"Estatutuak Madrilek nahi duena ematen du"


1990ko uztailaren 15ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Itziar Alba, PNVko Euskadi Buru Batzarreko kideari elkarrizketa

Itziar Alba, PNVko Euskadi Buru Batzarreko kide berria
"Estatutuak Madrilek nahi duena ematen du"
Eusko Alderdi Jeltzaleak bere exekutibarako aukeratu duen burukide berria da Itziar Alba. Aurreko legealdian Hezkuntzako Kontseilari ordea izan zen, Churruca jeltzalearen zuzendaritzapean. EBBko, Euskadi Buru Batzarreko kide aukeratu dutenean ere, ez du bere irakasle lana utzi eta horretan darrai Zarautzko Istitutuan.
ARCIA.–Zeu Hezkuntz arloko sail buruordea izan zinen, nola ikusten du. zu gaur egun sail hau?
Itziar Alba.–Orain sozialisten esku dago hezkuntza saila eta esan behar da, Euskadiko hezkuntzaren nondik norakoak ez zituztela ezagutzen. Madrilen eskola publikoa eta pribatua zertan ziren ezagutzen zuten baina Euskadin ez. Ikastola multzoa, Federazioarekin... egin dute topo. Gainera eskola pribatuek ez dituzte sozialistak begiko, eskola publiko trasferituak ere topatu dituzte... ahaleginak egiten gauza askotan bai ibili direla, baina lortu, nik uste ez dutela ezer lortu. Guk utzi genuenean bezala dago kontua, agian ikerketa gehiago izango da baina lorpenak ez.
Kontuan izan behar da baita ere euskara aldetik zenbait gauza gaizki egin dutela, plaza asko atera bait dute erdaraz. Gustora utzi dituzte seguraski UCT sindikatua eta erdaldun jendea, baina bestelakoak ez. Hezkuntzan nire ustez, akordio global batera iritsi behar da edo bestela hiru sareak luzerako egongo dira. Zaila ikuste dut sare bakarra lortzea.
A.–Ikastola nafarrak Herrialde honetako Adrninistrazioarekin akordio batera iritsi eta sare publikoan sartu dira. Zer iruditzen zaizu?
I.A.–Zori ona, suerte ederra izan dutela uste dut. Ikastolak benetan publiko izateko asmoa baldin badu, beti ere jestioa bere esku izatea alboratu egin beharko du. Bere garaian, nik hainbatetan borrokatu nuen EIKEren proiektua zegoen, baina Ikastolek publikotasuna nahi zuten, eskola euskaldun publiko izatea. Baina nire ustez publiko izatea Gobernu baten menpe izatea da, hankak bi lekutan edukitzea ezinezkoa da. Nafarroako kasuan, dohaintasuna lortzea, diru aldetik arazorik ez edukitzea, jendea asko animatuko duen gauza da. Hain gaizki, hain zaila ikusten dut gure Komunitate Autonomoan honelako akordiorik lortzea asko poztu naizela nafarrek hori eskuratzea.
A,–Euskadi Buru Batzarreko (EBB.ko) kide izendatu zaituzte, baina zer da EBB, nola definituko zenuke?
I.A.–Exekutiba bat da eta hitzak dioen bezala Euskadin dauden gai garrantzitsu gehienak eztabaidatu behar dira bertan, erabaki bat hartu eta gero aurrera eramateko. Ongi eratuta dago, ni oraindik bilera bakar batean egon naiz, baina irudipen oso ona hartu nuen. Ongarri dela deritzot bai gure alderdiarentzat eta baita Euskadirentzat. Informazioa garrantzitsua da erabaki bat edo bestea hartzerako orduan. Lehendakaria bera ere etorri ohi da, EBBko kideekin bere kezkak eztabaidatzera. Batzutan nondik joan behar duen esaten zaio eta beste batzutan aldiz, bere kontu uzten da.
A.–Prentsak jaso duenez, Madrilen Roca kataluniarra, Txiki Benegas psee. kidea, Adolfo Suarez CDSkoa eta Xabier Arzalluz bildu omen dira, zertarako?
I.A.–Ez zegoen egutegi edo eguneko gaiordenik. Zer hitz egin zen ez dakit. Beste alderdietakoek pentsatu dute afari horretan ez zela arraina goxoa zegoen ala ez eztabaidatuko zenik, baina Euskadiko hauteskundeez hitz egingo zela pentsatzen dut. Benetan garrantzitsua da, datozen lau urteetan Euskadiko nondik norakoak kaleratuko direlako, baina era berean Abiadura Handiko Trenaz mintzatuko ziren eta mota honetako beste zenbait kontuz. Hauteskunde hauetan fuerte jokatuko da, oso garrantzi handikoak direlakoan nago.
Bestalde, PSOEri bere gehiengoa zalantzan jarri zaio HBk Espainiako Parlamentura joatea erabaki duenetik eta edozein unean botuak behar ditzake. Nire ustez, ateak irekita eduki nahi dituzte. Pentsatzen dut joan diren besteak ere azkarrak direla eta ez dituztela gauzak erraz emango. Xabier Arzalluzek bederen ez. Partidu Popularra ez zegoenez, PSOEk bere gehiengoa lotua eduki nahi du, osta-osta dabilen une hauetan. Jakin nahi dute; "beno ba honi hau eman diezaioket eta gero berak botoa emango dit". Gure kasuan, ez dut uste Xabier Arzalluzek sozialistei hutsaren truke ezer emango dienik.
A.– Arzalluz Felipe Gonzálezekin ere egon da eta badirudi PNV, Estatutuaren defentsa bat egiten ari dela bide ezberdinetatik. Orain gutxi Estatutuari ezarriteko baliabide urriak salatzen ziren eta gerora aldiz, Estatutuaren defentsa gogor bat plazaratu duzue...
I.A.–Nik uste Xabier Arzalluzek ez duela Estatutua defendatzeko une bat bera ere alferrik galduko. Hauteskunde hauetan botu bakarra oso garrantzitsua izango da, sailak banatzeko, Gobernuan izateko... PSOEk ere ez du erregalorik emango. Honez gero, asko eztabaidatu da PSOE gobernukide egokiena den ala ez, baina niretzat koalizio honetan Kupoari buruzko legea lortzea.nahiko izan da koalizioak merezi zuela argitzeko. Orain aldiz, dena kanpaina da.
A .–Hauteskunde hauetan koalizioa norekin lotu begiratu beharko da. PNVk egungo indar kopuru bera lortuko balu, berriz ere PSOErekin bat egingo al luke?
I.A.–Gure alderdiak dena idatziz nahi du. Norekin zer lortuko duzun ezin esan. Zenbakiak dira kontuan hartu beharko liratekeenak, hauteskundeen emaitza jaso ondoren aztertu beharko da. PNV prest dago denekin hitz egiteko eta gainera Arzalluz bezala, abertzaleen arteko koalizioa onena litzatekeelakoan nago. Eta hau bihotzez esaten dut, baina bestela Madrild trasferentzia gehiago etorriko direla ikusten badut... Pragamatikoa izan beharra dago. Baina zenbakiek esango dute dena.
A.–Estatutuari egin omen zaizkion murrizketei buruz, hauteskunde kutsuaz busti diren gauzak al dira hauek ere?
I.A.–Egia da Estatutuak dioena tantaka-tantaka ematen digutela, baina jarraitu egin behar da, segi eta segi. Lortu den adina beste hamar urtez egon behar bada, ba egon egin behar da. Beraiek zuhurrak direla argi dago. Estatutuak Madrilek nahi duena ematen du.
A.–Eta murrizketa hauek direla eta egiten al ditu Arzalluzek Madrilerako bidaiak?
I.A.–Denetarako egiten ditu eta gainera ez Xabierrek soilik, bai Juan Ramon Guevara eta beste sailburu denek. Zein oztopo jartzen dioten ikusten du eta onartua dugu alderdian zerbait lortzeko sarritan joan behar dela. Zerbait askatzen dute eta bitartean Euskadi aurrera doa. Madrila bidean egin behar da Euskaditik politika. Euskaldunak oso gurekoiak gara eta pertsonalitate gehiegi dugu, asko kostatzen zaigu negoziatzea. Agian herri bezala horregatik mantendu gara baina bestalde gaitzak ere ekartzen dizkigu.
A.–Zeuk ezagutzen duzunez PSOEk Euskadirekiko egiten duen politika fidatzekoa da?
I.A.–Fidatzekoak dira, beraiei ongi datorklen bitartean. Ez dira ehunetik ehun fidatzeko modukoak, ehunetik hirurogei bateko portzentaian baizik, jende serioa bait da. Beraien alderdiagatik ere begiratzen dute, orain etorkinak gutxitzen ari dira eta gainera euskalduntzen ari dira era berean. PSOEren botoa, etorkinena da.
A.– Zer da justu-justu Euskadiko PSE?
I.A.–Neretzako PSE-PSOE dena bat da. Euskadin daude eta PSE jarri behar dute baina niretzako PSOE da. Espainolak dira eta benetan PSOE da.
A.–Gauzak negoziatzerako orduan pisuzko hitza al dauka PSEk?
I.A.–Madrilekin zuzenean hitz egitea da onena. Nik uste gainera Madrilen ez dietela jaramon handiegirik egiten, gauza asko hankaz gora utzi dituzte. Madrilen ez dute indar askorik eta azken batean goi mailan erabakitzen badira gauzak, zertarako ibili zeharkako bidetik hortxe badaude Txiki Benegas edo Felipe González... Euskadiko sozialistek maiz hartu behar izan ohi dute telefonoa Madrilera deitzeko. Indarra badauka hemen, Madriletik lagundu egiten dutelako da. Oso alderdi zentralizatua da.
Orain hauteskundeetan Madrilen diren PSOEko kide guztiak hona etortzen hasiko dira, orain denak euskaldunak izango dira, Txiki Benegas, Corcuera, Múgica...
A.–PSOEk orain lehendakeritzarako lehian parte har dezakeela uste al duzu, datorren lehendakaria PSOEkoa izan al daiteke?
I.A.–Duela lau urte baino egoera hobeagoan daude horretarako. Ramón Jáuregui askoz ezagunagoa, barneratuagoa bihurtu dute. Aurreko hauteskundetan sozialistek parlamentari gehiago lortu zituzten arren, gurea da Lehendakaria. Orain aldiz gauza bera pasako balitz, utziko ez lukete lakoan nago. Baina ez dakit guk zer eman genezakeen hori hala gerta ez dadin lortzeko. Guk benetan negar egingo genuke lehendakaritza utzi beharko bagenu PSOEri ustea baino lehen, beste alderde abertzale bati utziko genioke.
A.- PNV ez da Euskadiko Ezkerrak PSOErengana jo dezakeenaren beldur?
I.A.- Eerekin ditugun harremanak onak dira. Nire ustez, sozialdemokrata aldera baino gehiago abertzale aldera jo du Eek azken boladan.
A.–Egunotako gai bati lotuz, Irunberriko gertaeren ondoren, zuk bertsio ofiziala sinesgrria dela uste al duzu?.
I.A.–Nahaste borraste handia. Hasieran buruaz beste egitearena arraro zitzaidan eta gerora aldiz, Rubenachen hitzak entzun eta gero, nahiko argi daukat hil nahi ez zuen norbait hil dela, Susana Arregi gajoaren kasuan. Herria gauzak argitzera bultza behar da, beti zalantzan uzten gaituzte eta jarrera bat hartzeari beldur diogu, bata edo bestearen aldean jarriz.
Gaztedia hiltzen ari zaigu, baina argi dago beraien bizitzarekin nahi dutena egiten askatasuna dutela.
A.–Beste kasu batzutan baino argitasun gehiago egon daitekeenaren itxaropena nabari al duzu?
I.A.–Beste batzutan, komisaldegian eta honelakoetan, urrunago egoten dira gauzak. Euskal Herrian mota honetako berriak mesfidantzaz jasotzen badira, esperientzia bat dagoelako da. Argitu gabeko kasuak daude. Hala ere, abokatua, jueza... gertuago daude eta horregatik Zabalza kasua baino argiagoa izan daitekeela dirudi.
XABIER LEKUONA B. ARTOLA
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazALBA1
EgileezARTOLA3Politika
EgileezLEKUONA6Politika

Azkenak
Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


Eguneraketa berriak daude