"SEKRETUA? BEREZKO SENA JAINKOAK EMAN ZIDAN"

  • Honezkero egun batzuk paseak dira Eratsungo maisu handiaren berragerpenetik, eta dagoeneko jakingo duzu, irakurle, nolako maila eman zuen eta zein harrera egin zitzaion Arrasaten. Gu, aurrez, aste horretan bertan hartu gintuen Iruñeko Jolaskide gimnasioan eta urduri somatu genuen, "debut"aren zain. Ez da ez ohikoa 45 urteko zakur zaharraren ahotan beldur hitza entzutea, baina bazuela, ez zekiela gorputzak nola erantzungo zion eta duen maila ez erakusteko kezka zuela aitortu zigun. Baina, horrez gain, bere karreraz mintzatu ginen, pilotaren osasunaz, materialaz, apustuez, afizioaz. Pilotaren azken bi hamarkadetako erreferente nagusienetakoak garbi hitz egiten du, zuzen, saihesbiderik gabe. Guk ere ez genuen zale orok egiten duen galdera saihestu: non du muga? Noiz arte ikus ahal izango dugu?

2000ko uztailaren 02an
Pilotan hasi aurretik aizkoran ere jardun omen zenuen. Gogora ekarriko al dizkiguzu zure hastapenetako lehen urte haiek? Hogeita koska urte pasa dira jadanik.
Pilotan hasi nintzela izango dira hogeita hamazortzi urte. Umetatik hasita, eskolan betiko afizioa hura izaten zen. Aizkoran ez naiz ibili izan; bai, etxeko lanetan, lote bat egiteko edo egurra ekartzeko, pixka bat ibili dut aizkora eskuan, baina aizkora munduan ez naiz inoiz saiatu.

Basoan izan omen zinen Alpeetan...
Bai. Gaztetan pilotan hasi nintzen, eta infantiletan eta jubeniletan nenbilela, tarte batean, basora joan nintzen lan egitera. Zortzi hilabete, denboraldi bat pasa nuen basoan, Frantziako Alpeetan. Horrek fama izugarria eman zidan, etiketa horrekin gelditu nintzen; "El ex-leñador de Erasun" esaten zuten. Baina badira ni baino urte gehiago pasa dituztenak basoan eta hobe litzateke niri baino haiei elkarrizketa egitea.

Zure osaba (Retegi I.) pilotaria izateak eragin handia izan zuen zuk ere bide hau hartzeko.
Gure familian eta gure herrian oraindik ere afizio oso handia dago. Herriko plaza erabat okupatua egoten da pilotan jokatzeko. Nik zorte handia izan nuen: osaba txapeldun handi bat zela momentu hartan. Berak aholku asko ematen zizkidan eta nik nahiko ongi hartu nizkion. Etxean txapeldun bat izatea abantaila handia da eta aprobetxatu ere egin nuen.

1980an 25 urterekin lehen txapela irabazi arte bide zaila izan omen zenuen, lesioak tarteko.
16 urterekin hasi nintzen, zuriz jantzita, lehiaketetan, eta 19 urterekin debutatu nuen. Lehendabiziko txapelketa, bigarren mailakoa, 20 urterekin irabazi nuen. Tartean urte batzuk hutsik egin nituen; saiatu egiten nintzen, baina ez agian behar zen bezala. Bigarren mailan urte batetik bestera txapeldun ateratzea niretzako oso inportantea izan zen eta beharbada inportantzia eman beharrean, itxaropentsuegi azaldu nintzen eta tartean lau-bost bat urte galdu nituen, buruz buruko txapelketa irabazteko behintzat. Gainera, gero, 22-23 urte neuzkala, lesio oso larria izan nuen belaunean. Hain inuzentea nintzen, ez nuela uste halako larritasunik zuenik; eta urte pare bat ibili nintzen belaunarekin bueltaka, 80an txapelketa irabazi nuen arte.

Urtetan botillero izan duzun Martin Ezkurraz zera zenion 1987an ARGIAn egin elkarrizketa batean: "Ni nahiko burugogorra naiz; aurrena entzuten dut, baina ez diot kasu handiegirik egiten. Gero, hotzean lasaiago pentsatu ondoren, askotan konturatzen naiz berak duela arrazoia, sekulan eman ez diodan arren".
Pilotan jokatzen ari zarela jendeak aholku asko ematen dizkizu, bai Martin Ezkurrak, baita kalean jendeak ere. Bai, ni burugogorra naiz, baina askotan konturatzen zara zuk daukazun irudipen horrekin gauzak ez direla ondo ateratzen, eta orduan oroitzen zara hark esandakoarekin. Eta Martin Ezkurrarekin hori gertatu izan zait, entzun bai, kasurik egin ez eta gero berak esandakoa egitera behartua egotea.

87an zure osaba Retegi I.aren eta Azkarateren 6 txapelen marka gainditu zenuen. Zer esan nahi izan zuen hark zuretzat? Nola bizi izan zenuen?
Nahiko polemikoa izan zen urte hura. Gauzak ahaztu egiten dira, baina orduan nahiko saltsa izan zen: txapelketa Euskal Herrikoa zela, ez zela Espainiakoa... Marka hautsi nuenean, gogoratzen naiz Espainiako Federazioko presidenteak esan zuela ez zuela onartuko txapel hori. Ni ez ninduen kezkatzen, baina gero ikusi da homologatu zutela eta txapelketa Espainiakoa zela. Nola bizi izan nuen? Nik ez diot beharbada inportantzia handirik eman, nahiz eta inportantea izan. Txapela irabaztean, ospatzen duzu, pozik gelditzen zara, baina automatikoki pentsatzen hasten nintzen harekin ez zegoela jaterik, eta tira aurrera eta beste baten bila joaten nintzen. Nik pentsatu izan banu 3, 4 edo 5. txapeletik aurrera nahikoa zela, ez nintzen sekula hamaika txapelekin izango.

Bada, hara zer zenion elkarrizketa hartan bertan: "Erretiratzeko asmoa ere badaukat, eta ikusiko dugu, aurten edo hurrengo urtean-edo, denbora gutxi gelditzen zait jada. Laster erretiratzeko asmoa dut". Hamairu urte pasa dira harrezkero.
Ez dakit zenbat urte edukiko nituen nik orduan (32 zituen), baina nik momentu hartan pentsamendu hori izaten nuen, 30-32 urte bitarte txapelketak jokatu eta gero uztekoa. Gero ikusi da pentsamendu bakarra daukadala, nire gorputzak ezin utzi handia izan duela. Orduan baino estuago 90 urte inguruan ibili nintzen. Ikusi nuen baxu nenbilela, baina maila ematen nuen eta 93an berriz ere demostratu nuen, txapela irabaziz. Beharbada ez naiz sekula izan 87ko pilotari hura, baina maila handia ematen nuen, eta handik aurrera gehiago prestatu naiz, zaindu egin naiz.

Hamalau finaletatik hamaika irabazi dituzu. Ikaragarrizko palmaresa da, are gehiago beste edozein kirolekin alderatuta. Zuk zein balorazio egiten duzu? Gehiago lortzen ahal zenituela uste duzu?
Nahiko palmares ona da, nahiko zorte izan dut. Baina, arestian esan bezala, 75etik 80rako tarte horretan abildadea baneukan txapeldun izateko. Denek badakizue txapelketa bat jokatu zela hor Empresas Unidas-ekoa; guk boikota egin eta gure artean txapelketa bat jokatu genuen. Txapeldun osaba zen eta nik 22-1 irabazi nion. Orduan demostratuta neukan txapeldun izateko abildadea baneukala, baina urte batzuk joan egin zitzaizkidan. Hor izaten ahal nituen txapela pare bat irabaziak.

Ikusten al duzu gaur egun norbait halakorik errepikatzeko? Beloki agian...
Zaila da, batez ere zorte handia behar delako. Urteak pasa egiten dira eta ez da erraza. Urte kontuan Belokik oraindik posibilitateak badauzka. Nik 25 urterekin irabazi nuen lehendabiziko txapelketa eta berak jada bi badauzka. Baina urteak pasa egiten dira eta momentu hori harrapatu egin behar du; ez da udan ondo ibiltzea, momentu hortan baizik. Hori zorte handia izatea da. Zaila da, baina posible da.

80ko hamarkadan eta 90eko hasieran Tolosa, Galartza eta hirurok zineten txapela jazteko egokiera zenuten bakarrak. Egun badirudi aukera zabalagoa dela, lehia gehiago dagoela.
80an zortzi bat pilotari geunden txapelerako lehian: Maiz, Alustiza, nire osaba, Bengoetxea, neroni... Baginen koadrila osoa; talde handia ginen. Nik uste dut hori izan dela garai emankorrena. Dozena bat pilotari bageunden, urtebeteko gorabeheran, belaunaldi berekoak. Gero, hutsune bat izan zen, nik hartu nuen gidaritza hori eta beharbada abantaila pixka bat hartu nien arerioei. Eta gero, tartean sartu ziren Galartza eta Tolosa.
Eta momentu honetan ere hutsune hori ikusten dut. Beti izan da lehendabiziko eta bigarrenaren artetik hirugarren eta hurrengoetara aldea eta gaur ere ikusten da Eugi eta Belokiren eta gainerantzekoen artean aldea.

Mindegiak 50 urteak paseak ditu eta hor jarraitzen du. Zuk 45 dauzkazu eta asteburu honetan berriro itzuliko zara, ia bi urte kantxetatik kanpo egon ondoren. Non da sekretua halako adinarekin oraindik maila emateko?
Ez dakit zein maila daukaten, asteburuan ikusi beharko. Baina bai, orain arte eman dudana nahiko ona zen, bai. Non dagoen sekretua? Bada, bai Mindegiak berean eta bai nik nerean erraztasun handia daukagu. Beti esan dut oso erraz ibiltzen naizela kantxan, bi eskuak onak dauzkat eta berezko hori Jainkoak eman zidan. Sekretua horixe da. Gainerakoa? Zaindu bai, baina jende asko dago zaintzen dena eta horretaraino ailegatzen ez dena. Gehiena naturak ematen duena da.

Non duzu muga? Noiz arte jarraituko duzu?
Mugan nabil aspaldian. Erreka bazterrean nabil. Egunen batean hanka irristatuko zait eta hantxe geratuko naiz.

Binakako txapelketa irabazteko aukerarik ikusten al duzu?
Ikusiko da. Nik orain ikusi behar dudana da debut honetan -beno debuta! (irriz)- ia zein maila ematen dudan. Eta gero, bada, dena da posible.

Gaiz apur bat aldatuz, enpresen kontua aipatu nahiko nizuke. Egun hiru enpresen artean daramate pilotaren mundua. Honek guztiak zein onura eta zein kalte ekarri dizkio pilotari?
Asko aldatu da nire gazte denboratatik. Gaur saldu egiten da gehiago lehen baino. Orain marketingak egiten du lan asko. Asegarcek pilotari gauza handi bat ekarri badio, horixe izan da. 92an hasi zenetik demostratu du irudi enpresa bat dela, publizitate handia egiten du... Baina, hortik aparte, nik beti esaten dut pilota beste gauza bat dela. Horiek elkarrekin joan daitezke, eta inportantea da enpresarendako eta publikoa pixka bat esnatzeko, baina inportanteena pilotari onak ateratzea da, kirol guztietan bezala. Eta momentu honetan mordo bat badaude, enpresek ere inportantzia ematen diote honi... Nik uste dut hemendik lau-bost urtera izango dela hemen mailarik handiena.

Aipatu duzun publizitate horrek afizioa areagotu al du?
Hor gertatzen dena da niri futbolarekin gertatzen zaidana. Nik futbol afizioa badut, baina telebistaz ikusteko. Afizio ona izaten da bertara joan eta han egoten dena. Pilotan ere orain azken urteetan baino gehiago egiten da, ez ni hasi nintzenean baino gehiago hala ere. Halakorik ez da berriz ezagutuko. Guk jokatzen genuen txapelketa goizean eta beste partida bat arratsaldean. Bietan frontoia betea izaten zen, sarrerak falta.
Orain oso desberdina da; orain pilota eramaten da herri bakoitzera. Lehen 4-5 frontoi zeuden eta jendea haietara joaten zen. Orain aldrebes egiten da, pilota herri bakoitzera eramaten da. Hori ongi egina dago pilota akitzen ari baitzen, eta umeek aurrera segitzeko hori inportantea da.
Gure garaian herrian aritzen ginen baina orain umeak herri handitara joaten dira eskolak direla eta, eta han ez badiezu jartzen egokiera bat pilotan aritzeko, zaila da pilotariak ateratzea. Ikastolek lan asko egin dute arlo horretan. Kosta zen, ez zen ulertzen zergatik ez zen hainbesteko afiziorik, baina orain ikusten da herri handietan lan handia egin dela.

Afizioari begira zein sistema da aproposena txapelketarako? Eskailera, taldeka...? Eta pilotariarentzako?
Ni txapelketak jokatzen hasi nintzenean, oraingo sistema bera izaten zen, taldeka. Baina arestian esan dizut 8-10 pilotari zeudela aukera zutenak txapeldun ateratzeko; orduan lau talde egiten ziren (laugarrenean txapelduna bakarrik) eta txapelduna finalaurrekoetan hasten zen jokatzen (lehen hiru taldeetan pilotari bana sailkatzen zen finalaurreetarako eta bestea txapelduna). Oraingo txapeldunak, aldiz, gehinez ere hiru partida jokatzen ditu. Garai hartan txapeldunarentzat oso zail zegoen. Zergatik? Txapelduna esperoan zegoelako, ez zuelako finalaurrekoetara arte jokatzen. Txapeldunarentzat, aurretik partidarik jokatu gabe, txapeldungai baten kontra jokatzea oso zaila izaten da. Orain, pilotariek beraiek esaten dute lehendabiziko partida arriskutsua dela. Bada, arriskutsuagoa izango da txapeldungai baten kontra jokatzea, ez? Gaur, abantaila txiki bat badute, txapeldunek, Belokik edo Eugik, Rai edo Olaizolaren kontra jokatu dezaketelako.
Gero eskailera etorri zen; eta orain kasik hobe litzateke eskailera izango balitz. Zergatik? Partidarik onenak orduan ikusiko liratekelako. Orain ikusi dugu, bi talde daudelakotz, sailkatu gabe geratu direla finala jokatzeko irrikitan zeuden pilotari batzuk. Azken urteotan jendeak Eugi-Beloki finala ikusi nahi du eta horiek bidean geratuko balira, finala Arretxe-Errandonea edo horietakoren bat izango litzateke. Sistema honek baditu bere abantailak baina baita bere desabantailak ere.

Zure ustez zein litzateke aproposena?
Niretzat eskailera, azkeneko lau partidak benetako finalak izango liratekelako. Taldetan egonda, ez da kasik finalaren gisako partidarik ikusten.

Pilota bera ere, materiala, asko aldatu da azken urteotan. Zuk beti esan izan duzu indartsuak baina bote handi gabekoak dituzula gustukoen. Zer iritzi duzu egun ikusten dugun materialaz?
Zaila izango da berriz ere holako pilotak ikustea. Pilotak bizitu egin dira, errazago jokatzeko, baina pilota ideala da azpitik bote handia ez duena eta astuna, indartsua dena. Zergatik? Afizionatuetatik profesionaletara bereizketa egon dadin. Hor gertatzen ari dena da afizionatuak, profesionaletara salto egiten duenean, automatikoki estelarrak jokatzen dituela eta gainera, okerrena dena, afizionatuetan ez duela destakatu izan. Hori materialarengatik dela garbi dago.

Bueltatuko al dira pilota horiek?
Enpresek nahi badute, aukera hori badago. Orain pilota biziak erabiltzen dituzte pilotarien komenientziagatik, baina hori ez da arazo. Pixkanaka joango dira moldatzen pilotariaren ezaugarrietara.

Pilotaren osasuna ona dela aipatzen zenuen lehen, ikastoletan lana egiten ari dela, baina punta-puntan nafarrak bakarrik dabiltza. Zergatik?
Bai, aspaldiko urtetan bai. Ez dakit zergatik. Lehenago bizkaitarrak nagusitu ziren, geroago gipuzkoarrak, Araba aldetik ere atera ziren pilotari onak, baina gero guk hartu genuen gidaritza eta urte askotan nagusitu gara, bai, batez ere buruz burukoan. Zergatik? Ez dago azalpenik ematerik, garaiak izaten dira. Hemen afizio handia dago, baina baita Gipuzkoan ere.

Eta aspaldion baita Errioxan ere.
Bai, pilotak beti egingo du aurrera. Izan daitezke gorabeherak, pilotari handirik ez dagoelako, momentu hortan falta direlako, baina pilotak gauza bat du inportantea: autoktonoa da. Hau gure zerbait da. Kasik politika egiten hasi dira pilotarekin; beraz, pentsa zein inportantzia duen pilotak. Pilota ez da behin ere bukatuko; izan daitezke profesional mailan gorabehera batzuk, baina afizionatutan behintzat ez da sekula bukatuko.
Eta Errioxan beti izan da pasio handia, eta momentu honetan Titinek asko animatu du bertako afizioa. Estimatzekoa da, baina gauza bera gustatuko litzaidake niri Araba aldetik. Beti esan izan dut gustatuko litzaidakeela herrialde bakoitzetik aterako balira pilotariak, eta gainera txapeldunak. Askok esango dute: "Bai, hori gustura dago, txapeldunak nafarrak diren bitartean". Bai, ni Nafarroaren alde nago, baina pilotarentzako inportantea izango litzateke, masak mugituko liratekeelako eta lehia handia sortuko litzatekeelako. Eta hor ez litzateke publizitaterik beharko. Hori falta izan da; nafarrak gaur egun nagusi dira, eta hor zerbait galdu egiten da lehiarik ez dagoelako.

Apustu girorik ere ez da falta. Dirua zure kontra gutxitan aterako zen. Zenbateraino baldintzatzen du honek pilotariaren jarduna?
Apustuen kontuak ez nau inoiz kezkatu izan. Gauza bat izan dut ona: sekula ez naiz ohartu zeinen alde atera den dirua, zer zioten artekariek. Ni ez naiz inoiz apustuen kontra egon; apustuek motibatu egiten zaituzte zure kolorea defenditzeko. Nik beti defenditu izan dut nire kolorea, eta apustua jokatzen duenak exijitu egin behar du. Hori neurri batean falta da gaur egunean, exijentziak asko bizkortzen baitu pilotaria. Pilota erakustaldiak, bat edo bi, ondo daude, baina apustugileek dirua jokatzen badute eta zerbait erreklamatu edo demanda egiten badizute, ulertzen duzu. Lehendabiziko erantzuna garbia izaten da: "Etzakela jokatu". Baina askotan, demanda egiten badizu, zerorri konturatzen zara denak emanda defenditu beharra dagoela. Finala jokatzea bezalaxe da. Nik beti hala hartzen nuen.

Botillero ere ikusi izan zaitugu zenbaitzutan. Zer moduz langintza horretan?
Plazako, frontoiko botilleroak badu inportantzia, baina benetako lana aurrekoa izaten da. Aurretik zaintzen bada eta gauzak ongi egiten badira, aukera handiak izaten dira gauzak ongi ateratzeko. Ibili izan naiz botillero, ez orain, aspaldiko urtetan ere, nire anaiarekin, Urzainkirekin eta koadrila oso batekin... eta haiekin lan asko egiten nuen entrenamenduetan. Gero, gehien nabarmendu zena, Patxi Eugirekin ibili nintzenean izan zen, baina aurretik ere ibilia nintzen. Zenbateraino balio duen botillero lanak? Misterio bat da; beharbada bati zuku handia ateratzen diozu eta beste batentzat agian ez duzu balio.

Futbolean izugarrizko fitxajeak eta kontratuak ordaintzen ari direla ikusten ari gara azken boladan. Pilotariek, noski, ez duzue tamainako kontraturik, baina hobera egin al dute, eta bizitzeko lain al dira?
Hobetu dira, bai; denborarekin goratzen joan dira, baina ez gehiegi ere. Lehenbiziko mailako pilotariek defenditzeko adina badute, eta negozioren bat jartzeko ere laguntzen du, baina dirua egiteko moduan ez. Eta bigarren mailako pilotariak lehendabizi ikusten du ia zein maila hartzen duen, eta ikusten badu ez dela lehendabiziko mailara ailegatzen, bada, beste lan mota bilatzen du eta pilotarekin tartekatzen du.
Futbolarena eskandalagarria da; hori ez da komeni ez futbolean ez beste edozein kiroletan. Burla egiten ari dira langileen kontura.

Gaiz aldatuz, Goñi pilotaria hitzetik hortzera dabil, bere maila baina baita bere izaera dela eta. Irabaziko al du inoiz buruz buruko txapela?
Aukerak badauzka eta gaitasuna ere badu... Baina... Galdera ona da eta erantzuna zaila. Zaildu beharra dauka; gaztea da, baina kirol munduan norbera ez bada zaintzen... Gaitasun handia du, berezkoa du eta pilotari ikusgarria da, baina hori berak landu behar du. Niri gustatuko litzaidake.

Bukatzeko, asteburuan bueltatuko zara kantxetara urtebete eta bederatzi hilabete eta gero. Zein harrera espero duzu jendearen partetik?
Argi utzi nahi nuke nik ez dudala miraririk egingo. Saiatuko naiz ahal dudan ongien jokatzen. Lehendabiziko probetan bezala aterako naiz eta ia zein maila ematen dudan. Maila ona ematen badut, partida batzuk jokatuko ditut, baina bestela agur esango nioke. Nahiko urduri nago; entrenamenduetan ongi ibili naiz, baina ez da gauza bera. Askok esango dute: "Hainbeste urte pilotan eta oraindik beldurra?". Horixe dudala beldurra; badakit zer gertatzen den, askotan buruak eta mingainak gehiago ematen dute gorputzak berak baino.

Goñirekin aurreko koadrotan aritzea ez litzateke ikuskizun kaskarra.
Beno, Goñi hor dago, eta ni naiz momentu honetan demostratu beharra duena

Hamarrekoa
Hamarrekoa
RETEGI I.
"Fenomeno bat izan da"

ARIÑO IV.
"Kirolari argia"

MAIZ II.
"Kirolari baten ziurtasuna"

JOXEAN TOLOSA
"Batez ere indarra"

LADIS GALARTZA
"Beste fenomeno bat"

IÑAKI ASEGINOLAZA
"Enpresario bat"

KARLOS ARGIÑANO
"Fenomeno bat masatan"

MARTIN EZKURRA
"Gizon handi bat eta botillero ona"

XABIER EUZKITZE
"Komentarista oso argia"

PATXI EUGI
"Oso pilotari bizia"

RUBEN BELOKI
"Pilotari indartsua"

Tantoa
Tantoa
Mutiko ginenetik ezagutzen dugu elkar eta beti estimatu izan dut Julian. Gogoan dut, hamabost bat urte nituela, Juan Mari Bengoetxea laguntzera joan nintzela Eratsungo festatara. Pilotariak, orduko afizionatuak, pilotan hasi baino lehen, bazen mutiko kozkor bat jendez gainezka zegoen plazako frontoitik joaten ez zena; eta pilotariak zain zeuden noiz alde egingo zuen mutiko hark. Mutiko hura Julian zen. Berandu samar egin zen gizon Julian, mutikotan argala eta txiki samarra zen, nahiz eta ikusten zitzaion pilotarako dohain bereziak zituela.
Bizitzak edo ofizioak bere partida asko gozatzeko aukera eman dit, eta benetan oso zoriontsu sentitzen naiz bere partida asko gozatu ditudalako eta bere karrera osoa jarraitu dudalako. Uste dut dohain bereziak dituela, bere ofizioa maitatu duela eta ofizio hontarako eta honentzat bizi izan dela, eguneko 24 orduak eskainiz. Eta horren adibide garbiena da bere izarra oraindik ez dela itzali eta hor dirauela onenekin batera.
Norbaitek esan dezake basati edo xomorro samarra dela nortasunean, baina, hori hala izanik ere, bere pilotari izaerarentzat mesederako izan da. Gure belaunaldikoek zorte hori izan dugu. Beste belaunaldikoek Atano III.a, Gallastegi edo Ogeta ezagutu dute, eta guk aldiz Retegi izan dugu. Palmaresak-eta aparte utzita, bera oso pilotari berezia izan da eta beste guztien gainetik dohain bat duela uste dut, agian naturak eman ez diona baina berak bilakatzen jakin izan duena: egunetik egunera ikasteko abildadea izan du. Oso behatzailea da eta beti ikasten ari da. Nik uste 40 urterekin egin dituela 30 urterekin egiten ez zituen gauza batzuk, eta 46rekin egingo dituela 40rekin egiten ez zituen batzuk


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude