IREKI KAIOLAKO ATEAK EUSKO OILOA BABESTUKO BADA

  • Oilo gehienen etxebizitza edo kartzela granjak dira. Kaiolako ateak itxita dituzte, arrautza ugari eman dezaten eta gure plateretara lehenbailehen irits daitezen. Askatasunean bizi direnak ere badira, hauei eskerrak "eusko oiloa" arrazak biziraungo du.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Goizean goiz oilarrarekin esnatzen da oilategia eta iluntzean argiarekin batera erretiratzen dira. Bitartean, marmar eta zalaparta artean, eguneko egin beharrei aurre egiten diete. Oso gustukoa dute lurra aztakatzea, noizik eta behin mokadu goxoren bat aurkituz. Oiloa animalia apaina da eta denbora asko igarotzen du lumak atontzen. Baina ez pentsa hegazti pertxenta hau hain berekoia denik, egunero arrautza bat jarri ohi du. Oilarrak estaltzean, oilo loka habia prestatu eta arrautzak berotzen hasten da. 22 egunetara txita jaio eta berauen hazkuntzaz arduratzen da. Txitatxo emeak oilanda bihurtzen dira eta txita arrak aldiz oilasko.
Oiloa Euskal Herriko baserrietako etxabere ohikoena da. Gorputz borobila, moko sendoa, gingila eta gandor gorriekin, hego motz eta biribilduak dituen etxeko hegaztia dugu. Hegaztia izan arren ez da hegalari trebea, baina sarri ikusten da garaiera gutxiko puntetan.
Asiako hego-ekialdekoa da eta Gallus bankiva du aitzindari. Euskal Herrian, antzinatik erabilia izan den hegaztia da: euskaldunen lehen lanbidean, artzaintzan, bada oiloen arrastorik. Bordetan oilategiak egoten ziren.
Artoaren etorrerarekin asko ugaldu ziren oiloak eta baserrira loturik mantendu aurrerantzean. Arto, gari, garagar eta oloz elikatzen ziren. Etxekoandreek, sukaldeko hondakinak aprobetxatu nahian zaperoa egiten zuten: arto-irina, patata txikiak, azalak eta beste hondakinekin bildu eta orea egin ondoren, oiloei ematen zitzaien.
Beren mantenuan ez zen sosik gastatzen eta baserrian gutxitan lortzen zen aparteko dirua ematen zuten. Batez ere, oilasko eta arrautzak saltzen ziren. Oiloak etxerako hil eta konturik onena. Dendetan askotan ordainetan olioa, xaboia edo kafea lortzen ziren. Saltzeko orduan diru gehiena plazan biltzen zen. Saltzeaz gain ohitura zen oilaskoak herriko apaizari eskaintzea udaberriko bedeinkazioen truke. Kapoia aldiz, etxeko errenta ordaintzeko izaten zen eta Santo Tomas egunean jabeari ematen zitzaion. Kapoia oso estimatua izan da betidanik eta non nahi. Hala nola, k.a. VII. mendean Bibliako testu zaharrenetan ("Pentateukoa") ere ageri dira bere lapikoko dohainak. Kapoia, irantzitako oilaskoa da, 5 kilo egin arte ondo gizentzen dena. Oilaskoari ebaki txiki bat egin eta kontu handiz "koxkorrak" kentzen zaizkio. Ondoren, gandorra ebakitzen zaio ebakuntza amaituz. Sufrimendu hau guztia haragi samur eta azal fineko jaki preziatua lortzeko egiten da. Ebakuntza ondo egiten ez bada eta barrabilak bidean hautsi edo mintzen bat barruan geldituz gero, kapoiak oilarraren ezaugarriak garatzen ditu. Oilarraren itxura duen kapoi honi kaponarra deritzo eta honek ez du kapoiaren estimazioa lortzen. Gainerakoan, oilaskoak ez zuen zaintza berezirik behar. Hala ere, bazituen etsai natural batzuk: arratoi, azeri, zapelatz eta mirua kasu. Behin baino gehiagotan, basapiztiak mastrikaturiko oiloak agertu dira landetan.
60ko hamarkadan nekazaritza inguruneak hustu ziren eta granjak sortu. Ekipamendu eta teknologian diru inbertsioak egin ziren arrautza ekoizpena handituz. Baserrietara ere industriako eredua zabaldu zen eta honekin batera oilo arraza. Industrian erabiltzen den arraza hau oso uniformea da, bai arrautzetarako erabiltzen den oiloaren kasuan eta baita oilaskoen kasuan ere. Pixkanaka, bertako oiloa galtzen joan zen. Gaur egun, oiloak kaiolatan izaten dira. 5 hilabeterekin kaiolatan sartu eta urtebete arrautzak ipintzen jardun ondoren, hiltegira eramaten dituzte. Oilandak 10 bat gaixotasunen aurka txertatu eta kaiolatan sartzen dira. Gaixotasunei aurre egiteko prebentzioaren aldeko apustua egin dute, txertoetan eta garbitasunean oinarrituz. Teknologian inbertituz oiloen duintasuna galdu da.

Oilategiko ateak zabalik
Oilategiko ateak zabalik
Gizakia unibertsoko errege delakoan dabil azkenaldian. Mundua bere menpe hartu eta bere onura soilagatik aritzen da. Berekoikerian murgildurik beste bizidunak suntsitzen ari da eta tarteka animaliaren bat edo beste hautatzen du bere beharrak asetzeko. Animalia askok ez du bizitza propiorik ere, gizakiak eskuetatik kendu dio. Kaiolatxo batean jaio eta, asko jota kamioi batean astindu bat hartu ondoren, etxe zuri batean elektrokutatzen dituzte.
Batzuk elikatzeko sakrifikatzen dira baina, beste batzuk beroki bilakatu edota entretenimentu hutsagatik akabatzen dira. Gizakiaren elikadurarako hazten diren animalien artean ere sekulako desberdintasunak daude. Erlearen kasuan, naturak eskaintzen dion bizitza darama, gizakiak eztia kendu arren ez dio inongo kalterik egiten. Beste muturreko kasua granjako oiloarena da.
Oiloaren bizi osoa bi granja eta hiltegi batera mugatzen da. Arrautzatik irtendakoan ez du amaren goxotasunik topatuko, bonbila baten argitasuna baizik. Handik 5 hilabetera bere lankideekin kaiola batean sartuko dute. Lanari ekingo dio, arrautzak jartzeari hain zuzen, eta egunero bat jarriko du urte luze batean zehar kaiolatik irten barik. Itzaleko bizitza honetan, noizbait argazki bat ateratzen badiete flaxarekin sekulako trauma eragiten zaie, egun batzuetako arrautza ekoizpena jaitsiz. Urtebetera, azken bidaia, hiltegira.
Kalitatearen aldeko apustuan oiloen duintasunera hurbildu da Esteban Atxa abeltzaina. Bere oilategia ez da batere ohikoa. 3.000 oiloko oilategia du, pabilioi moduko eraikuntza batean. Oiloak ez dira kaiolatan bizi eta egunero oilategiko ateak ireki eta kanpora irteteko aukera dute. Animaliaren tratu ona mantenduz produkzio industriala eman daitekeenaren adibide garbia dugu bera. Ez da erraz buruturiko ekoizpena. Larrera ateratzearekin arazoak emendatu egiten dira. Garbitasuna gehiago zaindu behar da, parasitoak ugaldu egiten baitira. Kanpoko hotza dela eta katarroa sarriago agertzen da. Oilategi berezia dute. Jateko, edateko eta aireztapenerako instalakuntza propioak dituzte. Honek guztiak, teknologian inbertitzea eskatzen du.
Esteban Atxaren oilategi alternatiboa eraikuntzaren beheko solairuan dago eta 3.000 oilo daude bertan. Lehen solairuan aldiz, kaiolako oiloak daude, solairuaren erdia okupatuz 18.000 oilo daude kaiolatan. Beheko oilo bakoitzak arrautzak jartzeaz gain, bizitza propioa ere badu eta bere arrautza produkzioa murriztu egiten da. Kaiolatako oiloen produkzioa ordea altuagoa da. Hau dela eta, arrautzaren prezioa igo egiten da, baina Gipuzkoan harrera ona izan du produktu honek. Bertan, kalitatezko arrautza oso estimatua izan baita

"Eusko oiloa" arrazak ez du desagertu nahi
"Eusko oiloa" arrazak ez du desagertu nahi
Oilo arrazak ere industrializazioak eraso zituen. Oilategira begiratuz gero, hegazti uniformatuak ikusiko genituzke. Tamaina eta kolore berekoak. Arrautzek ere seriekoak dirudite. Ekoizpen aldetik inongo galerarik gabe. Bertako oiloa ia galdua zegoenean, berreskuratze lanak hasi ziren. Duela hamabost urte INIA-ren Animali Genetikako sailan, Fernando Orozko ingenieriaren zuzendaritzapean lanari ekin zioten. Oiartzungo eta Ordiziako bi baserritan topatu zituzten aleak. Pixkanaka arrazaren ezaugarriak definitu zituzten: pisu ertaineko hegaztia, arrautza ekoizpen ertainekoa, azal iluneko arrautza jartzen duena, belarri gorriduna, gandor ilara bakarrekoa eta hanka horia. Arraza honetako oiloak gurutzatuz, eusko oiloaren barietateak agertzen hasi ziren: gorria, marraduna, zilarra eta beltza. Lepa soila ez dute oraindik barietate modura zerrendatzen, gorrien barruan ezaugarri modura baizik. Gorria eta beltza koloreagatik bereizten dira. Zilarra, luma zurikoa da eta marraduna, gorriaren antzekoa izan arren pintoa da. Zilarra, gorria eta beltza kanpoko arrazekin erlazionatuak egon daitezke. Marraduna soilik kantauriar isurialdean ageri da eta beste arrazen artean ez du antzekorik. INIA-koek hasitako lanari Eusko Oilozaleen Elkartekoek heldu diote. Elkarteko kideen artean jarraitzen dute oilo arraza honen hobekuntza lanetan. Donostiako Zabalegi Nekazaritza Eskolan daude oiloak eta bertatik elkarteko kideei banatzen zaizkie loteak. Kideak mota askotakoak dira, baina gehienak oilo gutxi dituztenak dira. Esaterako Mari Karmen Urangak 50 oilo ditu. Etxerako hazten ditu oilo eta oilaskoak. Ekoizpenaz gehiegi arduratzen ez bada ere, kalitatea du helburu. Oilasko eta kapoi ale ederrak izaten ditu, baita sariak lortu ere. Arrautza kopurua ez du helburu, baina ez dago arrautza hauen parekorik. Mari Karmenek dioenez, batzuk kaskarrak gelditzen dira eta beste batzuk arrautza jartzaile paregabeak dira.
Oilo hauek basatiak dira. Izotza bota arren, gustuko dute kanpoan gaua egitea. Animalia izuti eta biziak dira, gihartsuak. Arraza honetako oilaskoak haragi trinko eta zaporetsua izaten dute. Arrautza jartzaile eskasak dira, ordea. Produkziorako orokorrean, oso irregularrak dira. Argi dago, arraza honek oraindik ez duela diru aldetik irabazi handirik, baina edozein arraza etxetiar eta bertako gordetzeak duen kultur balioaz jabetu behar dugu


Azkenak
Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


Eguneraketa berriak daude