IRAKASKUNTZAN BADIRA LANEAN SORTUTAKO GAIXOTASUNAK

  • Laneko istripuak edo gaixotasunak badirudi metalurgia eta eraikuntzan soilik gertatzen direla. Baina badira irakaskuntzan ere. Hala nabarmentzen da STEE-EILASek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari duela gutxi aurkeztu dizkien txostenetan.

2000ko uztailaren 02an
Metalurgia eta eraikuntza enpresetan ez ezik irakaskuntzan ere badira lanean sortutako gaixotasun profesionalak. Orain artean ez dira halakotzat hartuak izan, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditu, batetik, horren erasana nozitu duten langile jakinentzat eta, bestetik, sektorearentzat, orokorrean, beste arlo batzuetan antolatu izan diren prebentzio planik ez dutelako.
Azken hilabeteotan STEE-EILAS sindikatua irakaskuntza sektorean sinadura biltzen aritu da Euskal Administrazioetan, EAEkoan eta Nafarroakoan, sektore horretan ere lanean sortutako gaixotasun profesionalak onartu eta dagozkien prebentzio planak antola ditzaten eskatzeko. Nafarroan 1.500 sinadura inguru aurkeztu zizkion Nafarroako administrazioari eta, orain, 3.500 inguru izan dira Lan Saileko Kontseilariari eta Osalan-i aurkeztu dizkienak EAEn.


GAIXOTASUN PROFESIONALAK.

Espainiako Estatuan Europako beste inon baino lan istripu gehiago baldin badago ere, onartzen diren gaixotasun profesionalen kopurua Europako batez bestekoaren oso azpitik dago. 1997an, Espainiako Estatuan 10,3 milioi langile izanik, 8.440 gaixotasun profesional besterik ez ziren onartu. Hori ez da gertatzen lan arloko osasun baldintzak beste inon baino hobeak direlako, baizik eta araudi guztiz zaharkitu batean oinarritzen delako. Araudi hori 1978an egin zen, eta harrezkero Ardystil sindromea izenez ezagutzen dena barneratzeko soilik aldatu da, sindrome horren ondorioz Valentzian ehungintzan ziharduten hainbat emakume hil eta gero.
Horregatik, lanaren eraginez sortutako hainbat gaixotasun osasuneko eta gizarte segurantzako sistema orokorrak, edo are gaixoak berak, hartu behar izaten ditu bere gain. Gainera, lanaren eta gaixotasunaren arteko loturarik kontuan hartzen ez denez, ez da inolako prebentzio neurririk ezartzen eta aurrerantzean ere langile gehiago gaixotuko da arrazoi berberengatik.
Gaixotasun profesionalen zerrendan ageri ez diren gaixotasunak laneko istripu gisa har daitezke, baina horrek, gehienetan, prozedura judizial bat eskatzen du, eta gaixotasun horren oinarri eta iturburu bakarra lana dela frogatu behar da. Horrela, epai batzuk lan-istriputzat jo dute estresa edo ahotsa galtzea, baina ezin ukatu prozedura luzea eta neketsua dela.
Zergatik burutu da kanpaina hori euskal irakaskuntzaren arloan? Aipatu dugun sindikatuaren txosten horrek dioenez, irakaskuntzako langileen artean lanaren ondorioz sortzen diren gaixotasun ohikoenak ez dira ageri gaixotasun profesionalen zerrendan (estresa, gihar eta hezurretako gaixotasunak, ahotsaren inguruko arazoak). Horiek onartaraztea da helburua, errehabilitazioaren kostua gaixo dagoenaren gain gera ez dadin eta irakaskuntza zentroak, publikoak nahiz pribatuak, prebentzio neurriak hartzera behartuak izan daitezen. Txostenak dioenez, kanpaina hau oso baliagarria gertatu da "gure lankideak arazoaz hobeto jabetzeko, eta eskaini diguten laguntza guztia eskertu nahi genieke".
Lanean sortzen diren gaixotasunak direla-eta, kanpainak hauxe nabarmendu nahi izan du: irakaskuntza arriskurik gabeko sektoretzat hartu izan da, baina errealitateak eta estatistikek garbi erakusten dute hainbat gaixotasun oso ohikoak direla sektore honetan, hala nola, depresioak, arazo mentalak, estresa, bizkar, lepo eta gorputz adarretako mina, ahots arazoak eta abar.
Denboran zehar sortzen diren gaixotasunak izanik, ez dira istripu bat bezain nabarmenak eta sarritan, norberaren arazo gisa hartu ohi dira. Horregatik diote kanpainaren arduradunek, "badela garaia arazo kolektiboak direla jabetzeko eta, gainera, prebentzio neurrien bidez saihes daitezkeela".
Irakaskuntzari oso loturik dauden ahots arazoak izan ezik, aipatu diren gainerako arazo eta kalteen menpe daude irakaskuntzaren arlo guztietako langileak (irakasleak, ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetakoak, heziketa berezikoak edo garbiketa eta sukaldaritzakoak). Nolanahi ere, datu ugarienak unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko irakasleenak dira. Pribatukoei edo beste kolektibokoei buruz ez dago ia daturik.


ESTRESA ETA GIHAR ETA HEZURRETAKO GAIXOTASUNAK.

97/98 ikasturtean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan estresa izan zen irakasleen arteko gaixotasunik nabarmenena, baja egunen kopurua kontuan hartuz gero (%19,62). Arrazoi horrengatik Bizkaian 34.187 lanegun galdu ziren. Araban, berriz, baja gehien eragin duen bigarren kausa da, baja egunen %18,62 eragin eta 4.777 lanegun galarazi ditu.
Irakaskuntzako gainerako langileengan ere eragin nabarmena du. Horren oinarrizko zergatiak honakoak dira: lana pertsonekin egitea, zentro masifikatuak izatea, gehiegizko burokrazia, eskakizun profesional berriak (DBH, 2 urte, eta abar), gizartearen balioespen kaskarra eta ezegonkortasuna. Ezarri beharreko prebentzio neurriei dagokienez, langileen prestakuntza, lanaren antolamendu malguagoa, esku-hartzaileagoa eta kolektiboagoa, lan-egonkortasuna eta gizartearen balioespen handiagoa proposatzen ditu txostenak.
Gihar eta hezurretako gaixotasunak dira Araban baja gehien eragiten dutenak, 5.281 lanegun galaraziz (baja egunen %20,59). Bizkaian bigarrena da, 31.487 lanegun galaraziz (baja egunen %18,07). Heziketa bereziaren arloan ere hauxe da baja gehien eragiten duen gaixotasuna, nahiz eta 40 urtetik beherakoak izan bertan aritzen diren langileen %70. Halaber, baja eragile garrantzitsua da Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) artean.
Gaixotasun mota horren oinarrian, txostenak dioenez, hainbat arrazoi aurkitzen da, hots, lanpostuen diseinu ergonomiko ezagatik hartzen diren gorputz jarrera okerrak, prestaketa edo baliabide egokirik gabe gauza astunak edo pertsonak altxatzea eta oztopo arkitektonikoak. Beraz, sindikatuaren txostenaren arabera, prebentzio neurriak zentzu horretan bideratu behar dira, hau da, lanpostuen diseinu ergonomikoa landu, oztopo arkitektonikoak desagertarazi, haurrak edo gauza astunak altxatzen ibiltzea saihestu eta langileak trebatu.
Ahots arazoak dira irakaskuntza arloko gaixotasun profesional garrantzitsuenetakoak. Irakasleen lan arloko gaixotasun nagusitzat jo ohi dira. Irakasleen arteko ahotsaren inguruko patologiak bestelako lanbideetako langile helduen halako hiru izan ohi dira. Bizkaiko irakasleen bajak eragiten dituen laugarren arrazoi garrantzitsuena da kopuruz, 13.360 lanegun galaraziz (baja egunen %7,66), eta gaixotasun infekziosoek eta parasitarioek baino baja gehiago sortaraziz.
Gaixotasun profesional horren maila gorenak, patologia organikoak, 60.000 irakasleri eragiten die Espainiako Estatuan, eta irakasleen %60tik %80ra dira ahots patologiaren sintomak dituztenak.
Zer egin daiteke horietako gaixotasunen bat izanez gero? Halako gaixotasuna edukiz gero zer egin daitekeen argitzen ere saiatzen da STEE-EILASen txostena. Lehenik, lanean sortutako gaixotasunak eritasun arrunt bezala diagnostikatzen ez uzteko aholkua ematen du. Hartara, zentroan edo Ordezkaritzan laneko istripuari dagokion agiria betetzeko eskatu behar da. Hala, baja hartzen bada, lan istripuaren baja izan dadila

Laneko arriskuen prebentziorako ikastaroa
Laneko arriskuen prebentziorako ikastaroa
Uztailaren 3, 4 eta 5ean Irakaskuntzako Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko II Udako Ikastaroa egingo da. STEE-EILASek eta Ergonomiaren Euskal Institutuak antolatu du, lan esparruko, unibertsitateko, gizarteko eta finantzetako hainbat erakunderen laguntzarekin. EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, Bilboko Sarrikon, egingo den ikastaro honetan hainbat adituk esku hartuko du eta tailerrak antolatuko dira.
Bertan landuko diren gaien artean, honakoak nabarmendu ditzakegu: jarduera sindikala irakaskuntzako lan osasun arloan, Quebeceko esperientzia bat azalduz; emakumearen lana ulertu, eraldatzeko; duintasuna eta osasun mentala lanean: eraso psikologikoa lanean; irizpide ergonomikoak irakaskuntza zentroen diseinuan. Aurreikusten diren tailerretan, honako gaiak jorratuko dira: ikasgelarako altzari ergonomikoak; Lanbide Heziketako lantegi eta laborategietan dauden arriskuak; gihar eta hezurretako arriskuen kudeaketa integratua haur hezkuntzan eta hezkuntza berezian; ordenagailu bidezko lana: arriskuak, prebentzio neurriak, ergonomia; estresa; erantzukizun zibil eta penala

GIHAR ETA HEZURRETAKO LESIOEN AURKAKO SINDIKATUEN KANPAINA
Europan tentsioa areagotzen", horrela dio lan arloan gihar eta hezurretan sortzen diren lesio ugarien aurka Europako sindikatuak duela gutxi bultzatzen hasi diren kanpainak. Besteak beste, horrelako arazoak enpresa eta sektoreen negoziaketetan erabateko presentzia izatea da helburua. Gaixotasun profesionalen zerrenda berraztertu eta gihar eta hezurretako gaixotasun mota ezberdinak bertan agertaraztea eta lanerako makineria eta lan ekipamenduen taxuketa hobetzeko arau tekniko ergonomikoen multzo koherentea osatzea ere kanpainaren helburuen artean daude.
Laneko Baldintzak Hobetzeko Dublineko Fundazioaren arabera, langileen %30ak bizkarreko mina duela dio eta %17ak giharretakoa. Gihar eta hezurretako lesioak Europan maiztasun handiena duten hamar gaixotasun profesionalen artean daude. Horrelako gaixotasunek geroz eta langile gehiagori eragiten diete, eta eginkizun eta jarduera multzo oso zabala hartzen dute, bai zerbitzuetan (pantailekin aritzen diren lanetan, osasun sektorean, eta abar) eta bai garbiketan, nekazaritzako elikagaien industrian, ehungintzan, mekanikan eta eraikuntzan. Halako lesio gehienak emakumeek nozitzen dituzte.
Zer dira gihar eta hezurretako lesioak? Lana antolatzeko modu berriek lesio mota ugariren izurritea eragin dute, eta horiek gihar eta hezurretako lesioen multzoan sartu dira. Gaur egun lan osasunaren arazo nagusietakoak bihurtu dira. Bizkarraldea, tendoiak, giharrak, nerbioak, zirkulazioak, goialdeko gorputz adarretako giltzadurak (ukondoak, eskumuturrak, eskuak, sorbaldak) eta lepaldea dira lesio gehien izaten dituztenak. Gaixotasun kronikoak edo ebakuntza kirurgikoa behar duten gaitz sakonak ere sor ditzakete.
Lesio horiek eragile ugariren ondorio dira, sarritan bat baino gehiago batera, eta lanaren antolamenduarekin zerikusi zuzena izan ohi dute: hainbat lanetan egin beharreko indarra bezalako eragile fisikoak, mugimenduen errepikapena eta maiztasuna, laneko jarrera ezerosoak, dardarak, estresa bezalako eragile psikosozialak, prestakuntza gabezia, ordutegiaren zorroztasuna eta abar


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude