NAZIOARTEKO BERRIEZ KEZKATI

  • Edozein alderditik aztertuta, tamalgarritzat jotzen zuen Z. ARGIAk Nasser-en galera. Europak ordea aldarte ezberdinak erakutsi zizkion Nixoni bere bisitan.

2000ko urriaren 15ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Hirugarren aldiz irabazle suertatua zen "Riki" txakurra Oñatiko artzain txakur txapelketan, eta bai txapelduna nola haren jabea, Etxanobe artzaina, gustura zeudela zirudien ZERUKO ARGIAren 397. aleak bere lehenengo orrialdean eskaintzen zuen argazkian. Baina hor bukatzen ziren aipatu orri horren alaitasunak. Izan ere, nazioarteko berriak edonor kezkati uzteko modukoak ziren: batetik, Gamal Abdel Nasser, Egiptoko lehendakari errespetatua, hil berria zen. Eta bestetik, "Nixon Europa aldean" zebilen.


ARABE ZEIN EGIPTOARRAK GIDARIRIK GABE.

"Zartada latza izan da mundu guziarentzat Nasser-en eriotza", baieztatzen zuen gure aldizkariak, agintari egiptoarrari eskainitako artikuluaren hasiera gisa. Hori egia izan zitekeen, neurri batean behintzat. Fidel Castro, esate baterako, bat zetorren Nasser-en heriotza "zartada latza" izan zela baieztapenarekin, nahiz eta "mugimendu iraultzaileentzat" zehaztapena gehitzen zion hark... Dena dela, "beldurgarrizko utsunea utzi" zuen egiptoarrak, Palestina eta Jordaniaren arteko bake ituna lortu ondoren, etxera itzuli eta bihotzekoak jota hil zenean. ZERUKO ARGIArentzat "garbi" zegoen "zerek erail" zuen: "politikak". Arrazoia? "Ongi zekian Nasser-ek, beste inork ezin zezazkeala Arafat eta Hussein mahai baten inguruan bildu ondoren, bake-bidean jarri, berak ezik" eta "ekintza honetan joan zaizkio bere gorputzaren azken indarrak. Gaixo zelarik jakin arren, ezin ordea utzi bere eginkizuna bete gabe. Ekintzazko testamendu ederra: Arabetar anaien artean bakea sortzen bere indarrak galdu! Orain arabetarrek gidaririk ez dute".
1952. urtean Egiptoko Faruk erregea bota eta 1954an bertako agintea eskuratzea lortu zuen gizonak egindako lanak gogoratzen zituen gero. Hasteko, "zapalduta lo zegoen erria esnatu" zuen, zeren "batipat hori zan Nasser: abertzalea. Ezin zezakeen bere erria ingles eta frantsesen menpean ikus. Hortarakotz 1956-gnean. Suez nazionalizatzen du nahiz eta bere agintaritza arrixku gorrian jartzen duela jakin". Hala ere, zortea bere alde jarri bide zitzaion, horrela borobiltzen baitzuen paragrafoa gure aldizkariak: "Irabazle gertatu zen". Baina bazuen beste eginbehar frankorik gizonak. "Beste borroka bat ere egin behar izan zuen, erria zapaltzen ari ziren Ejiptotarren aurka. Hobeki esateko, inperialistek ba zeuzkaten Ejipton, beti izan ere, beren serbitzuko morroi batzuk: feudal eta dirudun finanziero jendea" eta, noski, "hauek zapaldu, bota egin behar ziren". Izan ere, "hauek ziren traidorerik andienak. Erria zapalduta zeukatenak. Auek baztertuaz erria indarberritu zen".
Bestalde, "beharrezkoa zen industri berri bat sortzea. Beharrezkoa zen Ejipto industrializatzea, berritzea. Assuango presa jasotzea elburu honen barruan sartzen zen". Eta gauza ederra, horren guztiaren ondorioz, "nahiz eta oraindik ez lortu, esan diteke Ejipto industrializazioaren bidean zehar abiatu dela".
Ezin hemen jaso "abertzale borrokatua eta arabea, Ejiptoren etorkizuna eta arabeena elkar loturik zeudela garbi ikusi zuen" gizaseme horri buruz aldizkarian esaten zen oro, alegia Nasser lehendakariaren meritu guztiak. Baina aipatzekoak dira, bere heriotza zela-eta, euskal kazetak mahaigaineratzen zituen galderak. "Orain zer gertatuko da? Zer gertatuko da Ejipto barnean eta arabeen artean? Reakzioario jendeak zer joko egingo du? Eta iraultzailleek? Lortuko al dute aldakuntza sakon bat lurralde hoietan? Egoera egokia al zaiote orain? Rusiak eta Ipar-Amerikak utziko al diete?".


ESTATU BATUAK ISRAELEN ALDE.

"Zer egin zezakeen oraindik Sobietar Batasuna izaten jarraitzen zuen hark ikusteke bazegoen ere, Estatu Batuen jarrera asmatzea, aldiz, ez zen oso zaila, egun batzuk lehenago, Richard Nixon jaunak, garaiko lehendakariak, mila milioi dolar eskainiak baitzituen Israel armaz hornitzeko. Eta hori gutxi balitz, Estatu Batuetako VI. Flota Mediterraneoan egotea nahita nahiezko zela aldarrikatu... Baina beste gai bati lotzen zitzaion ZERUKO ARGIA "Nasser" horren aldamenean kaleratzen zuen "Nixon Europa aldean" artikuluan. Antza denez, oso jarrera ezberdinak agertu zituzten europarrek Nixoni harrera egiterakoan eta, hain zuzen ere, horixe zen artikulugileak burubelarri zeukan kontua.
"Esate baterako, Yugoslabiako komunistek, Nixon txalo beroz ar zezatela adierazi zioten erriari. Italiako komunistek berriz, txistuka eta ahal zanik txalo gutxienik joaz ar zezatela. Zer dala-ta? Italiako komunistak yugoslabiakoak baiño gogorragoak ote dira? Edo ta Adriatiko Itsasalde batetan egia dana gezurra ote da bestaldean?". Galdera hauen guztien erantzuna, jarraian aurki zezakeen irakurleak: "Bai Nixoni bai edozeiñi, nondik begiratzen zaien, ikuspegi ezberdiñak jasotzen dira. Izan ere, Ipar-Ameriketako indarrak ekonomi aldetik eta militar aldetik begira ditezke. Bestalde, Italiako Komunista Alderdia orain oposizioan dago eta Yugoslabiakoa, agintari". Beraz, "ez da arritzekoa lehenbizikoek amerikar-iskilluei txistuka erasotzea eta bigarrenek bere serbitzurako dauden dolarrei txalo jotzea".

"SUSTRAI BILA" LIBURUAZ OHAR BAT
Larresoro, 1970-X-11
Ene liburua agertu ondoren, kritika batzuk izan ditut, eta bihotzez eskertu nahi ditut denak. "Iritzi/iritzi" aditzaz idatzi dudana osatu eta zuzendu beharra erakutsi dit, batez ere, Mitxelena jaunak. Eta prestatzen ari naizen "Sustrai bila II" delakoan agertuko da. Aditz hori "defektibo" gisa erabiltzen da aspaldi honetan (ikus Laffitte-ren 'Grammaire Basque', esate baterako, 332; edo-ta, Azkue'ren 'Morfologia', 558, oso hurri. Azterketarik sakonena Ithurry-ren 'Grammaire Basque' bikainak dakar, 334-39). Ez da behin ere ageri, halere, bi adieraz-pideen batasun funtsezkoa.
Hau, ordea, Mitxelena-k etsenplu bikainez argitu didanez, segurua da.
Bidezkoa da, beraz, ene iritziak osatzea eta zuzentzea. Eta bigarren atal horretan hala egiten saiatuko naiz.

EZ, ETA EZ GAUDE KONFORME IRAKASLEEK
Mª Isabel Aldasoro, 1970-X-11
Baina konforme gauden puntu batetik hasiko gaituzu: "Diplomazi ezti eta gozoko denborak joan ziren". (...) "Hori adiskidetasuna, hori demokrazia" bi esaera hauek dela bide, hona gure erantzuna: Nor da nor demokraziaz hitzegiteko? Lehenik, eskerrak ematerakoan inor ez ahaztea izango zen adiskidetasuna. Loiolako kurtsilloen prantaketan gogotik lan eginiñiko andereñoak ba ziren, eta zer esanik ez ikastaldi barruan. Buru-belarri besteek konpondu gabe uzten zituzten zuloak hornitzen ibili arren, ez dute idatziz, ez hitzezko, eskerrik hartu. Edo beste honako hau izan al daiteke? Titulo ofizial bat agindu zitzaien igaz andereñoei. Inola ere ez daukagu titulo baten baitan gure eginkizuna, baina giroak bultzatzen gaituenez, joan ginen horren bila ere, bai. Igaz ez zuen ofizialtasunik; aurten are gutxiago, "euskeraz" idatzirik izanagatik. (...) Edo-eta hirugarren hau izango da. Lehengo urteko ikastaldiaren ondoan, eztabaida bat izanik gure artean, Lasa jaunak, zuzendari bezala, kontuak eta kursilloko informazio sakon bat azalduko zeuzkigula hitzeman zeukun. Baina... ez zen horrelakorik gertatu. Aurtengoan, berriz, matrikula eta ostatu, bi mila eta bostehun pezeta dauzkigute. Garbi geldi dedin diogu: halere, beti eta une oro diru hau ordaintzeko prest egon ginela guztiok. Zera izan zen kezka bakarra gure baitan, alegia, aurreko ikastaroa (uztailean Loiolan bertan irakasleok organizaturik izan zena) zortzi eguneko ikastaroa, zortzirehun eta berrogei eta hamar gostatu zen guztira; orain berriz, hamabi egun izanik, nola zitekean alde hori? Eta garbi geldi dedin diogu, diru hori zertan eralgi behar zen azal zezaigutela eskatu genuen. Hori bakarrik! Azkeneko eguneraino zain eduki gintuzten, eta azkenean, EZ! esan zitzaigun, ez genuela hori eskatzeko eskubiderik. (...) Gauza bat ere ahaztu zaizu, Lasa jauna, eta hau garbi esan zitzaizun, dirua ordaindu zutela; alegia, ez zutela berentzat gorde andereñoek. Zuen eskuetara ez baldin bazen heldu, ba dakizu zergatia: eskatzen ez genuen azalpena eman ez zenigutelako. (...)

KILI-KILIREN IBILLALDIAK
Abeletxe, 1970-X-11
Kili-Kili, 8.000 umeri euskeraz irakasten dabillen mutiko ospetsua dozue. Ikusiko dozuezan argazkiak, barriz, 1969-1970.eko ikastaroan sarituak izan diradenak dira.
Aundikiro egin dabez euren ibillaldiaz 12 autobusetan. Euretariko bi, autobus bi, Bizkai, Araba, Nafarroa ta Gipuzkoan zear ibiliak dira, iru egunetan. (...) íBa-zan antxe alaitasuna, euskera ta zoriona! Itz bat etxakoen entzun erderaz. íAngo kanta, dantza, biribilketa, soka-saltoka ta soka-tiraka! Eten barik iru egunetan. Beste batzuk, Bizkai-Gipuzkoatik ibili ziran. Ondorengoak, Bizkai barrutian. Guztira, 720 kili-kilitar izan dira ibillaldi orreikin sarituak. Enparauei barriz, idazti politak opaldu deutsez. (...) íBejondeiala Kili-Kili bikain orri! íNortasun aundia lortu dok eure ikastaro berdinbako orreikin! (...) Gerorako, batek daki zertzuk asmo darabilzan. 1980-garren urtean, amar urte barru, Marte-ra eroango ei-ditu kilikilitar guztiak, illabeteko eskursiñoan. (...)


Azkenak
Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


Eguneraketa berriak daude