POLONIA: EUSKAL ENPRESEN EKIALDERAKO SARRERA

  • Hego Euskal Herriko enpresak gero eta gehiago irteten dira nazioartera. Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI) gogor ari da Polonian plataforma bat eratzeko eta euskal industria-produktuak Europako Ekialdean sarrera azkarra izateko.

2000ko maiatzaren 28an
Artean behin-betiko erabakirik hartu ez den arren, seguru asko Polonia izanen da Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRI) euskal enpresak Europako Ekialdeko merkatuetan sartzeko eta ezartzeko aukeratuko duen plataforma. Merkatu honek aukera ugari eskaintzen ditu populazioaren kopurua handia delako, industrializazioaren bidean urrats handiak egiten ari delako eta luze gabe Europako Batasunera bilduko delako. Horrenbestez, Europako Ekialdeko herrialde horretan ordezkaritza bat abiarazteko aukera aztertzen ari da SPRI. Ez da ahantzi behar Europako Erdialdea, Herrialde Baltikoak eta Errusia EAEko esportazioen %10en jomuga direla. Nafarroako enpresek herrialde horiekin merkataritza harreman batzuk badituzten arren, askoz ere apalagoa da hartueman horien munta.
SPRIk ez du azken zortzi urteetan Europako alde hau ukitu ere egin. Egun, bertan kokatzeko formularik egokiena eta iraunkorrena aztertzen ari da, EAEko enpresek merkatu hauetan sarrera azkarra izan dezaten. Ziuraski azkenean ordezkaritza bat ezarriko du Polonian; herrialde horixe izango da euskal sozietate sustatzailearen aurreneko helburu estrategikoa.


ANTZEKO INDUSTRIA-KULTURA.

Ordezkaritza honek banatzaileak aurkitzea, alde horretako merkatuei buruzko informazioa eskaintzea, ikasketa-bidaiak egiteko laguntzak ematea eta EAEko enpresen eskaerei erantzutea izango ditu helburu nagusi. Europako Ekialdeak, hemengo antzeko industria-kulturaren jabe izaki, merkatu aukera garrantzitsuak eskaintzen ditu, bereziki makina-erremintaren sektorean, ekialdeko errepublikak desegin zirenean galdu egin baitziren merkatu horiek. Orain arte SPRIk hainbat agente izan du Europako Ekialdean, bereziki Polonian, Txekiar Errepublikan, Hungarian, Eslovenian eta Errumanian, baina agente hauek ez zuten esklusiban Eusko Jaurlaritzaren menpeko Industria Elkartearentzat lan egiten. Asmoak burura eraman eta Polonian euskal ordezkaritza bat kokatzen bada, askoz ere handiagoa izango da euskal enpresek berriro ere Europako Ekialdeko merkatu horietan muturra sartzeko izango duten aukera, biztanle-kopuru handia kontuan izanik lehen mailako merkatuak izan baitaitezke.
Egia ere bada erosteko ahalmena oso bestelakoa dela Ekialdeko herrialde batzuen eta besteen artean. Eslovenia, Txekiar Errepublika, Polonia, Errusia, Letonia eta Lituania dira Europako mailara gehien hurbiltzen diren herrialdeak. Herrialde hauetan garrantzitsua da kontsumoaren kultura, izan ere, tradizio handia izan dute industrian, nahiz eta industria gehiena armagintzari emana egon izan den. Antzeko industria-kultura honen erakusgarria izan da Bilboko Makina-Erremintaren azken Biurtekoetan ikusi ahal izan dena. Horrenbestez, makina-erremintaren sektore garrantzitsuan konpromiso-maila handia erakutsi duten Txekiar Errepublikako eta Esloveniako enpresa batzuen erakusmahaiak ikusi ahal izan ditugu.
Nolanahi ere, Polonia da Europako Ekialdeko herrialde hauen artean aipagarriena. Bertako industriak azkar ari dira egokitzen eta birmoldatzen. Hala eta guztiz ere, azpiegiturak dira (burdinbideak, errepideak eta beste batzuk) negozioa egiteko aukera gehien eskaintzen dutenak. Energiaren ekoizpena biltzen duen eta modernizatzeko behar handia duen industria termikoa da euskal enpresek sarrera izan eta negozioa egin dezaketen beste sektore bat. Bukatzeko, urekin zerikusia duena da Europako alde honetan euskal enpresentzako garrantzitsua den beste sektore bat, uraren tratamendua, banaketa eta ingurumena alegia.
Herrialde horietan bilera batzuk egin dira hango administrazio batzuen eta euskal enpresarien artean. Iragan otsailean, Errusiako Rostov-Don lurraldeko Administrazioak Errusiari buruzko ekitaldi berriemailea egin zuen Bilbon SPRIren, Merkataritza-Ganbaren eta ICEX erakundearen laguntzarekin. Ekitaldi horretan lurraldea modernizatzeko hamaika proiektu premiazko aurkeztu ziren, eta gonbita egin zitzaien euskal enpresariei proiektuetan parte hartzera. Besteak beste, aireportuko terminala berriro eraikitzeko, gas urtua garraiatzeko zisternen produkzioa handitzeko eta altzairugintzarekin zerikusia duten beste proiektu batzuen berri eman zuten

SPRI, GARAI BERRIOTARA BIRMOLDATUTAKO ETA EGOKITUTAKO ELKARTEA
Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI) EAEk 80ko hamarkadan bizitako industria-krisialdi larriaren urterik latzenetan sortutako erakundea da. Elkarte hau EAEko industria birmoldatzeko eta sustatzeko tresna gisa sortu zen. Sozietate publiko bat da eta kapitalean Eusko Jaurlaritzako Ogasunak eta EAEko hiru aurrezki kutxek parte hartzen dute. Elkarte honek krisialdiak jotako urteetan zehaztu zituen bere helburuak. Helburu horiek hein handiagoan edo txikiagoan beteko ziren, era guztietako iritziak baitaude, eta une honetan garai berriotara eta industriaren egoera berrira egokitzen saiatzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren menpekoa den SPRIk aurreranzko jauzia egin nahi du oraingo honetan, eta industriaren birmoldaketaz kezkatu beharrean, euskal enpresak sustatzea du helburu Industria, Merkataritza eta Turismoa bultzatuz. Xede horretan, Sustatze, Nazioarteratze eta Teknologi Batasun arloak landuko ditu.
Merkataritza eta Turismoa Industria sailera bildu ondoren, SPRIren menpeko sozietateek (Sprilur, Parke Teknologikoak, CEI-ak eta Arrisku-Kapitala gestionatzeko Sozietatea) lan gehiago izango dute, eta zentro logistikoen, hotelen eta atzerritik datorren turismoari harrera egiteko guneen sorrera bultzatuko dute.
SPRIk aurrera darrai inbertsioak sustatzen eta krisiak bereziki zigortutako eskualde bitan -Ibarrezkerrean eta Pasaiako Badian- inbertsioak finantzatzeko laguntzak bilatzen. Nolanahi ere, SPRIren Ekonomia Sustatzeko planaren baitan, Berrikuntzarekin eta Nazioarteratzearekin zerikusia duten jardunbide bi bultzatuko dira hemendik aurrera. Plan honen arduradunen aburuz, euskal enpresa batek nazioartera egiten duen heinean sendotu egiten du Euskal Herriko bere enpresa-egitura.
Kontestu honetan, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde honek atzerriko proiektuak bereganatzeko, atzerriko eta euskal enpresen artean elkarlanean jarduteko eta atzerriko herrialdeetan euskal enpresak irekitzeko akordioak lortu behar ditu. Europako Ekialdeko merkatuetan sarrera edukitzeko Poloniako plataformaren kasua SPRIk dauzkan plan eta helburu horien parte bat da hain zuzen.
SPRIk une honetan 32 agente dauzka mundu osoan zehar barreiatuta. Agente hauek proiektuak lotu nahi dituzte, "Euskadi" inbertitzeko leku erakargarri gisa aurkezten dute. Asian zazpi herrialdetan jarduten dute: Korea, Txina-Pekin, Txina-Hong-Kong, Txina-Xangai, India, Japonia eta Taiwanen. Europan zortzi herrialdetan: Alemania, Eslovenia, Hungaria, Italia, Frantzia, Polonia, Erresuma Batua eta Errumanian. Mediterranio aldean hiru herrialdetan: Maroko, Tunisia eta Turkian. Nafta eta Commonwealth elkarteetako hiru herrialdetan: Estatu Batuak, Kanada eta Mexikon. Ertamerikan eta Kariben sei herrialdetan: Venezuela, Kolonbia, Kuba, Ekuador, El Salvador eta Dominikar Errepublikan. Eta Hegoamerikan bost herrialdetan: Argentina, Brasil, Txile, Peru eta Uruguayen.
1998ko krisiak Asiako Hego-ekialdea eta Hegoamerika gogor astindu zituen arren, SPRIk lanean jarraitu zuen alde horietan euskal enpresen nazioarteratzeko xedean. Horrenbestez, urte horretan elkarlanean jarduteko 33 akordio itxi ziren, beste 80 lanpostu sortu ziren eta fakturazioa 1.000 milioi pezetako (40 milioi libera) kopuruan handitu zen. Akordio horietan aipagarri dira Kuban izenpetutako bi: Lázaro Ituarte enpresak BK-CETI enpresarekin batera balbulak egiteko izenpetutakoa eta LEIA enpresak CITMA enpresarekin batera berrikuntza teknologikorako proiektu batzuk garatzeko izenpetutakoa.
Gisa berean, Eusko Jaurlaritzaren menpeko elkarte honek beste bost kontratu handi gorpuzten lagundu zuen. Besteak beste, Alkargo enpresaren transformadoreen hornidura eta Washingtongo Metroarentzat bidaiarientzako 110 kotxeren eraikuntza aipatu behar dira. Bidaiarientzako tren-kotxe horiek CAF enpresan egin dira eta, horrenbestez, Beasaingo enpresak sarrera izan du Estatu Batuetako merkatuan. Bukatzeko, aipagarria da erakunde honek eskaintzen dituen laguntzak euskal enpresek atzerrian inberti dezaten. Garrantzitsuak dira Bellota enpresak Kolonbian eta Brasilen dauzkan proiektuak, Irizar enpresak Brasilen dauzkanak, Tavex Algodonera eta Artalde enpresek Marokon dauzkatenak eta Ulma enpresak Brasil, Argentina eta Txilen dauzkanak.
Azkenik, Kubako enpresari eta zuzendariei eskainitako prestakuntza da SPRIren egitekoan aipagarria den beste alderdi bat. Horretarako, aldez aurretik euskal enpresa txiki eta ertainetan aplikatutako Zuzendaritzaren Garapena programa erabili da. Egiteko hau bere garaian Eusko Jaurlaritzak eta Kubako Gobernuak izenpetutako hitzarmenen baitan jasotzen da

EAE-K 1,5 BILIOI PEZETA ESPORTATU ZITUEN 1999AN
Iazko azken bi hilabeteetako datu ofizialak oraindik eskura ez dauzkagun arren, huts egiteko beldurrik gabe esan dezakegu Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-balantzak esportazioetan 1,5 biloi pezeta inguru (60.000 milioi libera) erdietsi zituela 1999. urtean, hau da, aurreko urtean baino zertxobait gehiago. Aitzitik, ofizialak dira urteko lehen 10 hilabeteei buruzko datuak, eta horien arabera, esportazioetan 1,3 bilioi pezeta erdietsi ziren, hots, aurreko urtean eta epe berdinean baino %2,2 gehiago. Inportazioak 981.929 milioi pezetako kopurura iritsi ziren, hau da, %5,6 hazi ziren. Hortaz, 1999ko aurreneko 10 hilabeteetan, 456.289 milioi pezetako kopuruan zehaztu zen aldeko saldoa.
Euskal esportazioetan sailik garrantzitsuenak automobilak, traktoreak eta ziklomotoreak (urria arte 286.730 milioi pezeta), eta erreaktore nuklearrak eta galdarak (219.814 milioi pezeta) izan ziren. Urrutira geratzen dira burdinazko eta urtutako metalezko manufakturak (86.073 milioi pezeta), galdaketa, burdingintza eta altzairugintza (81.557 milioi pezeta) eta makina eta gailu elektrikoak (79.555 milioi pezeta).
Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioetatik %64k Europako Batasuna dute jomuga, eta Frantzia eta Alemaniaren artean esportazioen %34 baino gehiago biltzen dute. Italia, Erresuma Batua eta Portugal dira gure produktuak jasotzen dituzten herrialdeen zerrendan hurrengoak. Estatu Batuak seigarren postuan ageri dira; 59.037 milioi pezetako kopurura iritsi ziren Estatu Batuetara eginiko esportazioak. EAEko inportazio nagusiek energia nuklearrarekin, galdaketarekin, altzairuarekin, burdinarekin eta erregaiekin dute zerikusia. Gisa berean, Europako Batasuna da inportazio garrantzitsuenen jatorria. Alemania (140.466 milioi pezeta), Frantzia (136.209 milioi pezeta), Erresuma Batua (87.988 milioi pezeta) eta Italia (77.318 milioi pezeta) dira gure hornitzaile nagusiak. Zerrendan hurrengoak Iran (38.407 milioi pezeta) eta Errusia (28.246 milioi pezeta) ageri dira


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude