Climate Clocken arabera 3 urte eta 251 egun gelditzen dira 1,5 graduen muga ez gainditzeko. Hilabete honetan zenbait albiste klimatiko gogor jaso ditugu, errate baterako, atzera bueltarik gabeko puntua gainditu ahal izan dutela koral arrezifeek.
Larritasun testuinguru honetan Jean-Batiste Fressozen Sans Transition liburua, LARRUNen 311 zenbakian hizpide hartu dena, trantsizio energetikorik gertatu ezin dela eta fartsa bat dela justifikatzeko erabiltzen ari da han-hemenka, kontsentsu zientifiko eta klimatikoaren aurka. Liburutik hori ondorioztatzea ez da zuzena nire aburuz. Fressozek berak onartzen du liburuaren hasieran “ez duela inolaz ere ezinezkotzat jo nahi energia iturrien arteko trantsizioa” [Jean-Baptiste Fressoz (2025). Sin Transición. Una nueva historia de la energía. Arpa. 8-9 orriak].
Gainera, trantsizio honek zenbait berrikuntza ditu aurrekoen aldean, autoreak aipatzen ez dituenak. Adibidez, krisi klimatiko baten testuinguruan, lehenengoz trantsizioa bera da helburua, energia iturriak ordezkatzea, ez bertzerik gabe energia iturri gehigarriak bilatzea, eta iraganean intentzio hori ez zen batere argia, orain kontsentsua delarik. Bertzalde, gaur egun baditugu teknologien “bizi zikloaren” azterketak. Trantsizio honi dagokionez bi ondorio nagusi horren haritik. Batetik, ez da egia berriztagarriek erregai fosilak behar dituztenik edo haien “apendize” huts bat direnik. Kalkulatuta dago: eolikoen ziklo osoko karbono aztarna 11 gramokoa da (CO2eq/kWh), petrolioarena 840 eta ikatzarena 1.000. Bertzetik, sistema berriztagarriak fosilak baino askoz aztarna material txikiagoa du: erregai fosilak lurra zulatuz egunero atera eta erretzen dira. Plaka baten materiala behin atera eta 30 urtez erabiltzen da eta berrerabiltzeko potentziala du.
EAEko kontsumoaren %80 baina gehiago erregai fosila da. Non jartzen ari gara fokua mugimendu, hedabide eta herritarrok? Zenbat manifestazio egon dira eolikoen aurka eta zenbat ikusi dira konbustiozko kotxeen kontra?
Baina, batez ere, liburuak historiara atzera begiratzen du, baina, ez du oraina aztertzen, oraingo trantsizioa epaitzeko erabiltzen ari bada ere. Aztertzen denean ikusten ahal da berriztagarriek fosilak ordezkatzeko ahalmena dutela. Ikerketa zenbaitek hori erakutsi dute. Mundu mailan, berriztagarriak jarri izan ez balira CO2 isuriak 4.000 milioi tona handiagoak izanen ziratekeen 2023an. Alemanian eragotzi diren GEI isurien %80 berriztagarriei esker izan da. Uruguain gertatu dena izugarria izan da. Orduan, zergatik jarraitzen dute isuriek goiti? Ba, hain zuzen, trantsizioa mantsoegi doalako! Metafora bat: sute erraldoi baten aurka ur balde batekin ari bazara ezinean, hortik ezin da ondorioztatu “urak ez du sua itzaltzen”. Aise ur balde gehiago behar direla baizik –eta bertzelako teknikak, eta suak pizteari uztea–. Berriztagarriekin berdin. Baina, halaxe ari gara: ur baldeei ostikoka, sutea hedatzen den bitartean.
Edozein kasutan, hitzaldian bota eta lerro-burura eraman diren batzuekin marra gorriak gainditu dira. “Energia trantsizioak zakurrago egiten du lan, baina funtsean klimaren negazionismoaren baliokidea da” erratea astakeria galanta da: itxura sofistikatua duen hitzontzikeria. Eta gure pasibotasun klimatikorako behar genuen morfina. Eta bereziki kezkagarria da autoreak kizkurra kizkurtzen duelako justifikatzeko trantsizio energetikoaren diskurtsoarekin kontuz ibili behar dela 1970eko hamarkadan atomistek sortu omen zutelako, baina lasai ederrean parekatu ditu trantsizioa eta negazionismoa erreakzio fosilista betean gaudelarik –klimari buruzko posizioen biraketa: Trump Parisko Akordiotik atera da eta berriztagarrien aurka ari da, Greenpeace-ri 660 milioi eskatu dizkio oliobideen enpresa batek, errekuntzako autoen debekua Europan atzeratzeko arriskuan dago eta ultraeskuina Akordio Berdearen kontrako gerran–. Aldi berean, EAEn trantsizioa blokeo egoeran, banaz bertze Europako isuri altuenetakoak dituen populazioak.
Baina, berriztagarriak ikusten dira eta oliobideak ez. LARRUNen azalak bai asmatzen du gauza batean izebergaren metaforarekin, errealitatea ez baina bai gure pertzepzioa islatzen: energiaren “punta” ikusgarrian dugula alarma, arazo fosil erraldoia ikusezin zaigularik. EAEko kontsumoaren %80 baina gehiago erregai fosila da. Non jartzen ari gara fokua mugimendu, hedabide eta herritarrok? Zenbat manifestazio egon dira eolikoen aurka eta zenbat ikusi dira konbustiozko kotxeen kontra? Inbutuaren Legea da hau. Lur-azpian edo Hego Globalean daudenean inpaktuak, ez dira eskatzen moratoriak.
…
César Renduelesek erranen lukeenez, Gerrako partea: eguraldi iragarlea defendatzen tanta hotzaren kasuan, suteak ez direla piztu mineral arraroen harrobiak egiteko udan eta trantsizio energetikoa negazionismo klimatikoa ez dela argudiatzen Euskal Herrian. Hortxe gaude.
Gorka Laurnaga
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.