Simeon Barroso: "Teknologiaren garapena kontrolatzeko prestatu behar du gizarteak"

  • Teknologia berriekin mundu guztia ero moduan dabil: zertan daude gauzak, nora goazen ba al dakigu... Euskal Mundu Biltzarrak adimen artifizialari buruz egin dituen saioak pasata eta CITE-IPES elkarteak antolatutako hitzaldi baten bueltan, harrapatu dugu Simeon Barroso, hogeitamahiru urtetako informatikalaria. Urtetan 'Egin' egunkariko arduradun tekniko izana, Donostiako "Apika" informatika etxean ari da, eta bere eskuetatik pasatzen dira gure arazo teknikoak.

Oinarrizko informatikaz eta horretan ezagutzen ditugun teknologien etorkizunaz mintzatu berria zara GITE-IPESek antolatutako ikastaro batean.
Prolematika hori era ulergarri batean agertzen saiatu naiz. Funtsean bi sail daude, paraleloak doazenak baina ezberdinak. Batetik "hardwarea" deitzen dena daukagu, parte gogorra esango genukeena, eta bestetik "software" delakoa daukagu; bi injiniaritza ezberdin, jende oso ezberdinak lantzen dituenak.
Hardware horrek, burniak, makinak, bere gain sustatzen du software, logikoa den guztia. Hau da, programazio hizkuntzak gero eta eboluzionatuago daude, gero eta indartsuagoak dira, eta ondorioz, esfortzu guzti honek eskatzen du makinak ere gero eta ahaltsuagoak izatea, abiadura handiagoa lortzearren.
Bi sailen eboluzioa, hard eta softarena, paraleloki dabiltza, eta hitzaldian saiatu naiz adierazten hardwareak ze eboluzio daraman eta soft edo programazioa zein bidetatik dabilen. Kepa Sarasolak guzti honen ondorio sozialak aztertu zituen.


Informatika sailean, zeuk aipatu duzu, eboluzioak sekulako abiadura hartu du azken urteotan.
Adierazgarria da chip batean, ordenagailuetan diren labezomorro antzeko horietako batean, zenbat trantsistore sartzen diren: 1980an 80.000 trantsistore sartzeraino iristen ziren chip batean, eta 1990rako 8 milioi trantsistore integratzera iritsiko gara, alde bakoitzetik hiruzpalau milimetro dituen puntu ttiki batean. Pentsa ezazu teknologi mailan horrek ze nolako jauzia adierazi nahi duen.
Horiek horrela, oso zaila da teknologian urte gutxitan zer ezagutuko dugun aurreikustea. Ordenagailuena adibide ederra da. Gaur milioika trantsistore milimetro estu batzuetan sartzeaz ari gara eta hasieran balbulekin egiten ziren. Gisa honetako lehen makina 1944ean eraiki zen: kalkulagailu autonomo bat zen eta hor zegoen programa jadanik.


Informatikaren "arbasoak" eta jaiotza pittin bat esplikatu beharko zeniguke.
Kalkulu autonomoa egiteko ideia 1828koa da: Babagge izeneko batek asmatu zuen. Tramankulu analitiko baten ideia sortu zuen, hau da, programa batekin, hori irakurtzeko gai den kontrol unitate batekin, memorian datuak pilatzeko gaitasunarekin, kalkulu unitateari aginduak emateko gaitasunarekin eta abar. Inbentu hau paper gainean bakarrik esistitzen zen, eta Babaggek sekula ez zuen ezagutu eraikita.
1828ko ideia haiek makina bihurtzeko teknologia egokirik ez zegoen, baina bitxia da ikustea Babaggek asmatu zuen makina harentzako programak egin zituen jenderik izan zela. Ada zuen izena historiak ezagutu duen lehendabiziko programagile horrek, esistitzen ez zen makina batentzako programak egiten zituen emakume, eta justu izen hori ipini diote Estatu Batuetako Defentsa Ministeritzaren enkarguz sortu duten hizkuntza berriari.

Diozunez, 1944ean, Gerra Mundialaren erdian, egiten dugu topo lehen ordenagailuarekin.
Eta urte gutxitan teknologiarekin batera mundua ulertzeko moduak ere zenbat aldatu daitezkeen hor ikusi daiteke. Irrati zaharretan eta telebistetan ikusi izan ditugun bezalako balbulekin egin zen 1944eko ordenagailu hura, balbula eta releekin. Erabiltzen zen algebra ere aspaldikoa zen, Bul-ena. «Mark-l» zuen izena traste hark eta begira zenbait neurri: 18.000 balbula zituen, bit bat almazenatzeko 1.000 zentimetro kubiko behar zen eta 10 watiotako potentzia... eta garai hartako milioi erdi dolar balio zituen. Kristoren katxarroa zen, eta neguan unibertsitate osoa berotu zezakeen.
1946an lehendabiziko makina erabat elektronikoa eraiki zen, «Eniac» izenekoa. Bestea baino azkarragoa zen, baina programatzeko zailagoa zen, gogorragoa. Dena dela, makina horiek arrakasta handiz erabili ziren ejertzitoen mezuen kodifikatze eta dekodifikatze lanetarako, izpioien eta «gerra hotzaren» garaietan. Eta gauzak hogei urtez horrela ibili ondoren, trantsistorea dator mundutxo hau iraultzera, 1958an.

Aurreko eskema asko hankaz gora joanen ziren inbentu berriarekin...
Pentsa, ordenagailuak traste handiak izan behar zutela uste zuten, eta herri baten behar guztiak asetzeko etxe handi bat hainako ordenagailu bat beharko zela, eta hura hozteko berriz... Zeukaten teknologiarekin hori zen ikusten zutena. Ezin zuten jakin 1958an, kasualitatez, gizon batek trantsistorea inbentatuko zuela eta horrekin ordura arteko bolumen eta potentzia eskemak lurrera zetozela.
Orain berriz, milioika trantsistore chip batean sartzeko perspektibarekin ari gara jokatzen. Ez dakigu zer inbentatuko den, ez dakigu zein elementu berri inbentatu daitekeen denboraz, espazioaz, dimentsioez, ditugun nozioak alda ditzakeena. Intelijentzia artifizialari eta teknologiei buruzko aurrerapenel; mugak omen dituztela diote, robot androidea pentsa ezinekoa omen dela... Argi, zeren behar bada ordenagailua raskazielos baten tamainakoa izango zela pentsatzen zuten haien oker berean egon gaitezke eta. Teknologia batek eman dezakeen jauzi koalitatiboa ezin daiteke beti aurrikusi.

Azken urteotan izugarri aipatu da mikroprozesagailuen gorabehera.
Nahiko akzidentala izan zen horren inbentua ere. 1958an trantsistorea inbentatuta, chip ttiki batean milioi bat sartzera pasatu gara, eta zortzi milioiak sartzeko bidean goaz. Eta hori inork ezer berririk inbentatu gabe, bakarrik materialeak eta teknikak garbitzearen bidez.
Ordenagailuen arkitekturan hurrengo aldaketa koalitatiboa mikropozesagailuarekin iritsi zen: lehen trantsistorez osatutako tarjeta pila batek egiten zuten lana chip kaxkar batek egitea. Baina orain gainera ordenagailu oso bat eduki nahi da pastila batean sartuta. Jadanik lortzen da hori, «transputer» deitzen direnak esate baterako oso interesparriak dira.

Zuk ezagutzen dituzun makinez ari zara. Militarrek aurrerapen teknologikoek duten garrantziarekin, gerta daiteke haiek beren eskuetan gauza aurreratuagorik edukitzea.
Posible da, bai. Gaur teknologi mailan martxan dauden projekturik izugarrienak ez dira japoniarren boskarren belaunaldiko ordenagailuak, baizik eta Estatu Batuetako "izarretako gerra" deitu den horretakoak. Projektu horren emaitzak gero merkatuan ipiniko dira, behar izan dituzten inbertsioen kostuak amortizatu ahal izateko. Hori ezaguna da, eta IBM bezalako enpresetako jende handiari ere entzungo diozu dirurik gehien moeta horretako projektuek ematen dietela. Zertan ari ote dira gaur egun? Merkatura ateratzen direnean bakarrik ezagutu ahal izango ditugu. Ezin da esan unibertsitateetako jendeak dakiena denik gaur egun ezagutzen denaren goia.

Zu informatika barruan gestio lanetan eta komunikabide idatzien munduan ibili zara batik bat. Hainbat aldaketa ikusiko zenuen.
«Egin» egunkariak gaur 10 urte betetzen ditu, eta hura sortu zenean ni bertan ari nintzen. Orduan han genituen ordenagailuek beren unitate zentrala zirkuito integratuz eta chipez osatua zegoen, filmadora zinta perforatuz kargatzen zen... Ideia bat eduki dezazun, hango ordenadoreari lotutako pantailetako baikoitzak milioi bat balio zuen, 1977ko milioi bat, eta gaur pantailak ehun mila pezeta balioko dizu.
Neurrietan beste hainbeste. Begira, bazen armairu bat 1,30 metrotako alturakoa: hura zen 1.200.000 karakter pilatzeko gai zen diskoaren unitatea. Gaur, eskuetan kabitzen zaizun disko batean, 160 milioi karakter almazenatu dezakezu. ARGIAn daukazuen trastearen diskoan, arra beteko zabalera duelarik, 26 milioi karakterrentzako gaitasuna duzue. Hori bezala konparatu ahal izango genituzke orain dela hamar urtetako abiadurak eta beste hainbeste gauza.

Euskal Mundu Biltzarrean adimen artifizialari buruz aritu dira, eta. hortik ere mundu berri bat somatzen dela dirudi.
Adimen artifizialari dagokion sail guztia zenbait sailetan materializatzen ari da. Batetik sistema espertoen alorra dago, arrakasta handi bat biltzen duena, eta bestetik hizkuntza naturalen prozesoa. Adimen artifizialezko sistema batean programa baten logika bera programarentzako datu bat da; beste modu batera esanda, programa horrek gai izan behar du bere funtzionamenduaren logika interpretatzeko, behar izanez gero bere arauak aldatzeko gai izan. Bere logika aldatu eta ikasteko gai dena, horra adimen artifiziala. Areago, arazoei erantzunak eman, esplikazioak...
Medikuntzako zenbait alorretan, adibidez, sistema espertoak arrakasta handiz ari dira erabiltzen. Arazorik ez da falta, hala ere: gizakiaren dedukzio ahalmena, ezagutza, tartean sartzen denean, nola sartu ezagutza hori sisteman? Datuen errepresentazioan oinarrituteko teknologia batetik ezagutzaren errepresentazioan oinarritutako batera pasatzen ari sara, eta hori izugarria da.

Eta orain arte marrazten diguzun mundu guzti honetan, euskaldunok Herri bezala zer pintatzen dugu?
Euskal Herrian badira Ulgor, Ikerlan eta abarreteko jendea robotikan lan polita egiten ari direnak. Dena dela, guk ez dugu ez trantsistoreak eta ez zirkuito integratuak egiteko lantegirik, ez dugu robot fabrikarik. Horiek programatu ditzakegu, eta teknologia horiek geure teknologia egiteko erabili. Elementu oinarrizkoak kanpotik erostera behartuta gaude, baina horiek aprobetxatuz geure teknologia eraiki dezakegu.
Arazo ekonomiko bat da, zeren eta teknologia hau errentagarri egiten da zabaltzen denean. Orduan, zure konpetentzia potentzia handiak dira. Japonia eta Estatu Batuak dirudi direla, eta Sobiet Batasuna, maila honetan projektu erabat autonomoak sustatzeko gai diren bakarrak. Europan diren projektu interesparriak Komunitate mailan egiten dira. Europan badira emaitz politak eskaini dituzten projektuak, eta baita hain emaitz onak eman ez dituztenak; Komunitateko hizkuntza guztien itzulpenaren inguruan jende askok eman du amore, etsita. Japoniarrek, hala ere, oso erritmo gogorra ezarri dute.

Zuen kasoan esate baterako, "Apika"ren kasoan APDrekin-eta, IBM bezalako munstroen ondoan tarte handia ikusten al duzue zuentzako?
Guk ez dugu haiekin konpetitu ahal izango saltzen ditugun makinen kopuruan. Baina talde txiki batek bere inguruko behar oso zehatzetan lan asko dauka. Geure programak egin, geure hizkuntzan, eta geure mailakoak. Horregatik gure apostua programazio mailan planteiatzen dugu.
Enpresa ezberdinentzako instalazioak beti dira ezberdinak, eta multinazional handiek aplikazio estandarrak eskaintzen dituzte, beharrak hemen eta Parisen edo New Yorken berdinak balira bezala. Baina gero ajuste asko behar dute
Adibideak mila dira. ARGIAren kasoan sartuta, makina bat erosten duzu eta seguruenik hitzak espainolez ebakiko dizkizu: «tz» eta holakoak ebakita aurkituko dituzu. Hasi zaitez euskarazko ebakera eskatzen... ARGIAn hori ze buruhauste izan den ondo dakigu, eta gaur konponduta dago. Esan nahi dut, beharrezkoa dela soft injiniaritza bat bertakoa. Kanpora begira konpetitzea zail izango du maila zabalean hartuta, baina zeure autonomia maila bat mantentzeko beharrezkoa duzu.
Aurrera begira, pentsatzen hasi gaitezke ordenagailuen arkitektura osoa geuk sortzea alegia. Ez da inolako iraultza izanen munduko teknologi mailan, baina bai zeure autonomi maila zaintzea nahiz eta beste batzuk orain hamabost inbentatutakoa egiten zu orain aritu. Baina dinamika batean sartzen zara, eta arrankatzea zaila bada ere, ondorioak gero eta aberatsagoak dira.

Informatikan jakitun den baten azken erreflexioa nahi dugu.
Begira, asko kezkatzen nau mundu guzti honek. Robotak oso tontoak direla diote, baina nork daki hamar urtetan nora iritsiko garen? Inkognita bat da teknologiaren garapena nork kontrolatzen duen. Eta gizarteak prestatu beharra dauka horren desarroiloa kontrolatzeko. Teknologiaren aldeko apostua egiten dutenek aisiaren eta denbora librearen gizartera goazela diote. Baina horretara ala langabeziaren gizartera goaz? Ala batzuen aisiaren eta beste batzuen langabeziaren gizartera?
Beste gai batzuetan gauza majoak egin dira. Zentral nuklearren kasoan, hor daukagu Lemoizen kontrako mugimendu guztiaren esperientzia majo hori. Ez dut esaten roboten edo teknologiaren kontrako batzordeak sortu behar direnik, horien erabilkera oso baliagarri izan bait daiteke, baina erabilkera bat bai izan daiteke arriskugarri. Oraingoz arriskuak gertuegi ez dira ikusten, baina bihar? Jendeak adi egon behar du, zeren eta denbora gutxian jauzi inportanteak gerta daitezke eta.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude