TXE! OTORDUETAN DENOK ADOS KARLOS DUGU BIZIPOZ

  • Beren etxe kutunera bueltatu dira Argiñano eta Asegarce, "Otorduan, Karlos Argiñano" egiteko. Errezeta "goxo-goxoak" bere ohiko graziaz euskaraz erakutsiz, beasaindarra euskaldunak ez direnak ere erakartzen ari da. Ez harritu argentinar doinua somatzen bazaio.

2000ko apirilaren 16an
Goi sukaldaritzaren ordezkari izanik ere, mundu guztiarengana iritsi da Argiñano; elitismorik gabe, zuzen eta maitakorra, beti txiste bat xisteran duela. Penintsulako bazter guztietan ez ezik, Latinoamerikan ere oso ezaguna egin da, sukaldari interkontinentala bilakatzeraino. Telebista alorreko bi saririk garrantzitsuenak jaso ditu azken urteotan: "Ondas saria" eta urrezko "TP"a. Duela 10 urte hasi zen Karlos ETBn, Hasier Etxeberriak zuzendua, "Hamalau euskal sukaldari" saioan, zeinean Karlosek menu bat atontzen zuen beste zenbait sukaldarirekin batera; bi plater eta bazkal burukoa, alegia. Horren ondotik, bakarka agertzen hasi zen ETB-2ko "Menu del día"n, astelehenetik ostiralera hamar minutuz plater erraz eta merkeak erakutsiz. Etxeko andreei laguntzen zien eguneroko erosketan sasoian sasoiko janaria aukera zezaten. Lehen ekinaldiak 1990eko otsailetik uztailera arte iraun zuen. Bigarrenak aldiz, urte bereko azarotik 1991ko utzailera bitarte. Ondoren, TVEra joan zen eta horren ostean, Tele 5era, Eva Argiñano arrebak bazkal burukoen ardura zuela.
Argentinatik bueltatu berri, "jet lag" (hegazkinez bidaiatzean sortzen den ordutegi zorabioa) delakoa oraindik gainean zuela ekin zion aurkezpenari, ohi bezain animoso,

"gogo bizia neukan euskaraz saio bat egiteko eta, benetan diotsuet, dardarka nago oraintxe"
esan zuen Karlosek hunkitua.

"Ez dut inoiz ahaztuko gainera, nire tokia sukaldean dagoela, zartagia, antxoak, berdelak, legatz artean. Beste guztiarekin bai, baina janari kontuekin ez nabil adar joka, esaten dudan guztia egia da. 3.500 saio egin ditugu guztira, guk, diot, daukadan lantalde bikainarekin edozer egin daitekeelako".
Telebistaren kontua afari batean hasi zen, hotela eraikitzeko jatetxea 9 hilabetez itxi behar zuten garaian.

"Josu Erguin, Joan Manuel Serrat eta hirurok goizeko 5ak arte txistetan aritu ginen. Eta orduan, ezetz txiste liburu bat atera bota zidaten; nik ordea, beste gauza bat proposatu nien, sukaldaritza saio bat egingo nuela, alegia. Eta handik gutxira Josu Erguinek hordagoa onartu eta saioa taxutzen hasi ginen".

SUKALDEAN ADISKIDETUZ.

Azkenaldian, Asegarce eta ETBren artean aspaldi hoztuta zeuden harremanak ostera epeldu dira. Pilotaren kontuarekin Aspe eta Asegarce eztabaidan ari zirela, Argiñanoren gaia atera zen eta nahiko azkar gauzatu zen akordioa. Adiskidetzeak benetakoa dirudi eta Asegarcekoak irrikitan daude ETBn gauza gehiago egiteko; ETBkoen aldetik ere jarrera irekia dago. Litekeena beraz, epe erdira saio gehiago lotzea.

"'Menu del dia' hasi zenean hasieratik oso harrera ona izan zuen, eta gu txiki utzi bagintuen ere, orain etxera itzuli da, eta guretzat luxu bat da halako komunikatzaile bat ETBn aritzea, euskaraz, gainera"
esan zuen Bingen Zupiria ETBko zuzendariak. Horren harira, jakinmina zegoen Karlosek euskaraz gazteleraz adinako hitz-jarioa izango zuen ala ez ikusteko,

"badira euskaraz ni baino hobeto moldatuko liratekeen sukaldariak, baina badira ere ilehori begi urdinak eta morroskoagoak. Nik behinik behin, betidanik egin dut euskaraz etxean".
Hasier Etxeberria ETBko kazetari eta idazleak dioenez

"hamar urtetan izugarri hobetu du bere euskara Karlosek. Nabaritzen zaio denbora honetan sei seme-alabekin euskaraz mintzatu dela".
Grabazioak ez dira Zarauzko jatetxe-hotelean egiten, Urnietan Asegarcek duen baserri-estudioan baizik. Bertan dago kutunki zaintzen duen baratza. Saioaren berrikuntza nagusia kamera txiki baten erabilera da, urtaro edo garai bakoitzeko igali, landare, leka eta barazkiak nola hazten diren ikusteko aukera ematen duena. Errezeta bat eginez, haragi, barazki, fruta eta arrainak nondik datozen, erosteko eta jateko sasoirik onena zein den, eta bata bestearengandik bereizten jakitea azaltzen du. Halaber, plateren arteko atseden uneak baliatuz, telefonoz lagunen batekin edo zerbait galdegin nahi dion norbaitekin solastatzen da.
ETB-1en hastearekin batera, Argentinako telebistan ere egunero abiarazi du bere saioa Karlosek.

"ETB Sat-en presentzia gehitu egin behar da bertan, La Pampa eta Mar de Platan dezente ikusten bada ere, TVG Galiziako telebista da jarraituena. Argentinari bosgarren eskualde galiziarra deitzen diote".
Errezetak egiteko

"hango erara moldatzen naiz. Hasteko, argentinarrek urtean 65 kilo haragi jaten dute, eta arraina ia batere ez, 2 kilo urtean. Euskaldunok berriz, guztiz kontrakoa. Pasta ere oso sartua dago, italiar jatorrizko jende dezente dago-eta".
Hargatik, ez da gazteleraz mintzatzen, argentinarrez baizik. Izan ere, janari izen eta esamolde ezberdinak dituzte,

"izen bitxiak daude benetan, esate baterako, bainak, 'chachak' dira, babarrunak, 'porotos', ilarrak, 'arbejas', alkatxofa, 'alcaucin', piperra, 'aji', kalabazina, 'zucchini', txerria, 'chancho', eta abar. Euskaldunoi berriz, egoskorrak ('cabeza duras') eta ausartak ('hombres de valor') deitzen digute".
Karlos gehien harritu duena ordea, han kalean edozein tokitan ikusten den lanbide bat izan da,

"zakur zaintzaileak. Umezainak balira bezala, gazteek 20 edo 25 zakur eramaten dituzte denak batera lokarriekin helduta; hor behintzat ez dituzte jaten, Tailandian bezala"

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude