin duzu futbolaren mundu horretatik ia atera ere egin: entrenamenduak, partida gehiago jokatzen dira, bidaia gehiago, komunikabideek egunero eskatzen dizute zerbait... Hala ere ohitu egin garela esan liteke. Lehen, artikuluren batek zuri buruzko irudi txarra ematen zuenean, mindu egiten zinen, baina egun hainbeste kritika eta hainbeste ikuspegi dagoenez, nik uste jendeak berak ez diola garrantzi gehiegirik ematen. Kirolariak berak paso egiten du askotan, zeren gauza barregarri asko ere entzuten dira.

Zer eragin izan zuen gizartean eta beste alorretan 1979an Reala eta Athleticeko taldeak ikurrinarekin ateratzeak?
Horiek beste garai batzuek ziren. Diktadura orduantxe amaitu zen, eta ez zegoen inongo alderdi politikorik eta ez ezer, dena zegoen hankaz gora. Trantsizio garaia zen, eta momentu batzuk izaten dira bakoitzak gizarteari zerbait aportatu behar diona, kirolariok ere ez garelako hain itsuak eta hotzak. Momentu egokia tokatu zen, egin beharrekoa zela ikusi genuen eta guztiok hartu genuen erabakia. Gainera gizartearen gehiengoak erabaki hura oso ongi hartu zuela ikusi genuen, izan ere handik gutxira legez onartu zen ikurrina.

Nola ulertzen da futbolak gizartean hainbesterainoko eragina izatea?
Nik uste jendeak zerbaitekin identifikatu beharra sentitzen duela, eta futbolean talde batekin edo bestearekin identifikatzen da. Badaki partida bat ez dela berez hain garrantzitsua baina hala ere bere taldea gaizki dabilenean asko sufritzen du. Beti bere taldea besteen gainetik egotea nahi du, berak ere bere identitatea finkatzeko.

Futbola "ogia eta zirkua" al da? Alegia, beste arazoak estaltzeko ikuskizuna.
Estatuari ongi datorkio kirola, bestela ikusi besterik ez dago zenbat lan eta diru gastatzen den eta zer ardura hartzen duten Olinpiar Jokoak antolatzeko eta irudi ona emateko. Badirudi irudi ona emanez gero, jendeak estatu hori garatua dela pentsatzen duela, eta hori ongi aprobetxatzen dute. Bestalde, gizarteari berari ere gustatu egiten zaio, eta ez dut uste hain erradikala izan behar dugunik futbolari bai ala ez esateko. Baina ulertzen dut jendeak "orain ere futbola! Zer, betiko jana diagu hau edo?" esatea.

Euskal Selekzioan ari zara orain lanean. Zeintzuk izango dira eman beharreko hurrengo urratsak?
Euskal Federazioa lanean ari da, lagunartekoak badira ere ahalik eta partida gehien jokatzeko. Hurrengo urratsa kanpora ateratzea litzateke. Zailtasun handiak izaten dira partidak antolatzeko. Futboleko egutegia oso betea dago, eta gure selekzioko jokalari bakoitza talde ezberdinetan dagoenez, horiek biltzea ez da erraza. Gainera beste selekzioekin ere egun egokia aukeratzea zaila da.

Iazko Gabonetako partida Marokoren aurka jokatu zen. Batzuek harritu egin dira, Sahara herriari halako trataera ematen dion estatu horretako selekzioa ekarri izanarekin...
Antolatzaileari galdetu behar, baina nik sumatzen dut data horretan beste selekzioren bat ekartzeko aukera gutxi zegoela. Marokori egun hori jokatzeko ongi zertokiola suertatu da. Bestela ere bada nahiko zailtasun, eta nik uste selekzio bat ekartzeko irizpide zorrotzegiak jartzen hasten badira, oraindik zailagoa izango dela datarekin bat datorren selekzioa aurkitzea.
Xabier Expositok eta biok Federazioari eskatzen diogun baldintza nagusia ahal den selekziorik onena ekartzea da. Nahiz eta lagunarteko partidak izan, konpetitibitate maila hori ematea nahi dugu, gure indarrak neurtzeko.

Jokalariek bere taldearen koloreekiko pasioa galdu ote duten ere esaten da. Zuk zure garaian eskaintza asko jasoko zenituen, baina ez zenuen alde egin.
Gure garaiak eta egungoek ez dute zer ikusirik. Guk diktadura bat zegoela jokatzen genuen, eta klubaren baimenik gabe ez genuen aukerarik ere beste talde batera joateko. Kirol ibilbide osoa klubean egin behar genuen. Egia da Madril, Bartzelona, eta beste klubetako eskaintzak etorri zirenean klubak berak eman zidala joateko aukera. Baina ni hemen ongi nengoen eta ez nuen joan nahi izan.
Koloreei dagokienez, nik uste hemen izugarri sentitzen direla taldeko koloreak. Jokalari gaztetxoak zuri-gorriz janzteko ilusioz beteta etortzen dira hona eta gora igotzeko esperantzarekin. Noski, orain diru gehiago dago jokoan eta familia batek, ziur asko, gaztetxo bat ongi datorrela ikusten duenean presio gehiago egingo dio. Alde horretatik kezkagarria da familiek haurrengan egiten duten presioa.

Posible al da lehen mailan Athleticen filosofiadun talde bat baino gehiago mantentzea, edo harrobiak ez du hainbesterako ematen?
Gero eta zailagoa da. Nik ez dut zalantzarik egiten, Realak berak horretarako aukerarik izango balu, apustua egingo lukeela. Beste taldeek jaso duten laguntzarekin zer indar duten ikusita, lehenengo mailan bi talde egotea zaila litzateke.
Gure apustua ere, egia esan, oso gogorra da. Hala ere, gerora nik uste Athleticek eutsi ahal izango diola filosofia honi. Ehun urtean lehenengo mailan egon izanak indar handia ematen du. Eta lehen mailako taldea aurrera ateratzeko garrantzitsuena beheko jokalariekin egiten den lana da. Jakina, bazkideek dute azken erabakia, baina filosofia hori egunen batean zalantzan jartzen bada gizartearen multzo handi batek ere izango du zer esana, eta eztabaida handia izango da.

Athleticeko jokalari denak "euskaldunak" omen dira. Baina zer da "euskaldun" izatea? Futbolari askok ez dakite euskaraz, Iparraldeko jokalariei bigarren mailako euskal taldeetan sartzen utzi ez zaienean klubak ez dira mugitu...
Nik uste, "etxekoak" esateko ikuspegi zabala izan behar dela, ezin dugu itxiak izan. Jokalari asko kanpoan jaio arren gaztetatik hona etorri eta integratu egin dira. Irizpide horiek ez dira estu hartu behar.
Gainera, Athleticen euskararekiko konpromisoa ere hartu izan da. Lehen euskarazko ikastaroak eman genituen eta jende askok hartu zuen parte. Gero eta jokalari gehiago dira euskaraz dakitenak eta erabiltzen dutenak. Garrantzitsuena, dakigunok erabiltzea baita.

BERTSOA
Doinua: Goiko zeruan
Altzak bihotzik ez du izango "Txopo"k makaletik gutxi
bestela ezin liteke bere
palmaresera iritsi
bide berriak urratu nahi ta
zabaldu aurretik itxi:
txuri-gorria zeneko ametsei
ezin berderik erantsi.

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
Athleticen hasi berriei, lehen egunean broma klasiko bat egiten zaie aldageletan: Aldageletan bakoitzak bere txokoa dauka, beteranoek tokia hartuta izaten baitute. Eta lehendabiziko egunean azkarrago heltzen dira nobatoak (nerbioekin eta ilusioarekin...). Masajistak adarra jotzen oso zaleak dira eta taldeko sarrera hori "berezia" izan dezazun ahalegintzen dira. Aldagelan lehen aldiz sartzean hasi berria non jarri ez dakiela egoten da, eta masajistak "hortxe jarri, hortxe" seinalatzen dizu. Eta normalean "hortxe" hori jokalaririk nagusienaren lekua izaten da.
Zure arropa denak zintzilikatzen dituzu, etortzen da jokalaria, eta: "hau zeinek jarri du hemen? oraindik zuk ez duzu niri lekua kentzerik!" kexatzen da. Arropak hartuta baloi baten moduan ibili behar duzu, alde batera eta bestera. Nik Uriberi "kendu" nion lekua, eskerrak hura nahiko apala zen.

BERE HITZETAN
"Nere laguntza hoberena aitarena izan da. Eta ez futbolari begiratuz bakarrik. Ni aitaren ispilu naiz, bere karakterra dut. Neure bizitzan gehienbat estimatu dudan gizona nere aita da. Eta orain, nere bizitzako hutsunerik haundiena, aitarik eza da" (Argia, 1975-02-02)

"Gure garaian Reala eta Athleticeko jokalariak urtean bitan biltzen ginen mahai baten inguruan bazkari eder batekin elkar ezagutzeko. Getarian eta Eibarren bildu ohi ginen. Gaur egun, ez da horrelakorik egiten. Garai batean harreman estuagoa zegoen" (Euskaldunon Egunkaria, 1999-09-11)

"Eurokopa irabazi genuen garaian Yaxin zen atezain onena, SESBeko izarra. Niretzako erreferentzia izan zen. Finala amaitu zenean kamisetak aldatu genituen. Ordutik harreman ona izan genuen. Bilbon egin zidaten omenaldian ere egon zen" (Euskaldunon Egunkaria, 2000-06-11)

"Kirolari bezala, unerik gozoena 1969. urtean lehen aldiz Kopa txapelketa irabazi genuenean izan zen. Kortabarriarekin ikurrina atera nuen eguna ere gogoan dut, oso hunkigarria izan zen. Garratzena, berriz, 1977. urtean Juventusen aurka galdu genuen UEFA txapelketako finala izan da" (Euskaldunon Egunkaria, 1999-09-12)

"Francori oso ondo etorri zitzaion guk Sobiet Batasunaren aurka Eurokopa irabaztea"
(Euskaldunon Egunkaria, 2000-06-11)
CURRICULUMA
- Jaio:
Zarautzen, 1943an. Egun Sopelan bizi da.
- Atezain ohia eta entrenatzailea.

- Futbol taldeak:
Salleco (55-58 denboraldietan), Zarautz C.B (58-61), Vasconia (61-62), Athletic (62-80).

- Selekzioak:
Euskal selekzioarekin partida bat jokatu zuen 78-79 urteetako denboraldian, eta 49 partida Espainiako selekzioarekin. Egun Euskal Selekzioaren entrenatzailea da.

- Palmaresa:
Eurokopa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin 1964an. Bilbo Athleticekin, berriz, 1969ko eta 1973ko Kopa. UEFAko txapeldunorde izan ziren 1977an. Eta gol gutxien jaso dituen atezainari ematen zaion Zamora saria eskuratu zuen 69-70 urteetako denboraldian.

ARGAZKI ZAHARRA
1980-05-31, Joxe Angel Iribarren omenaldia. Bertan bildutako dirua futboleko euskal hiztegi bat egiteko eman zuen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Eguneraketa berriak daude