TXAPELKETAREN ZERTZELADAK: BROTXA LODIZ LAU INPRESIO

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

SALDA BADAGO.

Aurtengo txapelketak oholtza gaineko saioen seriotasuna hankaz gora jartzen duen beste ukitu bat ere izan du. Batez ere lehen fasean igarri da, afalostean lehiatu baitziren taldeak. Giroa pilpilean eta barrua berotuta, entzule askok ezin izan zion tentaldiari eutsi, eta espontaneoek ere tokia hartu zuten. Zarauzko kasua horren adibide, bertso eta kantu zaharrak kantari itxaron zioten mahaikideek beste saio batetik berandu iritsi zen bertsolariari. Egin zuten Zarautz-Zarautzen aurkako derbia, eta entrenatzaile lanetan ibilitako bi gaijartzaileek bukatu zuten saioa, behin berotuta beraiek ere jokoan sartzea erabaki baitzuten. Hernanin ere, argazkian ageri den gizonak bere trebezia erakusteko aukera izan zuen, publiko artetik eta entxufatu gabeko mikrofonotik aritu bazen ere.


OBSESO BERTSUALAK.

Batzurena jada gaisotasuna da. Ahoz aho transmititzen dute sindromea. Obseso bertsualak dira. Ikusi ditugu autobusetan iristen bere herria animatzera. Pankartak eskegitzen dituzte. Apustuak ere jokatu dituzte talde baten edo bestearen alde eta kuttunenak bakandu ahala txaketaz aldatu eta beste bandoetara afiliatu dira. Erniope taldeko kide batek dioenez, «

haseran taldea bakarrik ginen Erniope, eta orain mundu guztia Erniope da
». Lehiaren morbora beti inguratzen da jendea, nola putreak haragi ustelera. Burrunban abiatu dira desafioa zegoen tokira: gaurdaino bertsozaleak izan gabe askok saio ugari tragatu du laguna animatu beharrez. Beste batzuren kasuan esperimentuak ez du arrakastarik izan eta saltsan sartu gabe lo hartu dutenak badira. Lehendik bertsoari bizioa ziotenentzat aldiz, sekulako pagotxa izan da, hainbat bertsolari-jenero ezberdin gozatzeko aukera izan baitute ia asteburuero. Lehen faseko bertso afarietan ehun, ehun eta berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren herri bakoitzean. «Petit comité» bihurtu ziren saioak, lagunartean aritzeko politak. Ondoren aretoetara egin zuen jauzi txapelketak eta espero baino askoz entzule gutxiago inguratu zen. Baina kanporaketak aurrera joan ahala txapelketak irabazi duen ikusminarekin eta egindako publizitate lanari esker, berriro aretoak bete dira. Batipat gero eta gorago geratzen ari ziren herrietako zaletuz. Baina badira entzule batzuk, berdin zaienak zein saio den edo nork abesten duen. Publikoko aurpegi berrien artean izkutatzen dira betiko bertso-edozer-jaleen karikaturak. Bertso onekin oiloazala loratzen zaie. Goimailako kalitateko dosi txiki hori zainetaraino iritsi, eta puntu goren horretan zutitzen direnak ere badira, ikus argazkia.


ANTOLAKETA AUTOLAKET.

Oholtzako fokopean bertsolarien jarduna da ikusten dena, baina hori ez da icebergaren gailurra baizik. Horren azpian antolakuntza oso bat dago, beti itzalpean geratu harren goiari eusten diona. Aurtengo txapelketak herri osora zabaldu du porteadore lana, Unai Agirre sherpa zutela. Talde bakoitzaren esku geratu da, lehen fasean batez ere, herri horretan jokatuko zen kanporaketaren antolaketa ardura osoa. Batzuk euren bizkar hartu dute gaiak jarri eta ideiak biltzeko zama. Gaijartzaile gehienak berriak izan dira, eta lehen inpresioan gehien arritu dituena uste baino lan zailagoa dela izan da. Erniopeko gaijartzailetako bat den Urtzi Basterrikak zioenez «

Ikusle garen aldetik zer gai jarri jakiten dugu, baina nola jarri ikasi dugu
». Besteek epaileen pisua hartu dute beregain. Saioak iragarri eta kartelak pegatzeko lan likatsua ere egin dute beste batzuk. Afaria prestatu eta zerbitzen zikindu eta busti dira asko. Megafonia jarri eta frogatzen karaokea deskubritu du zenbaitek. Eta argazkiak ateratzeko, zein saioak kasetez eta bideoz grabatzeko begiak erne izan dituzte besteek. Honek balio izan du jende berria bertso mundura ekartzeko, eta bertso munduko jendea beste saltsatan aritzeko.


GENERAZIO KOKTAILA.

Erreserbakoa eta urteko ardoaren nahasketak aho zapore gozoa utzi du. Berreskuratu dira bodegatik jendartera urtetan atera gabeko jeneroak. Txapelketetan ateratzeari utzi zioten Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Jon Sarasua... eta bertsosaioetan kantatzeari berari utzitako Anatx, Olalde, Aizpurua, Goikolea... Bestalde, lehen aldiz Gipuzkoako txapelketara merkaturatu diren elementuak ere ezagun egin dira. Horien artean daude Mantxi, Julen, Imanol eta Nahikari zarauztarrak. Baita Azpeitiako Jokin edo Leire ere. Eta lehen saioa txapelketan egitera ausartu dira beste batzuk. Hala nola Hernaniko Ibon Miner edo Aretxabaletako Kike Dapena. Jauzi hau nekez emango zuten taldearen segurtasun sarea azpian izan ez balute. Honek kualitate ezberdinetako karta zabaldu du. Estilo gozoa, landua, zuria, gorria, zaharra, ozpindua, lehorra, punta puntakoa, merkezurrekoa... dastatu ahal izan dugu.


LIDERRAK PELOTOIAREN BILA.

Bertsolaritzaren osasunari txapelketak ekarri dion onurarik handiena dake. Herri bakoitzean bertsoaren munduan orbitan zebiltzan izar eta asteroideak batu ditu. Talde bakoitzean bildu dira gaijartzaile bana (gutxienez), epaile bana eta hiru bertsolari (gutxienez). Horiez gain, taldeko argazkian kabitzen ez diren botilero asko egon dira: zaletuak, elkarteetako sukaldariak... Entrenamentuak ez dira txantxetakoak izan: astero pare bat aldiz bildu dira talde gehienak. Normalki afaritan beroketak egin, eta ondoren jarri dute bere burua martxan. Gaijartzaileak izan dituzte manager, entrenamenduak zuzendu eta lana aginduz. Lehiaren aurreko egunetan irteera bat eginaz konzentratu direnak badira, edo txapelketarako entrenatzeko txapelketak antolatu dituztenak erebai. Hau guztia ez da kanpora begira ikusten, aldageletan geratzen da. Hala ere taldelanak ekarritako jokaldi polit batzuk ikusi ditugu txapelketan: Hernaniko Txisplau taldeak agurrak aprobetxatzen zituen erdi imno bihurtu zuen bere taldeko estrofatxoa botatzeko. Zarauzko taldeak berriz, gai bati talde osoak kantatu behar izan zion lehen kanporaketan, eta hiru taldekideek beti bukaera berarekin bota zituzten bertsoak: «limosnatxo bat eskatutzen det /jainkoaren izenian.» Saioari originaltasun handia eman zion, eta taldeari batasun irudia.
Gaur arte bertsolari askok ez du herri bereko beste bertsolari eta zaleekin harreman askorik izan. Eta txapelketak batu eta elkarlanean jarri ditu. Hargatik, sortutako lagunarte giro hau da partehartzaile askok txapelketaz gorde duena.
F. Irazustabarrena gaijartzailea
Zergatik hartu dute parte talde bakoitzak hautatutako epaileek?
Txapelketaren filosofiari jarraituz, pentsatu zen bertsolariez gain txapelketako beste multzoak ere bultza behar zirela, eta herri bakoitzetik epaile bat sartu da. Talde iraunkorreko partaideak berriz aspaldi zebiltzan lanean, baina talde gisa oraintxe sendotu da.

Nola trebatu dira epaile berriak?
Hasieratik garbi genuen denekin ezin izango zela ikastaro osorik egin, asko zirelako. Zeukaten bertso ezagutza zeukaten, eta horrekin erantzun beharko zioten bere lanari. Egin duguna izan da egin behar duten lanaz konsziente izaten saiatzea, eta bere lanak duen garrantzia zentratzea... Beste zati bat mekanika azaltzea izan da. Badago irizpide txosten bat, hori zabaldu, eta irizpide horien dudak argitu ditugu.

Zein da zure balorazioa?
Positiboa da hasieran markatu ziren helburuak betetzen direlako: jende berriak epaitzen du... Praktikan zuzen egin duten edo ez, subjetiboa da. Nik uste dut orokorrean jendeak konszienteki eta serio lan egin duela. Orain, asmatu duten edo ez, betiko eztabaida da, bai herrietako epaileen lana juzgatzerakoan, bai iraunkorrena...

Aurrera begira zer ekar lezake?
Epaileen eskaera ez da ikaragarria, txapelketetan bakarrik behar baitira. Baina badago asmoa talde iraunkor xamar bat sortzekoa, eskaerei erantzuteko, gaztetxoen txapelketarako eta abar

Saroi Jauregi Gai jartzailea
Nolaz sartu zara gai-jartzaile?
Ni kasualitatez sartu nintzen. Herriko bertso afari batzutan jarri izan ditut gaiak eta aurkeztu ere bai, baina bestela lehenengo aldia izan da. Zaldibiko taldean Altzo Txiki ibili zen antolatzaile eta esan zidan gaiak jarri eta aurkezteko norbait behar zutela eta nigan pentsatu zutela. Gaiak bion artean elkartu eta aurkezpena moldatu genuen.

Nola moldatu dituzue gaiak?
Gai jartzaile talde iraunkor bat dago eta gero talde ezberdinetakoak biltzen ginen haiekin. Denen artean aportazioak bildu eta erredaktatzen joan gara saioz-saio, baina ardura gehienbat gure esku egon da.

Zer nolako esperientzia izan da, lehen aldia izateko?
Esperientzia ona izan da, urduritasun pixka bat ere sortu dit, baina nik uste polita izan dela. Esperientzia gustatu zait eta jarraitzeko asmoa ere badut, baina espero dut lasaiago hartzea, zeren eta bi hilabetetan, inoiz azaldu ez eta bat-batean Azpeitiako finala aurkeztu beharra...

Zozoak beleari zuri

Txapelketa honetan hiru belaunaldi mikrofono beretik aritu dira kantari. Hasiera batean zahar eta gazteak ondo uztartuko ziren kezka izan arren, denak eroso sentitu dira elkarrekin taldean zein saioetan.
Txomin Garmendia:
«

Txapelketak eman duena da gaztediak jende aurrera azaltzeko egokiera, jendeak eta herriak ezagutzea. Nik, adibidez, Andoni Egaña nola ez nuen bada ezagutuko, baina bere lagunak ez nituen ezagutzen, eta beste gazte askorekin horixe gertatu zait. Hori alderdi on bat da. Hain partaide ugariko txapelketarik ez da behin ere izan, nire gogoan behintzat. Gazteria ezagutzeko izan da batipat, baina badirudi txapelketa honi esker zaharron izena ere komunikabide guztietan dabilela
».
Ainhoa Agirreazaldegi:
«

Esperientzia dutenekin aritzeak ilusioa egiten du. Haien ondoan kantuan ari garenean gazteok ere hazi egiten gara, eta ikasteko aukera ona da. Gainera afaritan edo hizketan kontatzen dituzten kontuak ere beti dira aberasgarri
».
Aitor Usandizaga:
«

Aukera eder bat izan da elkarrekin bildu eta geure giroan kantatzeko. Hasieran planteatu zen bezala gazteei aukera eman zaiela egia da, baina behin aurrera iritsita konpromiso handia dela iruditzen zait
».
J.M Irazu:
«

Gozatu ederra hartu dut, formula oso polita iruditzen zaidalako, lortu diren harremanak eta giroa ederrak izan direlako, eta erakutsi duelako ez duela beste inongo txapelketaren inbidiarik
».
Iñigo Manzisidor «Mantxi»:
«

Plazaz plaza ez gabiltzan gazteak orain arte ibili gara aukera bat eskatzen konsagratuekin kantatzeko, jendeak kontuan hartuko dituen saio eta egoera batzutan kantatzeko. Txapelketaren formula horrek eman digun laguntza hain zuzen eskatzen ari ginen hori izan da
».
Andoni Egaña:
«

Disfrutatu egin dut, batez ere entrenatzen eta gazteekin
».


Azkenak
Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


Hilberria
Fermin Leizaola etnografoa hil da, 81 urterekin

Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.


17 urteko neska bat elektrokutatuta hil da Araiako tren geltokian

Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.


2025-06-17 | Mikel Aramendi
“Lur arraroak” edo “mineral estrategikoak”?

Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]


Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela

Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela... [+]


EAEko Kultura Sistemaren Legea, Espainiako eskuinaren esku?

Jaurlaritzak lizitaziora atera zuen proiektua, “lan teknikoegia” delako. Ia 80.000 euro jasoko ditu Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP enpresa madrildarrak, “egoeraren diagnostikoa” eta legearen hasierako proiektua egiteko. Enpresa horren... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


2025-06-17 | Gedar
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”

Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.


Herri Sanferminak festarako prest

O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.


UEMAra beste bost herri batu dira eta plan estrategikoa adostu dute

Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.


Istilu arrazistak gertatu dira Martzillan, eta bizilagunek adingabeen zentroa ixtea eskatu dute

Joan den asteko asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean istiluak izan ziren Martzillan (Nafarroa), eta hainbat bizilagunek harriak eta aulkiak jaurti zizkieten zentroan zeuden etorkin adingabeei. Bizilagunak kalera irten ziren igandean, "herri seguru bat defendatzeko"... [+]


BSHko langileek Eskirotzeko lantegiko sarrera moztu dute berriz, kaleratzeen aurka

Joan den astean iragarri zuen BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela langile batzordeak, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerei jaramonik egin gabe. Asteartean egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziatzeko lehen... [+]


B etiketadun ibilgailuak Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea debekatu dute

Neurriak orain arte, A etiketadun eta etiketarik gabekoei eragiten zien.


Subflubialaren proiektua gelditzea eskatu dute Leioako Artatza parkeko kanpaldian

Ekainaren 14 eta 15ean ibaipeko subflubialaren proiektuaren aurkako kanpaldia egin zuten 200 lagun inguruk Subflubiala Ez! plataformak antolatuta.

 


Eguneraketa berriak daude