«Euskarari dagokionez, gurea errealismo falta ikaragarria da»


1993ko apirilaren 25ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Endrike Knorr-i elkarrizketa
«Euskarari dagokionez, gurea errealismo falta ikaragarria da»
ENDRIKE KNORR
Urteak daramatza Endrikek euskal kulturan lanean, bete dituen lan eta kargu ezberdinetatik. Euskaltzaindiko Onomastika saileko burua, EHUko irakaslea, hizkuntzalaria, Eusko Bibliographiako kidea... Beregana jo dugu euskara eta pil-pilean dauden hainbat konturi buruz hitz egiteko.
ARGIA. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zenetik irakasle izan zara bertan. Nola baloratzen duzu unibertsitatea euskalduntzeko orain arte eginikoa?
ENDRIKE KNORR. Euskal Filologiako sailetik hasi zen lan hori, baina arlo eta espezialitate guztietara zabaltzea da helburua. Euskara Teknikoa taldea osatu dugu eta hedatzen saiatzen ari gara. Jarrera baikorra da, nire ustez demandaren aitzinean joan gara. Baina arazo asko daude: oso gutxi inbertitzen da, liburutegia ez da behar bezala hornitzen, makineria falta nabaria da... Oro har, ez dago unibertsitatearen garrantziaren kontzientziarik.
Unibertsitate publiko bateko Euskal Filologiako fakultate bakarra da gurea mundu osoan, eta ez dugu batere zaintzen. Errektoretzaren aldetik ez da ahalegin handirik egiten eta gero eta alde handiagoa dago gure eskaerak eta beren jarreraren artean. Kanpuseko liburutegia eskatzen ari gara aspaldi honetan, baina ez digute jaramonik egiten.
A. Eta unibertsitatearen beraren bilakaeraz, hamar urte hauetan?
E.K. Euskal Herriko Unibertsitatea gaztea da eta oraindik akats asko ditu. Aspaldi egin nuen kanpuseko liburutegi baten organigramarako proiektua, baina ez zen ezer egin. Donostian berdin gertatzen da. Apunteen nagusikeriara bultzatzen ditugu ikasleak. Munduko zientziaren ikuspegia modu zabal batean ikusi behar dute eta hori liburutegian lortzen da, baina horretarako gutxienez 500.000 ale behar dira eta gu oso urrun gaude. Europan zehar bestelako garrantzia dute liburutegiek.
A. Unibertsitateak bizi du orain bestelako arazorik, Errektoretza eta irakasle kaleratuen artekoa, alegia. Irakaslego propioaren beharra aldarrikatzen dute funtzionari izan nahi ez duten irakasleek. Zein balorazio egin dezakezu?
E.K. Nire ustez Euskal Herriko Unibertsitatean bi bideak eskaini behar dira, bai lan-kontratudun irakasle baita irakasle funtzionari izateko deialdiak eginez. Arazoari dagokionez, gaizki eraman da orain arte: elkarrizketak ez dira behar bezala gauzatu, indarkeria ere sartu da... Bestalde, unibertsitateak guztiz irekia izan behar du, eta kanpoko aditu askoren beharrean gaude.
A. Euskararen gaiari loturik, eta Gasteizen bizirik izan dezakezun ikuspegitik, UAk salaketa latzak egin zituen euskalduntzean eta alfabetatzean inbertitzen ziren diru kopuruak direla eta. Arabarrak bat al datoz, oro har, euskararen aurka egiten diren salaketekin?
E.K. Euskararen aurkako bandera bat altxatu dute, baina ez dute horrela aurkezten. Arrazakeria egiten dute. Nik aspaldi esan nuen UA «Gestoras Pro Amnesia» zirela, gure iragana ahazteko zuten gaitasunagatik; eta hizkuntz terrorismoa gauzatzen ari zirela. Buruzagien artean, nahita ezjakinak direnak _begiak itxi egiten dituztelako_ eta berezko ezjakinak ezberdindu daitezke. Azken hauei ondo azaltzen bazaie Europako herri gehienak elebidunak edo hirueledunak direla, elkarbizitza errazagoa izango da. Eusko Jaurlaritzatik gauzak ez dira behar bezala azaldu eta mezu hori ulertaraztea oso garrantzitsua da.
Araban, gainera, ez dagokion faktura ordaintzen ari da euskara. Maila ekonomikoan ematen diren Foronda-Sondika, aintziren kontua eta beste horrelako arazoen eraginez, adibidez, arabarrek beren burua EAEn baztertuta sentiten baitute. Euskarak hemen ez du prestigiorik eta erakundeetatik ez da ezer egiten.
A. Zer egin beharko litzateke, zure ustez?
E.K. Kirikiñok esaten zuen bezala, euskarak «korbata jantzi behar du», dotore agertu. Ez da hizkuntz zuzentasuna zaintzen. ETB bezalako komunikabide publikoetako saioetan tratu kaskarra jasateaz gain, programak ere oso maila eskasekoak dira. Hobe litzateke emisio orduak laburtzea eta euskarari programazio mailan prestigioa eman diezaioketen saioak aukeratzea. Euskararen etorkizuna, nolanahi ere, gauza askorekin dago loturik. Araban ez naiz batere ezkorra euskararekin. Gainera, euskarak kultura du atzetik, eta hori ere hedatu egin behar da, jendeari ezagutarazi.
Bestalde, euskara ez da abertzaleen ondarea, zenbait jende irudi hori indartzen ahalegindu bada ere. Nik nahiago nuen gerraurreko giroa oraingoa baino. Orduan, anarkistak, sozialistak eta erregetiarrak ere euskaltzale baitziren.
A. Euskal Eskola Publikoaren Legea martxan jartzear dago; zein iritzi duzu aukeratu den ereduaz eta hizkuntzan izan dezakeen eraginaz?
E.K. Euskarak ez du sekula izan orain bezalako aldeko egoera. Bestalde, eskaintza bakarra bide publikoa eta pribatuaren artean aukeratzea da. Nire ustez, eskaintzak zabalagoa behar zuen. Espainiako legeriaren menpe gaude eta eredu horrek agintzen du. Nik, hala ere, lege horren aurrean ez dut kontrako jarrera biribilik. Geure burua engainatu egiten dugu legeek euskara salbatuko dutela pentsatuz, baina inork gutxik egiten ditu ahaleginak euskalduntzen eta alfabetatzen, eta norberaren ahaleginetik hasi beharra dago.
Bitartean hots handiko ikuskizunak antolatzen ditugu, Korrika bezalakoak, eta ez nago aurka, baina euskarari dagokionez, gurea errealismo falta ikaragarria da. Jaialdi erraldoiak antolatzen dira baina ez zaio jaramonik egiten egunero norberak egin beharreko lanari. Euskarazko liburuak gutxi saltzen dira, baina hori ez da Madrilen errua, gure analfabetismoarena baizik. Irakasle askok ere ez dute sekula euskarazko libururik irakurtzen. Itxurakeria da Euskal Herrian nagusi.
A. Eusko Bibliographian lan luzea egin eta gero, orain gutxi Jon Bilbaok zuzentzen duen erakunde horretatik irtetea erabaki zenuen. Zer gertatu zen?
E.K. 1986an sortu zen nazioarteko elkarte hori, bere iraunkortasuna bermatzeko. Dirurik gabe oso jende inportantea ari zen lanean. Orain urtebete luze kontseiluari proiektu bat egitea proposatu nion, liburutegi munduko profesional eta intelektualen artean sinadurak biltzeko, Madril, Gasteiz eta Iruñearen artean hitzarmen bat izenpetu zedin. Onartu egin zen eta jende askok izenpetu zuen agiria.
Joseba Arregiri Autonomi Elkartetik kanpo laguntza eskatzeak sekulako mina eman zion eta ni erakunde honetan nengoen bitartean dirurik ez zutela jasoko mehatxatu zien. Baina ezin da ulertu Kultura deitzen den sailetik aurretik laguntzarik ez ematea, langileek kobratu ez eta telefonoa ere moztu egin baitzuten. Bestalde, ausardia falta handia izan zuten arduradunek, Jon Bilbaok eta Luis Morenok, eta leialtasun falta ikaragarria nirekiko. Neure burua bakarrik ikusi eta, beraz, Eusko Bibliographia utzi egin nuen.
A. Zein iritzi duzu Kultura Sailak orokorrean daraman gestioaz?
E.K. Esan bezala, ez dute ematen euskal kulturak behar duen laguntzarik, eta bitartean erakuslaiho kultura promozionatzea nahiago dute. Nik ez nukeen sortuko, adibidez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, ordura arte zegoena, Bilboko Sinfonika alegia, bultzatu egingo nukeen. Dauden museoak zainduko nituzke, San Telmo adibidez negargarri baitago, eta Guggenheim moduko proiektu erraldoiak alde batera utzi. Badirudi gure herriaren ikuspegi zoragarria gauzatzen saiatzen direla, itxurakeria egiten, besterik ez. Eta bitartean, Administrazioa mustro erraldoia bihurtu dugu, irentsi egin gaitu.
A. Euskaltzaindiari lotuz, zein da Onomastika sailaren betebeharra?
E.K. Euskara biziko bada, behar du izan onomastika aldetik estandarizazio bat. 1979an Euskal Herriko udalen izendegia egin zen. Estandarizazioak aurerra jarraitu du eta auzuneen izendegia ere burutu da dagoeneko. Pertsona eta leku izenen zerrenda, izendegia alegia, egiten ari gara baina atzeratu samar dago. Lan talde bat dago eta proposamenak emango ditu epe laburrean, premiazkoa baita material hori kaleratzea, profesional askok erabili ahal izateko.
A. Ez ote dabil Euskaltzaindia kalean dagoen behar baten atzetik eta horregatik Elhuyar, «Euskaldunon Egunkaria» eta abar ez ote daude egunero behar duten material bat erabiltzeko erabakiak hartzera behartuta?
E.K. Horrela da, baina Euskaltzaindia ez da bakarra _bai ordea erabakiak hartzen_, eta egoki iruditzen zait Elhuyarrek bere erabakiak hartzea. Askotan egunkariak izan dira aitzindari terminoak hizkuntza batera ekartzen eta egokitzen.
Gaizki iruditzen zaidana gerrila giroa da, idazle askorengan ez baituzu ikusten jarerra bateratzailerik: lapurtera klasikoan idazten dutenak... Denon ahaleginak bateratua behar du izan, ez banatzailea.
A. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak harturiko hainbat erabakiren aurrean aurkako erantzun bateratua sortu da, orain arteko bidearekin hautsi egiten delako eta atzerakoitzat jotzen direlako. Intsumisio jarrerez ere mintzatu dira... Zer irizten diozu?
E.K. Ni ere ez nengoen aldaketa askoren alde, baina gomendioak dira eta oraindik ez da behin-betirako «bedeinkapena». Aukerak dira, beraz, klabea hobestea da eta ez hitzen bat edo formaren bat kondenatzea. Jende askok, bestalde, zoriondu egin gaitu euren ustez bazelako garaia herri euskaratik abiatzeko.
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezHizkuntzaEuskaraErakundeakEuskaltzain
PertsonaiazKNÖRR1
EgileezLIZARTZA2Hizkuntza

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude