"FRUSTRAZIO ITURRI IZAN DAITEKE BILTZARRA"


1999ko urtarrilaren 31n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Z

ure kezka nagusietako bat Euskal Herri izeneko hau kategoria politiko, geografiko edo kultural gisa noiz sortu zen ikertzea izan da. XVI. mendean jada Leizarragak «Euskal Herria» hitza komunitate linguistikoaren batasuna eta eremu geografikoa izendatzeko erabiltzen zuela diozu. Haatik, zure ustez XIX. mendean sortu zen Euskal Herria kategoria politiko gisa euskaldunen buruetan, juxtu Frantziako Iraultzaren eta karlistaldien ondorioz Iparra eta Hegoa elkarrengandik urruntzen eta erakundetze desberdinak hartzen ari ziren garaian.
Pentsatu behar dugu XIX. mendea Euskal Herrian ez ezik Europa guztian izan zela aldakor eta iraultzailea. Hemengo kontuei dagokienez, XIX. mendean gertatu zen gauzarik garrantzitsuena honako hau da: Euskal Herria subjektu politiko moduan funtzionatzen hasi zela. Ordura arte, Batzar Nagusien inguruan antolatutako herrialde bakoitza zen subjektu politiko nagusi, baina 1764an Herri Adiskideek

«Nación Vascongada»
dute hizpide

«Irurac bat»
lemarekin. Horren ostean, XVIII. mende bukaeran, lema hori indartu egin zen. Hiru herrialdeetako ordezkariak sistematikoki biltzen hasi ziren. Estreinako bilera Bilbon egin zen 1793an eta bertan konpromisoak hartu zituzten. Gerora sendotu egingo zen euren arteko lotura, eta mugimendu horren inguruan ikuspegi berri bat jaio zen. Haiek zera zioten:

«Guk karlista eta liberalen arteko zatiketa gainditu eta baskongadismoa defendatu behar dugu»
. Euskal ikuspegia, azken batean. 1864an jada,

«Laurac bat»
lema hasi zen indartzen, Ramón Ortiz de Zarate ideologo gasteiztarraren ekarpenak direla tarteko batik bat. Proiektu komunak bultzatzeko asmoa zegoen hor, baina 1868an prozesua bertan behera geratu zen erlijio arazoak zirela tarteko (bigarren karlistaldia etorriko zen handik gutxira).
Beraz, protonazionalismo batekin egiten dugu topo hor. Hori guztia gaurko kategoriekin aztertuz gero, nazionalismotzat jo beharko genuke, baina hori bai, euskal erakunde sendoetatik eratorritako tokian tokiko botereen indartzearen ondorioz sortua. Aginte horiek desegin zirenean, hor kultura politiko berria sortu zen. Kultura politiko horrek ez zuen Espainia eta Euskal Herriaren arteko esklusibismoa planteatzen; aitzitik, puntu komunak planteatzen zituen. Euskal lotura Estatu espainiarrean koroa eta monarkiaren bidez sortu zuen; hori da fuerismo politikoa. Nire ustez, haiek formula honen aldeko ziren: estatu asoziatu bat Espainiako koroaren barruan. Euskal foru administrazioa administrazio publiko eta propioa zen, eta kanpotik ahalik eta gutxien esku hartzen zuten hemengo kontuetan (hala ere, batzuetan tirabirak izaten zituzten foru administrazioarekin).

«La España foral»
deitzen zieten batzuek lau herrialdeei. Zer zen baina

«La España foral»
? Espainiatik aparte zegoen eta aldi berean Espainian bertan zegoen lurralde bat. Aparte, bai, lau herrialdeek funtsean Estatu-egitura zutelako. Hori ikusirik, 1859an Espainiako gobernazio-ministroak berak zera esan zuen: ezinezkoa zela Estatu bat mantentzea beste Estatu baten baitan. Kultura politiko hori C novasen 1876ko legeak desegin zuen. Cánovasek Espainia mailan teorizatu zuen nazio-ideia Sabino Aranak jorratuko zuen gero.
Cánovasek eman zituen bestelako nazionalismo bat sortzea ahalbidetuko zuten aztarnak (Sabino Aranaren nazionalismoa desberdina izango baitzen formulazio mailan). Kultura politiko hori guztia umatuta zegoen jada; hortik sortuko ziren gero

«Euskal Herria»
-koak Bilbon (Sagarminagaren jarraitzaileak). Horiek izan ziren lehen abertzaletasunaren zutabe soziologiko nagusi; 1898an EAJn sartu ziren, Sotaren bitartez. Zutabe doktrinarioa, berriz, Sabino Aranak berak ezarriko zuen bere doktrinarekin. Eta orduan sortu zen jada nazionalismo modernoa, XX. mendeko nazionalismoa. Kontuan izan behar dugu ordea horrek aurretik esperientzia politiko bat zuela, praktikan diputazioen eta Batzar Nagusien jardunean oinarritutakoa.
Fuerismo politikoaren kulturaren oinordeko da egungo estatutismo politikoa. Lehen aipatu dugun Cánovasek, bestalde, foru-administrazioa desegin zuen baina atal bat utzi zuen indarrean hiru probintzietan: kontzertu ekonomikoa, autonomia fiskala. Nafarroaren kasuan, 1841ekoa da foruen aldaketaren legea, eta lege hori zela medio herrialde horrek erresuma estatusa galdu zuen eta probintzia foral bihurtu zen. Beste hiru probintziek, ordea, uko egin zioten estatus horri; zeozer sendoagoa nahi zuten, eta uko egin zioten probintzia soil izateari, ez zuten onartu foruen erreforma, politikoki sendoagoa izango zen erakundetzea gura zutelako. Horrela, negoziazio desberdin eta konstanteen bidez foruak zelan edo halan mantendu ziren; behin Cánovasek 1876an legea ematen duenean, berak egiten du foruen erreforma, Nafarroan eginda baitzegoen. 1876an, beraz, foru administrazioak bere eskumen gehienak galdu zituen, bere gaitasun politiko zein juridikoa.
Praktikoki, azken hondar moduan geratu ziren kontzertu ekonomikoak (halaxe izendatu baitzituzten,

«una migaja»
) bihurtu ziren autonomia fiskalaren zutabe nagusi. Handik ehun urtera, beraz,

«migaja»
izatetik eskubide historiko izatera igaro dira kontzertu ekonomikoak. Zelan aldatzen diren gauzak garai batetik bestera, ezta? Horregatik, kontu hauetan epe luzeko ikuspegia eduki behar da. Zein izango da gero XX. mendeko borroka? Autonomia fiskala sendotu eta autonomia politikoarekin osatu. Orduan ez zeuden guztiak autonomia politikoaren alde. Gero, batzuen eta besteen formulazioa ere desberdina zen: karlistek foruak berrezarri gura zituzten, alfonsinoek aski irizten zioten orduan zegoen autonomia fiskal eta administratiboari... 1917an hiru probintziek eta Nafarroako ordezkaritza zabal batek agiri bat apailatu zuten Gasteizen autonomia politikoa eskatzen. Hori da mugimendu autonomiko berriaren hastapena. XIX. mendeko kultura politiko fuerista estatutismo politikoan definituko zen orduan. Nola autonomia fiskala hala administratiboa definituta zeuden, baina autonomia politikoa falta zen, subjektu politiko bat izatea. Hori sasoi horretan garatu zen. Eusko Ikaskuntza ere giro horretan sortu zen, 1918an, autonomia eta euskal unibertsitatearen premia aldarrikatzeko intelektualen artean. Eusko Ikaskuntzaren bidez sortuko zen 1919an Euskaltzaindia ere. Garai hartan asmatu eta bultzaturikoa gauzatu egin da mende bukaeran: autonomia estatutu politiko bat, erakundetzea, euskal unibertsitateak... Azkenean, 1917an umatu eta gihartzen ari zen modernitate politiko eta kulturala mende bukaeran gauzatu da. XX. mendea euskal nazionalitatearen sendotzearen mendea da, beraz. Nazionalitatea ez dute nazionalistek bakarrik egiten, herri oso batek baizik. Estatutismoak euskal nazionalitatea sendotu eta definitzeko eta subjektu politikoa erdiesteko balio izan du.

Zuk aipatu duzun estatutismoaren bidea agortuta dagoela dio euskal alderdi eta gizarte-eragile askok.
Gauza guztiekin bezala, batzuek aski irizten diote oraingo erakundetzeari eta beste batzuek urrunago joan gura dute. Bidezkoa da beste helburu batzuk planteatzea; Europa mailan (edota Espainiako koroaren barruan) estatu asoziatu izatea, adibidez. Nolanahi dela, orain erakundetze maila garrantzitsua dugu. Errealitate horretatik abiatuta egin beharko genituzke planteamenduak, honako hau ahaztu gabe: aniztasunak definitzen du euskal izatea. Hortaz, kontsentsu zabalak bilatu beharko dira. XX. mendean estatutuaren inguruan kontsentsua lortzea zaila izan da. Lortu genuen azkenean. Beharbada kultura politiko fuerista oinarri hartuta estatu asoziatu bat sortzea beste urrats bat izan daiteke, baina ez dugu ingurumari europarra ahaztu behar (eta ezta Espainiakoa ere).
Zaila izango da kolore guztietako euskal herritarrak poztuko dituen formula aurkitzea. Hori da erronka, baina hori lortze bidean nik ez nuke erreko orain arte sendotu eta gihartu den formula.

Lege zaharretik egitura politiko berrietara (oraindik indarrean diren Estatu-nazioetara) igaro zen garaia ikertu duzu zuk batik bat. Orduan ez zitzaion aterabide egokirik aurkitu euskal arazo deitu izan denari. Gaur egun berriz ere egitura zabalago baterako trantsizio-prozesua bizi dugu. Topatuko dugu euskaldunok lekurik Europako Batasunean?
Europa aukera bat da euskal lurraldeen arteko lotura sendotzeko balio dezakeen heinean, baina ez dugu ahaztu behar Europako batasun politikoak tokian tokiko botereei erasoko diela. Hortaz, ulertzen dut lekuan lekuko botereen defendatzaileek Europako Batasunarekiko duten mesfidantza. Bi joera juridiko desberdin daude: batetik, joera kontinentala, eta aldi berean badago tradizio anglosaxoia ere,

self government
-arena, autogobernuaren tradizioa. Guk azken horren ildotik jo beharko genuke, baina ez dugu pentsatu behar batasun politiko europarra ez dela izango erasokorra gure autogobernuarekin. Euskal abertzaletasunak, bestalde, beti Espainia markotzat hartuta pentsatu izan ohi du; orain, aldiz, Europa mailako gogoeta egitea dagokigu, eta Europan Espainia ere hor egongo da. Beraz, duela 100 urteko abertzaletasun antiespainolista berformulatu egin beharko dugu. Lehen aipatu dudan

self government
-aren tradizioak izan beharko du gure gida; alabaina, Europan tradizio hori indartu beharrean Iraultza Frantsesaren ondorio den tradizio konstituzionalista kontinentalaren bidetik doaz, eta hor sarritan jakobinismoak dira nagusi.

Estatu-nazioek, beraz, ez dute indar larregi galduko.
Galdu dute dagoeneko, baina Europako Parlamentuan oraindik Estatu-nazioen erreferentziekin bozkatzen dute. Ez gara sinesberak izango, hortaz: Euskal Herriak botere-zati bat galduko du Europan.

Guri dagokigunez, Erregioen Batzordea baino ez da aurreikusten Europako Batasunean, eta hor Extremadurak (adibide bat jartzearren) EAEk adinako ordezkaritza izango du...
Noski. Horregatik pentsatu behar dugu apika boterea galduko dugula. Estatu-nazioak dira gaur egun Europako Batasuneko eragile nagusiak.

Euskaldunon erakundetze-kontuetara bueltatuta, orain arte giharturiko formulak ez genituzkeela erre behar esan diguzu. Udalen Biltzarra aurki bidea urratzen hasiko da, baina kritiko zaitugu...
Udalen Biltzarra zertarako? Hori definitzeke dago oraindik. Sistematikoki euskal erakundeen aurka sortzen bada, denbora galtze bat izango da. Euskal nazionalitatea oztopatzeko formula bihur daiteke Udalen Biltzarra. Eusko Legebiltzarra, Foru Parlamentua eta hiru Batzar Nagusi ditugu; horien arteko akordioak zailak baldin badira, are zailago izango dira hitzarmenak udaletan oinarritutako 300 Batzar Nagusi sortzen baditugu. Biltzarra frustrazio iturri izan daiteke, eta lehendik ere dezente erreta gaude orain horrelako abenturetan energiak galtzen hasteko (nora eta zertara goazen argi jakin barik gainera). Ezin da biztanleen %50entzako erakundea egin, ahalik eta jende gehiena eroso egoteko moduko erakundeak egin behar dira.

«Herri eraikuntza oinarri egituretatik hasi beharra dago, hori baita partehartzerako esparrurik aproposena».
Zein da ordea oinarri egitura? Etxea? Familia? Zergatik ez auzoa? Oinarriko erakundea gizabanakoa da, eta gizabanako horrek ordezkaritza desberdinak hautatzen ditu.

«Lurraldetasunaren aldarrikapen zuzenena udalen bidez dator, egitura berriak egungo zatiketa gaindituko bailuke».
Badira beste aukera batzuk. Gertatzen dena da Iparraldeak ez daukala legebiltzarrik, baina lehenengo, sendotzen hasteko, aski litzateke

«Laurak bat»
lema. Izan ere, zertarako Udalen Biltzarra? Herri-eraikuntza sendotzeko? Hori praktika politiko-administratiboaren bidez sendotzen da. Euskara bultzatzeko eta beste ekimen zehatz batzuk aurrera ateratzeko interesgarria izan daiteke, baina hortik aurrera... Egun dauden erakundeak eurak ere desintegratzeko aukerak beldurra ematen dit. Hori da nire beldurra: alegia, tresna hori juxtu bere sustatzaileek nahi dutenaren kontra bihur daitekeela

JOANNES LEIZARRAGA
«Euskal Herri kontzeptua komunitate- kategoria moduan definitu zuen»

ARNAUD OIHENART
«Izan dugun intelektualik gorenetakoa. Euskal Herriaren ikuspegi baskonikoa garatu zuen»

WILHELM VON HUMBOLDT
«Euskaldunok gure alde eduki dugun intelektual eta propagandista nagusia»

AGUSTIN XAHO
«Erromantiko handi bat»

BILINTX
«Erromantikoa hau ere; erromantikoa eta liberala»

SABINO ARANA
«Intuizio handiko ideologoa; printzipioak eta errealitateak eskatzen zuen praktika politikoa malgutasunez konbinatu zituen»

MIGUEL UNAMUNO
«Intelektual handia, bestelako alternatibak proposatu zituen Euskal Herrirako, baina beti kontraesankor, pentsakor eta guztien aurka»

JUAN PABLO FUSI
«Ekarpena egin zuen euskal historian langileriaren historia ikuspuntu politikotik aztertzean»

JOXE AZURMENDI
«Erreferentzia nire formazio intelektualean, bai bere poesiagatik bai bere saiakeren eraginez»

JON JUARISTI
«Eruditoa. Euskal gaietan oso jantzia, baina, tradizio luze bati jarraituz, oso kritiko eta kontraesankor euskal errealitatearekin»

Tantoa
Joseba Agirreazkuenaga 1974 urtearen inguruan ezagutu nuen Deustuko Unibertsitatean. Frankismo garaia eta etorkizunaren hautabideak bat baino gehiago ziren egoera nahasi hartan. Euskal Kultur Mintegian aurkitu nuen Joseba Busturiakoa, ikasle erakunde hartako koordinatzaile gisa. Historia eta Soziologia ikasteaz gain, etnografia lanak ere egiten zituen "Etniker" taldearen barnean. Hemen ikusten zen jada, bere jarrera intelektual irekia, Zientzia Sozial ezberdinetara bere kezkak zabalduz. Politika arloan, berriz, itxaropenez somatzen zen garai berri baten atariari erantzuteko ipar eta hego Euskal Herria uztartuko zituen alderdi baten eraikuntzan parte hartu zuen. Oro har, ekintzailearen giza profila betetzen zuen, lidergo eta gestio eginkizunetan jardunez. Baina ekintzaile irudi horren euskarria zera zen, bere izaera langilea, epe luzeari begiratzea, talde lanean jardutea eta eginkizunen erakundetzearen aldeko apustua egitea. Giza jokabideak ematen dituen aukeren artean "ekin, jakin eta lan egin" uste dut izan direla Josebaren bizi-lerro nagusiak, horien artean "jakintza" ardatza bihurtu delarik. Azken eremu honetan ezagutu dut batez ere, bai jakintzaren sorkuntzan eta baita ere bere hedakuntzan. Jakintzaren hedakuntzari dagokionez, alor hau 1980tik gaur egunera arte EHUn jorratu du. Eta bere biografiaren atalik garrantzitsuenetarikoa kultur kudeatzaile eta eragilea izatearena da. Eusko Ikaskuntzaren Historia saileko arduraduna izan zen 1995ean, ondorengo urteetan sail honen emaitzak nabariak direlarik ikerketen alorrean, argitalpenetan eta baita ere kongresu antolakuntzetan. Eusko Ikaskuntzaren lehendakariordetzarako izendatu zuten 1991an, J. M. Barandiaran Lehendakaria izan zen azken garaian. Eusko Ikaskuntzaren XII. Kongresuaren sustatzailea eta hainbat barneko lan eta ekintza publikoen eragilea izan da hamarkada honetan.
Dena den, denbora-tarteak badute bere lekua, bere emazte biologarekin nekazaritzari eta lorazaintzari ere eskainiz dituen astiuneak. "Mens sana in corpore sano"


Azkenak
Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


Eguneraketa berriak daude