«Husseinek Hitler gogorarazten dit eta ni Saddam Husseinen kontra nago»


1991ko martxoaren 31n
Xabier Gereño idazleari elkarrizketa
Xabier Gereñok «Kuwaiten harrapatuak» fikziozko elaberria argitaratu du
«Husseinek Hitler gogorarazten dt eta ni Saddam Husseinen kontra nago»
Gerra hurbil dagoela susmatu eta sei iparramerikarrek ihesari emango diote Irak eta Kuwaitetik. Akzio eta misterioz betetako nobela hau, idazleari gehien atsegin zaion jeneroa izateaz gainera., Golko Pertsikoko gerra amaitu zen egun berean lkaleratu zuen liburudendetan.
ARGIA. Nola dokumentatu zara Kuwait eta Iraken artean gertatzen den liburu hau osatzeko?
XABIER GEREÑO. Ni estatu askotan ibilia naiz. Turkia, Bulgaria eta Grezia inguruak ezagunak ditut baina sekula ez naiz izan Kuwait eta Iraken. Orduan materiale bila hasi nintzen liburutegi, ajentzia eta hainbat lekutan, baina ez nuen herrialde hauei buruzko informaziorik aurkitzen. Halako batean, lagun baten gomendioz Bilboko auzo liburutegi batera joan nintzen, eta nire sorpresarako liburutegiko nagusia Beiruten egona zen udaran. Bertatik ekarri zituen Irak eta Kuwaiti buruz turista australiarrentzat egindako liburu pare bat, eta horiexek izan dira nire dokumentu nagusiak.
A. Noiz hasi zinen liburua idazten eta noiz bukatu duzu?
X.G. Gatazka hasi eta berehala hasi nintzen, abuztuaren erdialdera. Ordurako lehen aipaturiko liburuak irakurriak nituen eta egunkari eta telebistatik jasotako informazioarekin ekin nion idazteari. Bukatu berriz, gerra amaitu baino hilabete bat lehenago. Baina, hori bai, egunean zortzi hamar orduz egin dut lan.
A. Golko Pertsikoko gerrak izan duen ospeak bultzatu al zaitu tankera honetako liburua idaztera?
X.G. Bai, horrela izan da. Gerra hasi zenean pentsatu nuen nerekiko, "Vietnamekoari buruz hainbeste idatzi izan bazen, honetaz ere idatziko da". Orduan beste guztiei aurrea hartzeko asmoa izan nuen euskaraz idazten. Mundu musulmanak ere beti erakarri nau. Mahomaren biografia 1973an idatzi nuen, geroxeago 'Jomeiniren Paradisuan' liburua. Beraz, lehendik ere interesa izan dut mundu musulmanaren inguruan.
A. Unean uneko gaiez baliatuta EEBBetan liburu asko egin izan dira, gero 'best seller' malla lortzeko asmotan. Liburu honekin horrelako zerbait nahi al duzu?
X.G. Euskal literaturan "Nobel Saria" irabazteko nahikundea dago, eta hori dela eta ahalik eta zailen, sakonen eta arraroen idazten saiatzen dira idazleak eliteko literatura egiteko asmoz. Nik euskal literatura zerbitzu bat bezala hartu dut eta ez nire burua goraipatzeko. Ebasio momentuetarako liburuak euskaraz egon daitezen da nire asmoa. Nire gustoko libururik ez dut euskaraz ikusten, gustora irakurtzeko modukorik behintzat. Orduan erdarazko liburuetara jotzen dut. Euskaraz argitaratzen diren libururik gehienak 'ladriloak' dira, aldamenean hiztegia edukitzea eskatzen duten horietakoak. Hanek ongi daude euskal filologiako ikasleentzat, ez ordea denborapasako irakurle arruntentzat.
A. Zer eritzi duzu Saddam Husseinen gainean?Ze balorazio egingo zenuke gatazka horren inguruan?
X.G. Saddam Husseinek Hitler gogora arazten dit. Hitlerrek inperio handi bat lortu zuen armada garrantzitsu batez baliatuta. Husseinekin horrelako zerbait gertatu da. Petroliotik zetorren dirutza ez du erabili herriaren bizimodua hobetzeko, baizik eta armada boteretsu bat osatzeko. Buruzagi irakiarren ametsa beti izan da arabiar munduarekin estatu haundi bat sortzea eta berorren hiriburu Bagdad ezartzea.
Husseinek, hau praktikara eraman nahi izan du orain, eta horregatik sortu du munduko laugarren armadarik indartsuena. Iranekin ezinezkoa zela ikusi zuenean bakea egin eta Kuwaiten sartu zen, inork erasorik egingo ez ziola pentsatuz. Hau ongi irtenez gero Oman, Yemen eta Arabia Saudia hartuko zituen, horrela penintsula arabiarra kontrolatzeko. Gisa honetan gerra dator orain hala gero. Horregatik nik ez dut gaizki ikusi Husseini esatea: Bagdadera ala kalera. Ni Saddam Husseinen kontra nago.
A. Nolatan betetzen dituzu tramak hain azkar?Zein da zure sekretua?
X.G. Sekretua da asko irakurtzen dudala eta pelikula asko ikusten ditudala. Nik serie amerikarrak ikusten ditut asko, Falcon Crest, Santa Barbara, Dallas eta horrelakoak. Nahiz eta beren burua intelektualtzat dutenek esan pelikula horiek jende baxuarentzat direla, nik gidoi idazle onak ikusten ditut eta gauza interesgarriak atera litezke.
Gure burua almazen antzeko bat da, eta hor sartzen dut ikusi eta irakurritakoa gero idazterakoan erabiltzeko. Arraroa da nire kasuan paper zuriaren aurrean ideiarik gabe gelditzea.
A. Gai honen inguruan besterik idazteko asmorik?
X.G. Beharbada beste nobela bat ere idatziko dut, baina beste giro batekin. Iraken kokatua, ez bait da gai faltarik izango. Oraindik ez dakigu nolako ondorioak izango dituen gerra honek Iraken bertan. Ez dakigu zer gertatuko den Israel eta Jordaniarekin. Aliatuek, berrehun mila preso horiek askatzen dituztenean eta Irakera egia kontatzera sartutakoan, guzti horrek emango digu zer idatzirik.
Joseba Azpeitia

Xabier Gereñok egunero zortzi-hamar orduz idazten du, eta dagoeneko hirurogeitamar liburu inguru baditu.
54-55



Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\GEREÑO1
Gaiez\Kultura\Literatura\Argitalpena\Narratiba
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Literatur l
Pertsonaiaz\GEREÑO1
Egileez\AZPEITIA1\Kultura

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude