"EH-REKIN HAUSTEAK KALTE EGINGO LIOKE BAKE PROZESUARI"

  • Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia eta Europako Legelbiltzarkidea da Gorka Knörr. Gasteiztik, Estrasburgotik nahiz Bruselatik so egiten dio Euskal Herriari. Hegazkinen hegaldien eta alderdiaren biltzarren artean atzeman dugu politiko eta kantaria.

2000ko uztailaren 02an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Idazkari nagusia hautatua izan zinen unean ETAren su-etena indarrean zegoen, eta EA alderdia, berriz, aro berri baten abiaburuan. Zer balorazio egiten duzu aro berriari buruz, alderdiaren gidaritza hartu zenuenez geroztik?
Aro nahiko konplikatua tokatu zaigu baina orain arteko gure egitekoa baikorra da. Lekukoa hartu eta treguaren etenaren berri astebetera ezagutu genuen. Atentatuak hasi ahala, egoera politikoa oso zaila bilakatu da eraberritze prozesu batean diharduen EA bezalako alderdi batentzat. Esaterako, Gasteizko Gobernuan egonik aurrera eraman nahi genuen hainbat ekimen eramaten eragozten digu indarkeriak berriz ere. Alegia, indarkeriaren arazoari irtenbide eman nahian betebehar eta denbora gehiegi eskaintzen dio gaurko zeregin politikoak. Politikoen erronka nagusia arazoa konpontzeko gai garen erakustea da, antza. Eta, oraindik hastapenean baino ez garela pentsatzen badugu, bada, pena da. Eguneroko zeregin politikoak gauza asko du mahai gainean ipintzeko, ekonomia dela, Europaren eredua dela, herri bezala nola jokatu... Eztabaida horiek bigarren maila batean gelditzen dira tamalez.

Lizarra-Garazi akordioaren garai baikor haiek joan dira. Zeintzuk dira itxaropen haiek galdu izanaren erantzuleak zure iritzian?
Hasteko eta behin PPko gobernua. Aznarrek ETArekin mintzatzen hasteko baimena eman zuen. Aurrera joan ahala erabaki zuen ez segitzea. PP alderdiak bere estrategia guztia aldatu zuen, baita abertzaletasunaren aurkako eraso bortitza hasi ere. ETAk su-etena haustea erabaki zuenean, orduko gobernuaren Josep Piqué bozeramaileak esan zuena dut gogoan: "ETAren treguaren amaiera gobernu honek eraman 'eragozpen estrategia'ren ondorio zuzena da". Horregatik oraindik ez dugu ulertu ETA nola demontre erori izan den PPren estrategiaren menpe. PP eta ETA dira egoera hura pikutara joan izanaren erantzuleak. Zentzu horretan, EHri argi esan diogu ETAren morrontzatik libratu behar duela. EHk badu herri honetan zeregin eta espazio garrantzitsu bat, espazio hori landu beharra dauka baina ETAren tutelarik gabe.

Lizarra-Garaziko akordioaren arieran, bake-prozesua eta eraikuntza nazionala nahastu bide dira. Alderdien arteko eztabaidak abiapuntu berri bat bilatzen du, antza. Azken bi urteotan bizi izan dugun aukera berriez badago ondorio onik?
Bai, jakina. PPk eta PSOEk su-eten aurretiko egoera ahanzten dute. Ordea, gogoratu behar da Ardanza plana deitutakoa. Sozialistak planean sartzear egon ziren, baina PP bakarrik ez uzteagatik atzera egin zuten azken unean. Geroago, Lizarra bake-plana sortu zen eta errezelo handiarekin hartua izan zen estatuko alderdien aldetik; hamaika eragozpen ere jaso izan ditu bere ibilbidean. Hala ere, bake-prozesua bultzatzeko bake-mahaian denok behar dugula izan pentsatzen dugu EAn; PP eta PSOE barne. Ez gara eseri oraindik, ados, eta oso konplikatua da alderdi guztiak eseritzea, baina aurrerapausoa eman dugu. Ez da ahantzi behar Lizarrak su-etena ahalbidetu zuela. Lizarraren garapenean bi gauza arras ezberdinak nahastu dira: Lizarrako akordioaren garapena eta alderdi abertzaleen arteko lan amankomuna. Eta ETAk esaten duenean 'eraikuntza nazionala aldatu nahi izan digute bake-prozesuaren truke', astakeria galanta esaten du. Gauza bat da bake-prozesua bultzatzea (horrek, noizbait, denok mahai baten inguruan eseri behar dugula esan nahi du) eta bestea, alderdi abertzaleen arteko lan amankomuna dena. Dena dela, Lizarra orain mamitzen ez bada ere, zenbait lan komun garatzea ahalbidetu du eta lan komun horrek fruitu gehiago eman dezake aurrerantzean. Gure erronkarik handiena akordioak sortu zuen ilusioa berpiztea da.

EAJ eta PSE-EEren artean nolabaiteko hurbiltze bat eman da azkenaldion. Gasteizko Legelbiltzarreko azken osoko bilkurari buruzko baloraziorik egingo al zeniguke?
Oro har, azken osoko bilkuran gertatutakoa beste eztabaida antzua izan da. PSEren proposamena bake-plan bat bezala saldu nahi izan digute. Bake-planak, ordea, ez dira Legebiltzarreko ez legezko proposamenen ondorioz inola ere aurrera aterako, baizik eta batzuen eta besteen arteko hizketaldien ondorioz. Alderdien arteko elkarrizketek giro eta abagune apropos bat sortu behar dute mahaia eraikitzeko, baina ez Legebiltzarrean eginiko printzipio deklarazio baten bitartez. PSEren proposamenari EAJk baietza eman bazion eta guk ezetza eman bagenion, ez zen PSEk aurkeztutako guztia baztergarria zelako. Arrazoia da ezin diogula lehendakariari eskatu azken bi urtetan eskatzen ari garena, PSEk ez legezko proposamena aurkeztu duelako. EAJk proposamenean ikusi badu zerbait berri, hori berak jakingo du.

Baliteke EAJk arazoari heltzeko hari berriren bat aurkitu izana PSEren eskutik. Ez duzu posible ikusten?
Interpretazioak libreak dira. Baina oso konplikatua daukate biek balizko hari berri horretatik bakarrik tiratzea. Azken eztabaida horretan beste aukera bat galdu zen gauza berri batzuk adosteko, eta aukera egon bazegoen. Egunean zehar aurkeztu genituen emendakinek hori agertzen zuten. EAJk alde bozkatu zituen lehen hiru puntuak, betiere, PSEk laugarrenaren alde egingo zuelakoan. Hau da, herriaren borondatea errespetatuko dela, dioena. Guk bagenekien ez zuela alde bozkatuko, garbi ikusi genuen PSE ez zela mugituko. Orain, PSOEko liderrek bozketaldiaz egiten duten interpretazioa entzuten dugu. Hots, Ajuria-Enearen bigarren aroa aipatzen dute. Eta gu ez gaude prest hortik joateko. Gu lehendakariak deitzen duen bakoitzean joan egingo gara hitz egitera. Baina hor ez dago gakoa, gakoa da nola egon alderdi guztiak.

Beraz, alderdien errua da denon arteko mahaia osatu ez izana.
Bai. Horretan gizarteak alderdi politikooi suspentso borobila eman behar digu. Denok aitortu behar dugu egindako akatsak, baina denok, jakina. EHk barne jakina. EHk ez baitu inola ere bidea errazten. Durangon gertatu azken atentatua lekuko. Aurrerapausoak eman behar dira eta ez artikulu baten bidez arazoa saihestu. Giza-eskubideen printzipioei eusteko ordua da. Ohartu behar dira behingoz ETAk ezin duela segitu zinegotziak hiltzen. Hori garbi izan ezean, ez dago aurrera egiterik. Ni ezkorra naiz.

Durangon izandako azken hilketa aipatu duzu. Harrezkero, EAJk EHrekin hainbat udaletan zeuzkan akordioak bertan behera utzi ditu. EA, aldiz, ez da EAJ bezala jokatzen ari. Zein da arrazoia?
Arrazoia da herrietako udal politikan garatzen diren harremanak oso bereziak direla. Durangoko Jesus Mari Pedrosa zinegotzia hil zuten unean, esaterako, Zarautzen alderdi politiko guztiak barne batzordean zeuden; PP barne. Zumarragan, adibidez, PSE-EE. Are argiago izateko, Miarritzen Abertzaleen Batasuna (Lizarra-Garazi akordioaren sinatzailea) UDFko Didier Borotra auzapezarekin batean ari da udala gobernatzen. Nik Nicole Fontaine Europako Legebiltzarrean entzuten dut tarteka-marteka, biolentzia kondenatzen ez dutenekin elkarlanean ari direnek sinesgarritasun demokratikoa lausotzen dutela, eta nik gogoratzen diot gauzak ez direla hain sinple. Ez diot aurpegiratzen bere alderdikide batek, Didier Borotrak, ABko Jakes Abeberrirekin itun bat duela; ez dut hemengo alderdi estatalek darabilten manikeismoa erabiltzen. Hau da, udal politikak eta herrien bizitzak ñabardura anitzak eta ugariak dituzte. Guk herrietatik jasotako iritzien arabera, argi ikusten duguna hauxe da: EHrekin ditugun akordioak sistematikoki hausteak, kalte gehiago egingo lioke bake-prozesuari mesede baino. Hau da, hori lehenagoko estrategia baztertzailea berrestea litzateke. PPk bilatu duena hain zuzen ere, Ajuria Eneko Mahaira itzultzea. Hala ere, tokian tokiko gure karguek ezinbestean ituna hautsi beharra ikusten badute -Atarrabian, Lekeition edota Durangon, kasu-, alderdiak errespetatzen du.

Biolentziaren arazoa gainditzea herri honen subiranotasunaren aldeko benetako apustuan datza EHrentzat. Lizarraren saiakeraren ondotik, zer esan dezakezu premisa horri buruz?
Hasteko, ez dut onartzen ahal EAkoek Lizarra akordioaz geroztik hasia dugula subiranotasuna lantzen. Gu beti aritu gara subiranotasunaren bidean. Horrela diote gure estatutuek. Gu ez gara autonomistazale izan, aurrera egiten laguntzen digun neurrian ez bada. Hau da, kontua ez da sei lurralde bilduko dituen hauteskundeak burutzea, baizik eta egoera horretara eraman gaitzakeen bidea aurkitzea. EHk proposatzen dituen hausteskunde nazionalak ezin dira lege dekretuz gauzatu. Denok ezagutzen ditugu Iparraldean eta Nafarroan bizi diren egoerak. Gainera, EHk krontsaesan handiak ditu. Iparraldean gutxieneko eskaera onartzen du eta Nafarroako Erriberan maximetako politika egin nahi du. Guk gaurko erakundeetatik abiatu behar dugula diogunean, ez da hauekiko gure atxikimendua erabatekoa delako eta beraietan sinesmen osoa dugulako, bazik eta berauek direlako abiapuntu bakarra.

Europako legebiltzarkidea zara. Zertan da Herrien Europa delakoa?
Batasun europarra, batez ere, ekonomikoa eta monetarioa da. Ordea, hauek inportante izanik ere, zer-nolako batasun politiko egin nahi dugun zehaztea falta da. Batasun politikoa oso ahula da oraindik. Estatuen menpe gaude, Europako Kontseiluak izugarrizko ahalmena du. Batasun politikoa behar da eta horretarako oinarrizko eskubideen karta sartu. Euskal Herriak bere ordezkaritza izan dezan nahi dugu. Maastritchteko eta Amsterdameko itunaren arabera ari gara; 200. artikuluaren arabera, gurea bezalako herriek eta beren gobernuek ordezkaritzak izan ditzaten, baina Espainiako gobernuak behin eta berriro ukatzen digu aukera.

Nola ikusten da hemengo gatazka Europako Legebiltzarrean?
Su-etenak iraun zuen bitartean posible izan zitzaigun legebiltzarkide askorekin elkarrizketatzea. Bake-prozesuari buruzko mintegi bat bideratu genuen -Irlanda eta Kortsikako kasuak barne- arazoa eztabaidatzeko. Su-etena hautsi ostean, bertan behera utzi behar izan genuen. EHri bereziki esan diogu, indarkeria medio gero eta zailago egiten zaigula Europako lana ere aurrera eramatea. Europako Legebiltzarrean ulergaitza da PPko zinegotzi bat hiltzea. Horrek lana izugarri eragozten digu. Inoiz edo behin, bilkura bat izan eta ordu bat eman behar dut gure jarrera zein den argitzen. Bertako legebiltzarkideek Europako estatuetako prentsak gure arazoaz egiten duen irakurketa jasotzen dute. Hots, abertzaletasuna eta biolentzia saku berean sartzen dute

POLITIKA ETA MUSIKAREN TAUPADA ARTEAN
Arabako euskal kantagintzaren erreferentea izan zen 1974tik 82ra bitartean. Kantaria, EITBko kontseilaria, Lagun Aro konpainiaren nazioarteko marketing saileko arduraduna eta Baskonia taldearen jarraitzailea. 50 urte ditu eta 15 urte joan zaizkio azken diskoa grabatu zuenetik. Politikagintzaren taupadak indarge nonbait, musikaren taupadek deitu diote berriz ere. 'Gogoaren taupadak' izeneko diskoa plazaratuko du aurki.


Azkenak
Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | Mikel Aramendi
Zergatik halako muga-zerga AEBek Indiari?

Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Eguneraketa berriak daude