"EH-K BOTO DIZIPLINA ESKATU DIGU, EZ DUGU AUKERARIK IZAN"

  • Batzarrek bazekien zailtasunak izango zituela EH egituratzerakoan. HBren alboan izan da sarri baina desberdintasun handiekin ere bai. Su-etenaren hausturak EH uztera eraman ditu duela gutxi. Jesus Urrak azaldu digu une hau nola ari diren bizitzen.

2000ko apirilaren 16an
Euskal Herritarrok taldearen barruan egon zarete urtebete pasatxo. Zein da denbora horretaz egiten duzuen balantzea?
ETAren suetenarekin iraultza bat zabaldu zen euskal ezkerran, eta une hori hartuko nuke abiapuntutzat. Euskal ezkerraren iraulketa eman zitekeela ikusi genuen eta prozesu horretan bete-betean egon behar genuela ikusi ere bai. Berehala etorriko ziren hauteskundeak, EH-Nafarroa sortu zen eta eztabaida sakona izan genuen HBrekin. Zerrendak, hauteskunde egitasmoak... halakoetan sortzen diren ohiko desberdintasunak sortu ziren. Udal hauteskunde aurretik eta ostean izan dira desberdintasunak, baina edozelako koalizioa eratzekotan egoten direnak, nire esperientziak behintzat hori esaten dit.Desberdintasunik handienak, ostera, hauteskunde ostean etorri ziren, uda ostean: abstentzioaren hautua, Euskal Herri mailako legebiltzar eratzailearena, su-etenaren apurketaren iragartzea, geroago atentatuak. Jadanik giro aldrebestua sortu zen eta desberdintasun gero eta sakonagoak HBrekin.

Baina zeintzuk ziren desberdintasun horiek?
EHk ez zuen funtzionatzen eta guretzat su-etenaren haustura erabatekoa izan da gure erabakia hartzerakoan. Apurketa hori, su-eten eta halako prozesuetan gerta daitezkeen gauzak dira, baina jadanik Buesaren aurkako atentatuarekin ez genuen inongo bermerik. Ikuspegi politikotik ETA ENAMen bizkar-hezurra izan da. Gaur egun ez da izango duela hogei urte zena baina harreman horretan, beraientzat nahiko gauza naturalak diren gauza batzuk guretzat erabat berriak dira. Batzarre ez da ENAMeko tradiziokoa eta ETAren jardueraren aurrean aldentze publiko hori adieraztea oso garrantzitsua zen guretzat.

Esan liteke, beraz, su-etenak jarraitu izan balu, Batzarrek gaurkoz ez zuela EH utziko?
Ez dizut esango arazorik ez denik egon, baina gure buruan ez zen sartzen EH uztea. Arazoak, ordea, baziren. Adibidez, nafarrek izan behar dutela Nafarroari buruzko erabaki sujetuak. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetatik oso desberdina da eta guk Nafarroako EHren autonomia oso handia defendatzen genuen. Nafarroako gizartearen aurrean, nafar baskismoaren erreferentzia nagusienak hemen egotea; hau da, erreferentzia horiek ez daitezela izan hemen Arzalluz, Ibarretxe edo Otegi. Nabarrismo eskuintiarrarekin aurrez aurre ari garenez, tankera horretako tartekatzeak automatikoki legitimitatea galtzen du nafar gizartearen zati batentzat eta horrek guri arazoak sortzen dizkigu. Horrez gain, beraiek boto diziplina eskatu digute, eta horrek ez digu aukerarik eman EHren barruan gure nortasuna mantentzeko.

Zuen lerroetan ere entzun da pazientzia handiagoa behar zela, hain zuzen orain, EHren egituratze prozesua hasi denean utzi duzue EH.
Ni neu itxarotearen aldekoa nintzen, baina kolektiboa tentsio handia jasaten ari zen. Gure kolektibo soziala ijitoak bota behar ditugula esanez badatorkit, nik ezetz esango dut, printzipio kontua da eta bakarrik geratu behar badut, bakarrik eta kito. Baina kontu honetan ez. Nik argi dut ETAren jarduera kaltegarria dela gaur egun, eta bereziki Nafarroan. Gure gorputz sozialaren bultzadaren aurrean argudio gutxi geratzen zitzaigun gehiago itxarotea nahi genuenoi: 335 lagunek hartu zuten parte erabakian eta horietatik %80 ateratzearen alde agertu zen.

HBk abstentzioaren aldeko hautua egitean, zuek kritikatu zenuten Mahai Nazionalak abstentzio proposamena erabakita eramatea batzarretara. Zuen zuzendaritzak ere erabakia hartuta -EH uztearena- eraman zuen gaia batzarrera.
Bai, baina desberdintasuna oso agerikoa da. Proposamen hori, guk Koordinadora Zabaldua deitzen dugun bilera batean egin zen eta honetan 60 pertsonek partehartzen dute. HB mailan, hori egiteak suposatuko zuen 700-800 pertsonako organo bat biltzea. Hor da desberdintasuna. Ordezkaritza maila handiak eraman zuen proposamena batzarrera. HBren kasuan, oker ez banago, Karmelo Landak eman zuen berria "Gara"n emandako elkarrizketa batean. Hori erabakitzerakoan bi erakunde baldin bagaude EHn, logikoena da gutxienez kontsultatzea. Bai, gero esan ziguten ea EHko batzarrak egin nahi genituen gaiaren inguruan, baina beraiek dagoeneko HBrenak eginda zituztenean, guretzat ez zuen zentzurik.

EHn egon den garaian, erabakiak hartzerakoan bere iritziak tarte gutxi zuela sentitu al du Batzarrek?
Hau nire iritzia da, ez Batzarrerena, beste askok beharbada ez lukeelako berdin pentsatuko. Bagenekien prozesu hau guztia biziki gaitza eta korapilotsua izango zela, argi eta ilun askotakoa, bereziki HBrentzat. Beraz, ezin dira eskatu harreman erabat normalak egoera ez normaletan. Erakunde bakoitzak bere nortasuna gorde behar du EHn, desberdintasuna gorde eta komunekoa batu, bestela, denok berdinak izateko ez jarri ados Batzarrerekin. Halakoetan, egoera oso korapilotsua bihurtzen da, hautetsiak direla eta ez direla, baina epe ertainera, eta emango balitz ETAk su-etena eman zueneko tamainako aldaketa, hausnarketa egin beharko genuke berriz. Batasuna eztabaida prozesuak ekarriko al du tamainako aldaketarik? Borroka armatua eta enfrentamendu giro gogor honek jarraitzen badu zalantzak ditut, oso baldintzatua egongo delako.

Orain, EHko Batzarreko hautetsiekin zer egin erabakitzeko zuen botoemaileei egin behar diezue kontsulta. Nola jakin zeintzuk diren zuen botoemaileak eta noizko emaitzak?
Lehenbizi errolda egin behar dugu. Zergatik egiten dugu horrela? Bada, laurehun pertsonek bakarrik erabaki ez dezaten, gure jendeak zer pentsatzen duen jakin nahi dugulako. Gure botoa oso bilduta dago, udal hauteskundeetan 10.000 bat boto izan ditugu eta foru hauteskundeetan 6.500. Guk gutxienez mila pertsonek zer nahi duten jakin nahi dugu, hau da botoemaleen %10-20 artean. Egun bi jarrera daude Batzarren: karguak mantentzearena bata, eta uztearena bestea eta uztearena batez ere Iruñeko Udalekoa eta Legebiltzarrekoa nagusiki. Lesaka eta Atarrabian, adibidez, gure joera uztearena da, hor lehen ere ez genuen ezer eta. Zalantzak edo arazoak egon daitezkeen kasuetarako Garantia Batzorde bat osatuko dugu eta hark erabakiko du. HBk dio Legebiltzarrekoa eta Iruñeko udalekoa bere esku geratu behar direla, lehenengoan %3 lortu ez dugulako eta bigarrenean %5. Baina EHk ere lortu zituen emaitzak lortu bazituen, gure ekarpena hor egon zelako izan zen.

Hauteskundeak pasatu dira, EHtik atera zarete... Zein baldintza bete beharko luke aurrerantzean Nafarroako ezkerrak, gizartean duen indarra politikoki egituratzeko?
Lehenbizi gure munduaz arituko natzaizu, EH, Batzarre, intsumisioaren munduan ibili direnak, feminismoan, mugimendu sindikala... Unibertso zabala da eta zenbait plano bereizi beharko lirateke. Lehenik ikuspegi nazionala berraztertu beharko litzateke, eta euskal-nafar identitaterantz jo beharko genuke, Nafarroan dauden identitate guztien batuketa litzatekeen identitaterantz. Nafarroako identitatea ehunka urte elkarrekin egotearen ondorioz sortu da, instituzio batzuek, ohiturak... Identitate hori ez da oinarritzen ez hizkuntzan, ez kulturan, aipatu dudan tradizio horretan baizik. Euskal nazionalismotik atera dena, identitate horrekiko begirune eza edo, besterik gabe, asimilazioaren ideia izan da. Nafarroan euskal nazionalismoa indartsua da bere kultur adierazpideetan, baina txikia bere izaera politikoan. Hau aspalditik dator, EAJk 30eko hamarkadan inoiz ez zuen botoen %9 baino gehiago lortu. Gehiengoaren arauak onartu beharko dira, baina gutxiengoentzat gune erosoa eraikiz, jendeak ez baitu identitatez aldatzen gutxiengoan geratzen delako.Horrez gain, ikuspegi orokorrago batetik ere, diskurtso abertzale-baskista bera aldatu beharko litzateke, diskurtso modernoagoa eta integratzaileagoa eginez. HBk uste du abertzaletasunarekiko bere diskurtsoa dela legitimoa den bakarra, eta horrekin apurtu egin beharko litzateke; hizkuntza, lurraldearen ikuspegi bakar hori... nahiko nituzke nik ere, baina hemengo jendeak ikusten ez baditu, Euskal Herria kulturalak Euskal Herria politikora egokitu gabe jarraituko du.

Mamiaren zati bati buruz aritu zara. Eta estrategiari dagokionez?
Aldaketa garrantzitsua behar da. Azken hogei urteetan, presio politiko-militarra, mugimendu soziala eta hauteskundeen bidea jorratu dira. Herritarren sostengu garrantzitsua lortu dute ETAk eta HBk, baina hori ez da nahiko. Estrategia horrek isolamendua dakar, eta oso baliagarria zaio eskuinari, tartean dauden indar asko erakartzen ditu eta. Hori da azken hauteskundeetan gertatu den gauzetako bat, jende askok eskuinaren itzalera jo duela.

Eta bere zentzu ideologikoan ezkerrari dagokionez, zer behar ikusten dituzu?
Mundua aldatu egin da, ekialdeko eredua erori zenetik ezkerraren ideiak berak aldatu dira, euskal gizartea aldatu da... baina ezkerraren diskurtsoa ez da aldatu. Eraberritze handia behar da ezkerraren diskurtsoan. Orain EHren eztabaida prozesurako sozialismoari buruz dauden tesiak sostengaezinak dira: makalak dira, ez dute ezer zalantzan jartzen, estatuaren ikuspegiaren azterketa, modernismoa-posmodernismoa... mila kontu geratzen dira zintzilik. Eta, azkenik, egungo gai potoloa: ea nola egiten den ETArik gabeko indar sendo bateranzko birmoldaketa. Hori dela eta tentsio handia dago HBn, HB ez baita mundu homogeneoa, baina HBko joera guztiek badakite banatuz gero itsasuntzia hondoratuko dela. ETAk jakin behar du birmoldaketa hori ahalik eta azkarren egin behar dela.

Itoizeko epaia, euskararen aurkako erasoak, manifestazio eskubidearekiko murrizketak... Nafar eskuina inoiz baino ausartago bide dago.
Gauza bat da nahi dutena eta bestea egin dezaketena. Adierazpen batzuk gehiago edo gutxiago egon daitezke, baina sakonean PSN gobernuan zegoen garaia eta hau ez dira oso desberdinak. Euskararen kontuetan, esate batera, zelaietan ateak jartzeko ahaleginaren tankerakoa dela uste dut; instituzioek alde edo aurka egin asko esan nahi du, baina garrantzitsuena borondate soziala da. Beraiek ahalik eta txikien nahi dituzte euskal adierazpenak eta norabide horretan ari dira egiten ahaleginak. Edozein modutan, euskararen kasuan oso zaila ikusten dut zerbait egitea, Nafarroan euskarak nahiko sostengu handia duelako eta norabide horretan zerbait egiteak oso erantzun sozial gogorra ekarriko lukeelako. Itoiz ere aipatu duzu, eta hori korapilotsuagoa da, jende asko dagoelako Itoizko urtegia egitearen alde

EZKERREAN JORRATUTAKOA
Batzarreko bozeramaileetakoa da gaur egun eta eguneroko jarduna Zutikeko bulego politikoan ematen du 1990az geroztik. Iruñekoa, 52 urte eta horietako asko ezkerreko saltsa-maltsetan egosiak: trantsizio aurreko CCOOko zuzendaritza, EMC, UNAI, EMK, Zutik... EHraino. Ondo ikasitakoa da koalizioen egite eta desegiteez. Seminarioan egin zituen filosofia ikasketak.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude