"Herriak gure sistema sostengatzen du"


1995eko urriaren 22an
Raul Carmona, Kubako Batzar Nazionaleko diputatuari elkarrizketa
"Herriak gure sistema sostengatzen du"
Raul Carmona, Kubako Batzar Nazionaleko diputatua
Aitona bilbotarra zuen Raul Carmona diputatu kubatarra Cienfuegos herrialdean dagoen nekazari kontingente baten arduradun nagusia dugu. Azken urteotan ezagututako zailtasunez eta gaur egungo hainbat arazoz berarekin hitz egiteko parada izan dugu. Raul Carmonak oso ikuspegi pragmatikoa azaltzen du Kubako arazoen aurrean.
Mendebaldeko ikuspuntu nagusitik, norbaiti harrigarria gerta lekioke Kuba demokrazia bat dela entzutea.
Lehenik eta behin, esan behar da demokrazia herriaren erabakiak hartzeko partaidetzan oinarritzen dela. Kuban gure hauteskunde sistemak herriaren boterea bermatzen du. Lehenik, Herri Boterearen Batzar Nazionala herriak zuzenki hautatutako ordezkariez osatzen delako. Ordezkari hauek herriaren interesei erantzuten diete. Hauteskunde sistema hau, bere akatsak eta guzti, ez da kanpotik potentzia batek egindako inposaketa baten ondorioa, Iraultzaren emaitza baizik. Sistema hau, 1959 aurretik zeuden gobernuen ustelkeria ezagutu duen herri kubatarrarentzat, neurrira egindako jantzia da.
Ordukoentzat bai, eta gaur egungoentzat?
Kuban hautesleen % 99 baino gehiagok parte hartzen du hauteskundeetan. Ez da ohikoa herriak honelako partaidetza izatea parlamentuko hauteskundeetan. Erresuma Batuan azkenengo parlamentuko hauteskundeetan % 30eko abstenzioa izan zen, Alemanian % 20tik gorakoa, Suedian % 14... Hauteskundeetako partaidetza mailak adierazten duenez, herriak gure sistema sostengantzen du.
Nazio subiranotasuna, gizarte justizia, nazio batasuna, herriak bere ordezkariak hautatzea baina baita proposatzea ere bermatzen duen printzipioa. Kontzeptu hauek guztiak demokraziatik banaezinak dira gaur egungo kubatarrarentzat.
Zer pentsatzen duzu Mendebaldean egiten den demokrazia eta alderdi aniztasunaren arteko parekotasunaz?
Martik Kubako Alderdi Iraultzailea gehiengoaren interesen ordezkari zilegitzat jotzen zuen; sustrai haiek behar diegulakoan nago.
Zertarako bi alderdi, batekin nahikoa bada?
Nire ustez alderdi aniztasuna ez da benetako demokrazia baten oinarria, horren bidez gizarteak zatikatzen baitira. Bost alderdi existitzen diren nazioa bizitzari buruzko bost pentsamolde ezberdinetan banatuta dago, eta bost alderdi hauetatik batek, hauteskundeak irabaziko dituenak, eskuratuko du boterea. Alderdi honek gizarteko beste lau zatiei aginduko die nahiz eta hauen pentsamoldeak ezberdinak izan. Gure ustez, hori ez da benetako demokrazia.
Komandanteak zioen Kubako Alderdi Komunistaren indarra masekiko duen lotura estuan oinarritzen dela. Eta alderdi batek masekin bat egiten badu, masen arazoez arduratzen baldin bada, zertarako bi alderdi?
Alderdi aniztasuna izateko erabakia hartu baino lehenago nazio kubatarra suntsitu egingo litzatekeela uste dut.
Zein neurritan eragozten du blokeoak Kubaren garapena?
XXI. mendearen atarian pentsaezina da herri bat bakartzea, uztea eta zigortzea helburutzat duen honelako politikarik izan daitekeenik. Blokeoak EEBBekiko merkatu harremanak debekatzeaz gain, beste nazioekiko komertzioa ere eragozten du, txantaiak eta zigorraren bidez. Hau giza legearen aurkakoa da, herri honetan hazkuntza, osasuna, arreta bereziak behar dituzten haurrak eta adineko jendea daudelako.
90 miliara dagoen eta munduko herririk garatuenetakoa den Estatu Batuekiko merkatu harremanak eragozten dizkigu blokeoak. Horrek, ehundaka kilometrora dagoen Europaraino produktuak eta garatzeko teknologiaren bila joatera behartzen gaitu. Trukea, merkatu harreman normala besterik ez dugu eskatzen.
Enpresa mistoen agerpena kapitalismoari egindako kontzesioa al da?
Ez dut uste horrela denik. Bi blokeo jasaten ari gara. Iparramerikarren blokeoa, baina baita herri sozialisten blokearen suntsipenak eragindako blokeoa ere. Gure merkatu harremanen % 90 hartzen zuen. Bizitzak geldirik dagoen gure ekonomia aurrera ateratzeko beste bide batzuk inposatu dizkigu. Atzerriko kapitalen sarrera dago, baina kapital horietako zenbait baldintzapean sartzen dira. Herriaren subiranotasuna eta defentsa, estatuaren segurtasuna, hezkuntza edo osasuna moduko arloetan atzerriko kapitala ez da sartzen; Iraultzaren ondorioz izandako lorpenak ez baitira negoziatzen.
Atzerriko kapitala errealitatea da gaur egun. Kubak ezin du kristalezko kutxa batean sartu eta mundutik aparte bizi. Gaurko munduan sartu behar dugu baina guk aukeratutako moduan, inork ekonomi eredurik ezarri gabe, Estatu Batuek egiten duten bezala. Eta mundu honetan sartzeko dagoen bide bat kapital atzerritarra bilatzea da, gure fabrikak martxan jar daitezen.
Atzerriko kapital honekin zafra-ren emaitzak gora egingo du. Datozen zafretan gutxienez bost milioi tona azukre lortu nahi ditugu. «Denboraldi bereziaren» aurretik, ekoizpena zazpi milioi tonakoa zen. Iaz hiru milioi tonako zafra lortu genuen; eta herriaren ekonomiarentzat nahitaezkoa da azukre ekoizpena.
Zein da Fidel Castroren garrantzia gaur egungo Kuban?
Fidel oso garrantzizkoa da gaurko Kuban. Fidel beste gizaki bat da, baina Kubako herria aurrera eramateko beharrezko ezaugarriak eta adimena dauzkana. Fidel lider ukaezina da, baina ez propaganda aparatu handi batek egindako kultuari esker, bizi izan dituen urteetan zehar egindakoari esker baizik. Raul Castrok orain gutxi adierazi zuenez, Fidel izan zen «Granma»n etorri zen lehena, Sierra Maestran borrokan jardun zuen lehena, Girongo inbasioa gertatu zenean tanke batean hara joan zena, gertakari bat izan denean beti bertaratu izan den lehena. Arazo hauetatik guztietatik atera gaituen Fidelek bakarrik atera gaitzake «denboraldi berezitik». Fidelek dena eman du herri kubatarraren ongizateagatik, horretaz zalantzarik ez izan. Bere bizitza pribaturako ere ordu gutxi gelditzen zaizkio, dena ematen baitu Kubaren alde, Iraultzaren alde. Horregatik herriak Fidel jarraitzen du.
DEL CURA, Joxe Joakin
14-15

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaKUBA
PertsonaiazCARMONA1
EgileezCURA1Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude