JAPONIA, ARRANTZALEENTZAKO MERKATU BERRIA

  • Euskal arrantzaleak Japonian merkatu berria eskuratzekotan daude. Azken hilabeteotan Japoniako Chuo Gyorui enpresako ordezkariak eta euskal arrantzaleen kofradiak negoziazioetan izan dira eta baliteke laster hegalaburra eta berdela bertan merkaturatzea.

2000ko abenduaren 10an
Euskal arrantzaleek merkatu berri bat lor dezakete beren produktuentzako, bereziki atun gorri edo hegalaburrarentzat eta berdelarentzat, euskal arrantzaleen kofradiek eta Japoniako enpresa garrantzitsu batek izan dituzten elkarrizketak bide onetik joaten badira. Japoniako Chuo Gyorui enpresa garrantzitsuaren ordezkariek Bermeo, Hondarribia eta Getariako portuak eta AZTI Arrantzaren Ikerketarako Euskal Institutua bisitatu dituzte azken hilabeteetan. Eta baliteke Japoniako beste enpresa batzuk ere euskal portuetara hurbiltzea.
Hegalabur eta berdelaz gain beste espezie batzuk merkaturatzea lortuko litzateke, hain zuzen ere, hemen hain ezagunak eta erabiliak ez izan arren Japonian oso estimatuak diren espezieak. "Atun moja" esate baterako, gure arrantzaleek oso gutxi harrapatzen dute, eta honelako erabaki batek bultzatu egingo lituzke horiek harrapatzera. Hegalaburra japoniarrek gehien estimatzen dituzten arrainetako bat da, eta, horregatik, Euskal Herrian edo inguruko herrialdeetan baino askoz prezio altuagoa du herrialde hartan. Berdela, bestalde, 20 milioi kilo harrapatzen dira Euskal Herrian bi hilabetetan, eta irtenbide ona izango luke Japonia aldera, Norvegiarekin, orain arte arrain horren hornitzaile handienarekin, lehian sartzeko aukera izanik.


MURTZIA, DAGOENEKO MARTXAN DAGOEN ESPERIENTZIA.

Une honetan, oraindik ez dago oso garbi nola gauzatuko den Euskal Herriko arrantzaleen harrapaketen merkaturatzea Japonian. Baina, dagoeneko, Espainiako Estatuan, Murtzian, bada esperientzia bat abian jarria eta, nahiz eta berez ez den euskal arrantzaleekin egin nahi den berdin-berdina, garbi erakusten du hegalaburraren kontsumoak Japonian duen garrantzia.
Murtziako enpresa batek hegalaburrak hazten eta gizentzen ditu Japoniarako. Grupo Fuentes da horretan aritzen dena. Arrain freskoa merkaturatzen eta arrain gazituak prestatzen dituen handizkako taldea da, eta hegalaburrari eskaintzen dio arreta berezia, haren prestaketa mota guztietan. Bere eginkizuna Japonian ez da arrain freskoa merkaturatzea soilik, eta hango merkatuan duen presentziak bertako industri talde indartsuen interesa piztea lortu du, Espainiako Estatuan atunak hazi eta gero Japonian merkaturatzeko proiektuei ekiteko, nahiz eta bestelako merkatuak ere sartzen diren, esate baterako Estatu Batuetakoa.
Atunaren prezioa kanpoko merkatuetan, neguko hilabeteetan, kiloko 5.000 pezetara (200 libera) irits daiteke, nahiz eta kontuan izan behar den atun hori elikatzen gastu handia egin beharra dagoela, bere haragiak herrialde horietako kontsumitzaileek eskatzen dituzten ezaugarriak izan ditzan. Grupo Fuentesen salmentak 2.000 tona ingurukoak dira, eta 12.000 pieza ingururi dagozkio. Talde honek 10.000 milioi pezetatik (400 milioi libera) gora fakturatzen ditu, eta bertako akziodun gisa ageri dira hainbat konpainia japoniar, esaterako, Mitsubishi, Maruha eta Mitsui.
Espainiako Estatuan, horretan ari diren haztegiak kanpainan zehar itsasoan harrapatutako atunak hazi eta gizentzeaz soilik arduratzen dira. Grupo Fuentesek kanpaina bakoitzaren hasieran, udaberrian eta udan, akordio batzuk egiten ditu Mediterraneoko arrantzaleekin. Harrapatzen diren atunak ur gaineko kaioletan sartzen dira itsasoan, gerora Murtzian kokaturik dauden haztegietako ur gaineko kaiola finkoetan edukitzeko.
Uztailetik abendura bitartean gizendu egiten dituzte arrain merkeagoak erabiliz. Orokorrean, itsasoan harrapatutako hegalaburraren pisua 150 kilo ingurukoa izan ohi da, eta gizentze garai horretan haren pisua %20an igotzen da. Abenduan eta urtarrilean ekiten zaio hegalaburrak hil eta zuzenean Japonian merkaturatzeari, 48 ordu soilik igaroz arraina hiltzen denetik hango merkatuan saltzen denera.


FLOTAREN APUSTU ESTRATEGIKOA.

Berritu ala hil. Badirudi hori dela euskal arrantza sektorean nagusitzen ari den goiburua. Eta horretan murgildurik dabil Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saila, sektorearen berrikuntza hori irtenbide estrategikotzat hartu duelako. Aurtengo urtea eta datorrena guztiz erabakigarriak izan beharko dute asmo hori bide onetik eramateko, zeren 2002. urtetik aurrera Europako Batasunak murriztu eta zaildu egingo baititu flota berritzeko laguntzak.
Baxurako nahiz alturako euskal itsasontziek, batez beste, 25 urte dituzte. Euskal arrantza ontzien berrikuntza ez da oraintxe bertan hasi; izan ere, urte batzuk daramatzate eginkizun horretan. 1994 eta 1999 urteen artean 84 arrantza ontzi egin ziren. Eta 1999an bertan 40 itsasontzi egin ziren, aurreko lau urteetan adina. Hala ere, zer berritu handia geratzen da oraindik. Hemendik 2006. urtera bitartean euskal arrantza ontzien %40 berritu beharko dela aurreikusten da. Azken asteotan beste 36 arrantza ontziren eraikuntza iragarri da; hartara, 15.645 milioi pezetako inbertsioa bideratuko da. Horietako gehienak baxurakoak dira, baxurako 25 ontzi berrituko dira eta alturako arrain freskoaren sektoreak 7 itsasontzi berri izango ditu. Atuna harrapatu eta izozteko bi itsasontzi eta bakailaotarako beste bi ere egitekoak dira.
Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak eman dituen datuen arabera, euskal arrantza sektoreak 455 ontzi ditu guztira; horietako 351 baxurakoak dira, 62 alturako freskoaren sektorekoak, 27 hegaluzearen arrantzarako hozkailu ontziak, 8 bakailao ontziak eta beste 7 arrasteko hozkailu ontziak. Flota honek eskaintzen duen enpleguak 8.000 pertsona biltzen ditu. Nolanahi ere, arrantza sektoreak, bere osotasunean (zuzenean eta zeharka, freskoaren eta kontserben eta izoztuen bidez), 27.000 pertsona ingururi ematen dio lana eta 500.000 milioi pezeta inguru fakturatzen du urtean.
Sektore honek Euskal Herrirako duen garrantziaz jabeturik, Eusko Jaurlaritza flotaren berrikuntza bultzatu nahian ari da, eta horretarako finantziazio bideak eta diru laguntzak eratu ditu. Hemendik 2006. urtera bitarteko itsasontzien %40 berritzeko 60.000 milioi pezeta beharko direla uste da. Eta helburu hori lortzen bada, 2007. urtean euskal arrantza ontzien %70 edo %80 etorkizunari lehiakortasunez ekiteko moduan izango da.
Eusko Jaurlaritzak eta hogeita lau finantza erakundek sinatutako akordioak 4.400 milioi pezetako laguntza ofiziala jasotzen du, eta horri guztiari akordioarekin lortutako finantziazio bide berezia gehitu behar zaio. Akordioak funtsezko alderdiak biltzen ditu: ontzigintza hipoteka onartzen da maileguak eskuratzeko berme nagusi gisa; 15 urteko epea ezarri da amortizaziorako, bi urteko ezaldiarekin. Eta gehienezko mailegua benetako inbertsioaren %60koa izango da.
Flotaren berrikuntzarekin batera arrantza ontzi berri bat diseinatuko da, egungo ezaugarri eta beharretara hobe egokitua. Zurezko itsasontzi gehiegi dago oraindik. Diseinu berriak, adituek diotenez, lanerako erosotasun eta segurtasun handiagoa lortzen saiatu behar du. Hortaz, lehenik -adituek diotenez- malgutasun handiagoko arrantza ontzia egin behar da, zeren, gaur egun, noiznahi VIII aldean ari dira arrantzan eta hurrengoan iparretik ur zailagoetara joan beharrean izaten dira sakontasun handiagoko espezieak arrantzatzera. Horregatik da hain garrantzitsua ontziaren diseinua eta ontziaren kroskoa, ezinbestekoa delako erabilera ezberdinetarako ontziak edukitzea lehiakorrak izateko.

HARRAPAKETA UGARIA
Antxoa eta atunaren harrapaketa bikoiztu egin da aurten euskal kanpainetan. Baxurako euskal arrantzaleek kanpaina ona izan badute ere, ez dira batere pozik ageri, lonjan izan den prezioa beste urteetan baino dezente txikiagoa izan baita.
Horrela, antxoaren kanpainan 17.000 tona hustu dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, eta iaz 8.000 tona izan ziren. Ez zen halako kopururik harrapatu 1986az geroztik. Alabaina, sektorea ez dago gustura prezioak jaitsi egin direlako. Izan ere, aurten kiloaren batez bestekoaren prezioa 250 pezetakoa (10 libera) izan da eta iaz 370 pezetaraino (15 libera) iritsi zen.
Hegaluzearen kanpainak ere iaz baino harrapaketa kopuru handiagoak ekarri ditu, baina hemen ere salmenta prezioak dezente merkeagoak izan dira. Horrela, aurtengo harrapaketak 9.000 tona ingurukoak izan dira lonjan , hau da, iaz baino %40 gehiago. Lonjan egin duen kiloko batez besteko prezioa 420 pezetakoa izan da, eta iaz 500 pezeta ingurukoa izan zen.
Sektoreko arduradunak ez dira pozik agertu; jarduerak lortutako errentagarritasun apalaren ondorioz, salmenta prezioek ezin baitute konpentsatu izan duten kostu igoera. Gasolioaren prezioak izan duen gorakadak gehitu ditu batez ere kostuak eta horrek mobilizazioak eragin ditu sektorean. Hegaluzearen merkatuan kalte garrantzitsua eragin dute Irlandatik iritsitako hegaluze kopuru handiek, kontuan izanik, gainera, hango itsasontziek baimendurik daudenak baino sare handiagoak erabiltzen dituztela eta, beraz, harrapaketa handiagoak egiteko eta arraina merkeago saltzeko aukera dutela.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude