IRUDIAK, LAZTANAK ETA ETORKINAK BIO ETXEAN LAGUN

  • Mamitsu datoz Biarritzen eta Iruñean egingo diren Udako Euskal Unibertsitateko ikastaldiak. "Elkarrengandik ikastea" goiburuari eutsiz eta lagungiroan beti ere, aurtengo 28. ekinaldian eskainiko diren 35 ikastaro oparoen artean bost nabarmendu ditugu.

2000ko uztailaren 09an
Sarasua anaiek behin abestu zuten: "Larraonara gatoz txalo batzuen bila... bihar etziko langabetu pila". Txaloak jaso bazituzten ere, oker zeuden, orduko "bihar etziko" lan hark pilarik ez du utzi-eta. "Garai hartako etsipenak ez dira oraingo berak. Orain, ezagueraren gizartea iristear dagoela, prestakuntza norberaren garapenerako giltzarria da, lehen bezala, norberarena eta gizartearena" dio Xabier Isasi UEUko zuzendariak. Aurtengo ikastaldiak hiru jakintza eremutan banatu dituzte: Artea eta Komunikazioa, Giza eta Gizarte Zientziak eta Zientziak. Horien guztien artean bost azpimarratu nahi ditugu, ikastaroen edukietan dagoen eskaintza anitzaren adierazle: Biarritzen egitekoak diren hiru: "Irudia eta historia", "Sexologia" eta "Euskal "Euskal Herri@.kom?" eta Iruñean aldiz, Kazetaritzako "Hitchcock-en armiarma sarea" eta Fisikaren barruan dagoen "Bioklimatika: eraikuntza ekologikoak".


Irudia eta Historia, Hitzak baino azkarragoak

Historia irakasle eta historiazale guztiei zuzendua dago "Irudia eta historia" ikastaro erakargarria, uztailaren 10etik 13ra.
Gaur egun historiaren irakaskuntzak duen erronka garrantzitsua alde didaktikoa lantzea da. Ikasgai bat azaltzean entzuleen interesa bereganatzeko modurik onena topatzea izaten da ikastetxe zein unibertsitateetako ikasle nahiz irakasleen kezka; horrela, klase magistrala baztertzea eskatzen da. Baina betiko klase magistrala aipatzen denean, zeri buruz dihardugu? Eta honen ordez zer eskaini? Ikastaro honetan, beti ere irudiaren gizartean bizi garela kontuan hartuta, gai historikoak azaltzeko irudia nola erabili jorratuko da adibide batzuen bidez. Era berean, Euskal Herrian gero eta erakunde gehiagok hartzen duenez irudi historikoa gorde eta artxibatzeko ardura, hauetako batzuen lana ezagutzeko parada ematen da; Euskadiko Filmategiaren eginbidea esaterako, Martin Ibarbia zuzendariak azalduta.
Iban Zaldua EHUko historia fakultateko irakasleari bururatu zitzaion gaia. Berak dioenez, "urte askotan historia azaltzeko lehengaia testua izan da, irudiaren indarra eta zehaztasuna itzalean utziz. Baina ez dago dudarik irudiak, bere zentzurik zabalenean hartuta, argazkia, komikia eta zinema, tresna baliagarriak direla historia irakasteko".
Orain, ikus-entzunezkoen gizartean bizi garela, bide berriak urratu behar dira irudiek testuari iragana arakatzen eta argitzen lagun diezaioten. "Horren harira komikia ere helduleku aproposa izan daiteke testuetan murgiltzeko, horra hor Asterix komikia, Cesarren garaia irudikatzeaz gain, Frantziako gizartearen adierazle ere badena. Zinemarekin beste hainbeste egin daiteke, testu iruzkinen osagarri eta baliabide didaktiko gisa".
Hona hemen ikastaroko hitzaldien nondik norakoak:
"Ondarearen azterketa integrala bideo emanaldi baten bitartez. (Deba Goieneko adibide bat)" Xabier Larrañaga UNEDeko irakaslearen eskutik; "Historiaren desmitifikazioa: Asterix eta Obelix" izango du hizpide Isidora Emborujo EHUko irakaleak; "Zarauzko Fotomuseoaren aurkezpena"; "Amerikaren irudia" Oskar Alvarez eta Idoia Arrieta irakasleek azaldurik, "XX. mendea irudietan barrena" Josu Chuecaren eskutik; "Herri bateko historia: Biarritz, bisita gidatua" eta "Zumalakarregi museoaren aurkezpena" egingo du Mikel Alberdi museoko teknikariak.


Sexologia. Gizonezko gutxi

"Erdu eta bihur ditzagun hitzak haragi" izenpean Sexologia ikastaldia egingo da, uztailaren 10etik 13ra bitartean. Norberaren esperientziatik abiatuz, kontaktuak lantzerakoan eta harreman sexualak edukitzerakoan gorputzarekiko zein muga aurkitzen ditugun aztertuko da ikastaro honetan. Oztopo hauen kontzientzia hartuta, jokoen bidez landuko dira, laztanen tailerra oinarria izango delarik.
Helburu nagusia pertsona sexudunak garela ohartaraztea da, gure gorputza landu eta norberak dituen mugak eta oztopoei aurre eginez. Talde dinamikaren bidez banakako lanak, taldeko lanak eta ariketa praktikoak egingo dira.
"Parte hartzaileek irekita egon behar dute talde dinamikan sortzen diren ekimenetan murgiltzeko. Guk, jakina, iradokitu egiten dugu, ikasleek, hasierako lotsa eta beldurra gaindituz, sentsazioak elkarrekin landu eta senti ditzaten" argitzen digu Eli Olaskoaga sexologoa eta Hirusta kolektiboko kideak.
Azken unera arte ez dute jakiten zenbat gizonezko eta zenbat emakumezkok parte hartuko duten, "jakinminez egoten gara beti, nahiz eta normalean oso gizon gutxi animatzen den. Sexualitatea modu garbiago bizitzen dutelako izan daiteke, emakumeak aldiz, barneratuago izaten du.
Dena den, beldurra eta aurreiritziek ere zerikusi handia dute oraindik. Alde batetik beti da aberasgarria gizonezko gehiagok izena ematea, modu horretan bat baino gehiagoren sexualitatea ere ezagutuko genukeelako; baina bestetik, ez da ezinbestekoa, azken batean, ikastaroaren muina norberaren sexualitatea atzematean datza-eta".


Zientzia Politikoak. Batzuek eta besteak

Soziologia eta Zientzia Politikoen baitan, uztailaren 10etik 13ra "Euskal Herri@.kom?" ikastaldiak gaur egun gurean ematen den eztabaidaren mamira jotzea du helburu, alegia, komunitaterik ba ote dugu Euskal Herrian? Edo eraiki beharra ote dago? Hala balitz, zeren arabera? Ikuspegi unibertsal batetik edo ikuspegi komunitarista batetik? Nondik eta nora abiatzen da Euskal Herria? Hiritik herrira, herritik hirira... Izan ere, gizartearen eraketak hainbat kezka pizten du herri honetan: zer nolako oinarriak beharko lituzkeen, beharrezkoa ote den, egiteke dagoen, nola, zein aktorek hartuko luketen parte,... Ikastaro hau galdera horiei erantzuna ematen saiatuko da, beti ere gaiaren zabaltasunak eskatzen dituen zehaztasunak emanez. Horretarako, baliabide ugari erabiliko da, esate baterako: egon daitezkeen diskurtso ezberdinak, dikotomikoak, osagarriak, berritzaileak... Gaia hiru zatitan banatuko da. Lehenbiziko egunean eztabaida teorikoari utziko zaio tartea, bigarren egunean komunitate politiko eta sozialari eta, azkenik, hirugarrenean, hizkuntza eta komunitateak izango dira mintzagaiak.
Gisa horretan, Emilio Lopez Adan "Beltza" idazleak "Herritasuna eta ziudadania politikoa" izango du aztergai, Xabier Aierdi EHUko irakaslea ostera, "Herritik Hirira: beharrezko transizioa" gaiaz ariko da eta, Jagoba Zulueta "Hizkuntza komunitatea Euskal Herrian" gaiaren inguruan. Geo Politikan doktore den Julen Zabalok "Hizkuntza ez da (beti) arima" gaiari helduko dio. "Inmigranteak Euskal Herrian" hitzaldiaren haritik, Miguel Angel Elorzarekin batera ariko den Cesar Martinez hizlariak dioskunez, "globalizazioaren testuinguruan, Europak datozen urteetan biziko duen etorkin uholdearen arazoaz mintzatuko gara. Europako Batasunak 'Apartheid? kutsua duten neurriak hartu ditu, herri txiroetatik etorritako etorkinei sarrera debekatuz eta sartzea lortu dutenei oztopo eta trabak jarriz. Beraz, eredu ideala zein litzatekeen azalduko dugu".
Bestetik, inmigranteen etorrera Euskal Herrira izango dute eztabaidagai. "Gurera etorritako etorkin gehienek, euskara ez dela beharrezkoa ikusirik, bizkarra eman diote gure hizkuntzari, horrek euskaldunengan sortzen duen etsipenarekin, elkarbizitza kaltetzeraino. Gainera, oraingo egoera politiko petrala dela eta, abertzaleei etorkinak baztertu nahi izatea leporatu izan zaie. Errealitatea zeharo bestelakoa da baina, euskaldunek harrera beroa egin baitiete beti kanpotarrei, herri honen eraikuntzan parte har dezaten" gehitzen du Cesar Martinezek.


Kazetaritza. Hitchcock, gehiegi zekien gizona

Iruñeako ikastaroen baitan eta uztailaren 17tik 21era, "Hitchcock-en armiarma sarea" ikastaroa dugu, zinegile ingelesaren zinemaren gaineko begirada, irudiaren teoriaz eta filmen muntaiaz hausnarketa egin nahi duten komunikazio arloko ikasleei zuzendua. Ainhoa Fernandez de Arroyabe eta Olatz Arregi irakasleen eskutik, ikuslea harrapatzen duten filmen estrategia nagusien garapena eta bilakaera aztertzea du xede ikastaldi honek. Eta nor hobe horretarako Alfred Hitchcock baino? Bere zinemaren izaeraren inguruan sortu eztabaida non pausatzen den ere finkatu nahi da. Alegia, zinema nola ulertzen duen eta bere lanak sortzeko ikus-entzunezkoen tresnak nola erabiltzen dituen jorratuko da. Horrez gain, egitura formalen logika arakatu, eta istorio bat kontatzeko eta ikusleeengan zirrara pizteko erabiltzen duen narrazio moldeetara gerturatuko dira, oinarrizko duen bere tresnari bereziki erreparatuz, muntaia, alegia, ariketa praktikoak barne. Orobat, "Vertigo" filma eredutzat hartuz, sortzaile honen unibertso sinbolikoaren inguruko hausnarketa ere egingo da, hala nola, emakumeen (ilehoriak gehienetan) zeregina bere filmetan eta heriotzaren estetika.


Fisika. Ongi etorri Bio-etxera

Azkenik, Fisika eta ingeniaritzako ikasleei zuzendua, "Segi dezagun izadia kutsatzen, arraioa!" eta "Bioklimatika: eraikuntza ekologikoak" gaietan sakontzen duen ikastaroa egingo da, uztailaren 24tik 28ra bitartean. Globalizazioa dela medio eta tokian tokiko ezberdintasunak kontuan hartuta, ikastaro honek bi gai ukituko ditu nagusiki: bioklimatika eta kutsadura.
Kutsadurari dagokionez, ikuspegi desberdinak uztartuko dira, ingurumenaren kutsadura gero eta ikuspegi berritzaile gehiagotik arakatzen ari baita gaur egun. Zenbait kutsadura mota eta horien eraginak aurkeztuko dira: material biodegradakorrak, ozonoa, kutsadura elektromagnetikoa, espazio eta ibaietako kutsadura, hondakin erradioaktiboak, airearen kalitatea eta trafikoa, eta abar.
Bestalde, bioklimatika deritzonean sakonduko dute, hau da, betiko eraikuntzan erabilitako irizpideak baliatzen dituzten eraikinetan. Adibidez, orain ez bezala, Euskal Herrian antzina erabiltzen ziren eraikuntza irizpideak ingurumena, eguraldia eta bertako baliabideekin zein psikologiarekin bat zetozen. Ikastaroan beraz, bioklimatikako zenbait kontzepturen oinarrizko azalpen fisikoa eta zenbait efekturen erabilera miatuko da. Ondoren, Euskal Herrian funtsezkoak izan diren eraikuntza materialak jasaten duen prozesua aztertuko da Bioetxe Eraikuntzak enpresako burua den Josu Jauregiren eskutik. Zura, prezeski, basoan dagoen arbolatik hasita baserriko zutabeetaraino. Zurezko eraikuntza, basotik egongelara, eta Bioklimatikako irizpideak erabiliz eraikitako etxea, adibide bat pausoz pauso. Hurrengo pausoan, etxe baten eraikuntzaren azterketa birtuala egingo da teknologia berriak erabiliz. Amaitzeko, teoriari adibide zehatzak gehituko zaizkio irteera baten bitartez


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude