HEGALUZEAREN KANPAINA ZALANTZAZ BETERIK DATOR

  • Hegoaldeko baxurako arrantzak, antxoaren kanpaina eskasa amaituta, hegaluzearen harrapaketari ekin dio. Ondarroan IV. Itsasoko Feria egingo da, berau itsasoko sektore laguntzailearen erakuslehio eta arrantzaren egoeraren eztabaida gune izango da.

2000ko ekainaren 25ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Euskal arrantzaleek oso gogoan dute hegaluzearen iazko kanpaina txarra, eta, are gehiago, ofizialki amaitu berria den antxoaren kanpaina izan den bezain kaskarra izan ondoren. Amaitu berri den antxoaren kanpainan zerbait ona aipatzekotan, arrantzaleen artean aurreko urteetan gertatu izan diren iskanbilak ez sortu izana aipatu beharko genuke. Oraindik ez dugu datu ofizialik, baina iritzi guztiz zabaldua da aurtengo antxoaren arrantza aldia kaskarra izan dela. Azkeneko asteak soilik izan dira onak.
Gauzak horrela, euskal arrantzaleak kezkati daude hegaluzearen kanpainari begira. Iaz 2.784 milioi pezetako (111 milioi libera) emaitzak izan zituen, eta horrek esan nahi du %16 jaitsi zirela 98ko emaitzak. Ez zen batere kanpaina ona izan, ez harrapaketetan eta ez diru sarreretan. 1999ko kanpaina txar horrek eragin handia izan zuen baxurako arrantzako sektorearen emaitza orokorretan eta mota ezberdinetako arrainen harrapaketan; 13.035 milioi pezetako diru sarrerak izan zituen guztira.
Arazo horiei erregaien etengabeko prezio igoera gehitzen baldin badiegu, kostuek izugarri gora egingo dute -ezin dugu ahaztu gasolioa funtsezko osagaia dela gure itsasontzietarako-, eta, beraz, kezka are larriagoa izango da kanpainaren azken emaitzei dagokienez.


HARRAPAKETAK ETA EMAITZA EKONOMIKOAK.

Hego Euskal Herriko baxurako arrantzaren sektoreak 1999an egindako harrapaketen balioa 13.035 milioi pezetakoa izan zen, %1 jaitsiz 1998arekiko. Horrela ageri da EAEko Jaurlaritzako Arrantza Sailak ezagutzera emandako datuetan. Enkantean jarritako kopuruak %17 handiago izan arren, balio ekonomikoan jaitsi egin zen.
Horrela, zehazki esanda, 1999an 64.733 tona harrapatu ziren eta 1998an 52.291. Igoera hori antxoaren, berdelaren eta txitxarroaren bilakaerari zor zaio. Oso aipagarria da antxoaren harrapaketak urte horretan izan zuen igoera, aurreko urtean baino %106 gehiago. Prezioak, aldiz, %33 jaitsi ziren, eta horrek eragin zuen diru sarrerak harrapaketen pare ez igotzea. Joan den urteko kanpainan, harrapaketen balioa 4.100 milioi pezeta ingurukoa izan zen, aurreko urtean baino %39 gehiago.
Berdelaren harrapaketak ere %41 egin zuen gora, 21.752 tonatara iritsiz. Baina antxoarekin gertatu zenaren antzera, prezioak %24 egin zuen behera, 1.019 milioi pezeta bilduz, hau da, iaz baino %7 gehiago bakarrik. Txitxarroaren harrapaketak %26 egin zuen gora eta %13 prezioak. Horren ondorioz, arrain honekin 611 milioi pezeta bildu ziren, hau da, 1998an baino %43 gehiago.
Harrapaketa horietan halako igoera izan arren, esan dugunez, sektoreak orokorrean %1eko jaitsiera izan zuen. Hori tunidoen kanpaina oso txarraren ondorio izan zen, bai harrapaketek eta bai prezioak beherakada nabarmena izan zutelako. Hegaluzearen bidez 2.784 milioi pezetako diru sarrera lortu zen, aurreko urtean baino %16 gutxiago. Hegalaburrak eta atunak ere %54ko beherakada izan zuten, 590 milioi pezeta bilduz. Halaber, beste tunido batzuen bidez lortutako diru sarrerek ere jaitsiera garrantzitsua izan zuten -%58 gutxiagoraino helduz-, eta 69 milioi pezeta bildu ziren.
Azkenik, aipatu beharra dago, diru sarrera orokorraren beherakada hainbat espezietan izandako jaitsiera nabarmenari zor zaiola. Beherakada horretatik kanpo geratzen dira txitxarroa, sardina, legatza eta mediana, horien prezioak ez baitzuten inolako aldaketarik izan. Zehazki, joan den urtean baxurako arrantzaren Hegoaldeko euskal sektoreak lortutako harrapaketen prezioak, batez beste, %16ko jaitsiera izan zuen

ONDARROA: SEKTOREAREN ERAKUSLEIHO
Ekainaren 22tik 25era IV. Ondarroako Itsasoko Feria izango da, Lea Artibaiko Mankomunitateak Ondarroako Udalaren laguntzaz antolaturik. Beraz, egun horietan itsasoko sektore laguntzailearen erakusleiho teknologiko eta Euskal Herrian hain garrantzitsua den sektore honek dituen erronka nagusiei buruzko eztabaida gune bihurtuko da Ondarroa. Feria hau, aurreko hiru urtetan lortutako emaitzei esker, sektoreko garrantzitsuenetakoa bihurtu da, bai Euskal Herriarentzat eta bai Kantauri osoko sektorearentzat. Ondarroa Euskal Herriko portu nagusia da harrapaketari dagokionez (guztiaren %47,14), eta bere negozio kopurua urtean 8.500 milioi pezetakoa da (%48,35). Orobat, Kantauri osoko emaitzarik onenak lortzen ditu sektorean.
Aldi berean, feria, sektoreko profesionalentzat izateaz gainera, Euskal Herriko bazter guztietatik etor daitezkeen bisitariek Ondarroa eta Mankomunitatea ezagutzeko aukera izatea ere nahiko lukete antolatzaileek. Horregatik, agenda profesionalarekin batera, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte: itsas salbamenduko ariketak, arrain mota ugariren dastaketa, itsaspeko arrantza lehiaketa eta abar.
Hirurogeita hamar erakustoki inguru izango dela uste da; Euskal Herrikoak, Espainiako Estatuko hainbat lekutakoak eta mundu osokoak. Urtetik urtera ugaritzen ari diren sektoreko profesional horiek guztiek 1.600 metro koadro inguruko karpa bat erabiliko dute.
Feria hau joan den urtean guztiz finkaturik geratu bazen ere, aurten, sektoreak bizi duen egoeraren ondorioz, garrantzia berezia bereganatuko du. Izan ere, une honetan euskal flota 44 ontzi berri eraikitzeko prozedura berritzaile batean murgildurik dago, 10.000 milioi pezeta (400 milioi libera) inguruko inbertsioekin, eta, gainera, beste 104 espediente abian jarriak dira ontziak modernizatzeko.
Itsasoko Feria honetako azken ekitaldietan zehar Kantauri osoko armadore eta profesionalekin izandako harreman komertzial geroz eta ugariagoetan nabarmentzen denez, geroz eta garrantzi handiagoa ematen diete honelako feria lokalei, eta, behatzaileek diotenez, sektoreko feria handien garrantzia eta merkatu kuotak bereganatzen ari dira. Duela gutxi horrelako beste feria bat ere izan da, arrakasta osoz, Bermeoko portuan. Nonbait, bezeroarekiko hurbiltasuna eta haien premiei hobeto egokitzen zaizkien produktuak eta zerbitzuak eskaintzea da honelako feriek duten arrakastaren gakoa.
Ondarroako Feria, gainera, benetako eztabaida gune bihurtzen da, sektoreko gaiak eta sektorearen etorkizuna aztertzeko. Antolatzaileek hainbat eztabaida saio aurreikusi dituzte sektoreko partaide nagusien artean: Armadoreak, Nagusiak, Makinistak, Marinelak eta Administrazioa. Itsasoan eta arrantza arloan dauden arazo eta erronka nagusiak izango dituzte eztabaidagai. Besteak beste, flota berritzeko Eusko Jaurlaritzaren jardunbidea, arrantzako titulatu nautikoen egoera, kala berriak edo geroz eta marinel urritasun handiagoa

ARRAINAREN JATORRIA ETA KALITATEA KONTROLATZEKO ETIKETA
Urte honen amaierarako, Europako Batasunaren erabakiz, arrainak kalitatearen eta informazioaren etiketa eraman beharko du derrigorrez. Alabaina, arrainaren kalitatea eta jatorria kontrolatzeko parametro batzuk lortu nahi dira. Pasaia, Hondarribia eta Ondarroako portuetan, neurri berrira ohitzeko asmoz, esperientzia eredu batzuk jarri dituzte martxan hilabete honetan. Arraina portuan bertan etiketatuko da saldu aurretik, eta gerora beste portuetara zabalduko da.
Arrantzaleak, hasiera batean, ez zeuden oso ados etiketarekin. "Errege Dekretuak pentsaera bat inposatzen zuen, baina ezin izan da bestelako irtenbiderik aurkitu, eta erabiltzen hasiko gara", adierazi zuen Ondarroako Arrantzaleen Kofradiako kide Victor Badiolak. Bere ustez, zailena arraina portuan bertan etiketatzea da.
Derrigorrezko etiketatzeak ez du inolako kalitate mugarik, informazioa ematea beste baldintzarik ez du. Une honetan bada taula bat, arrainaren kalitatea mailakatzeko; horren arabera, arraina "Aparta", "Goi Maila" edo "Erdi Maila"-koa da.
Joan den maiatzaren 19an, Europako Batasuneko itsasertzeko herrialde guztietatik etorritako ordezkariak bildu ziren Bilbon. Arrainaren kalitateari buruzko etiketaren ezaugarriak zeintzuk izan behar duten eta nola kontrola daitezkeen eztabaidatzea zen helburua. Etiketa hori norberaren borondatearen araberako izatea nahiko lukete. Etorkizunean ezarriko den borondatezko etiketa horren bidez, produktua nabarmentzeko aukera izango dute armadoreek edo merkaturatze enpresek. Etiketan jatorria, hustu zeneko portua eta tamaina adieraziko dira, eta, kalitatea aipatzeaz gainera, arrantzarako erabilitako tresna edo aparailua ere zehaztuko da, eta hori oso garrantzitsua da Arrantza eta Elikaduraren Institutu Teknologikoaren (AZTI) eta arrantzaleen iritziz. Esate baterako, Europako Batasuneko arautegiek bolanten desagerpena ezarri dute, eta etiketari esker iruzurra baztertu ahal izango da.
Herrialdeetako kultura eta ohituren ezberdintasuna kontuan izanik, ez da erraza izango Europako portu guztien artean irizpideak bateratzea. Horren ondorioz, etiketa eredu bat edo bi egitea erabaki daiteke. Euskal Herrian etiketaren kultura ez da berria. Dagoeneko badira hiru urte bestelako borondatezko etiketa erabiltzen dela, eta euskal kontsumitzaileak ikusia du hegaluzeak eta hegalaburrak isatsean daramaten etiketa, merkatuko kalitaterik handieneko arrain gisa bereiziz. Hain zuzen ere, Euskal Kalitatearen "K" kalitate markari dagokiona da


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude