Jesus Loroño: "Euskaldunei Tour Bat Irabazteko Egurra Falta Zaie"
Aspaldian konpenzio laisterketak utzi bazinuen ere, askotxotan entzun ohi ditugu oraindik Jesus Loroñoren ausardi eta istorioak. Oraingo txirrindulariek egindakoak handiak badira ez ziren nolanahikoak ere izan Loroñoren eta bere txirringa kidekoenak. Bihotz handiko korredore hau garai hartako eta egungo txirrindularitzaren lekuko bihurtu zaigu, Babamontesekin izandako istiluen eta gora-beheren berri eman digularik. Gordetzen dinuen oroimenetan arakatu dugunean hitzjorio batek harrapatu gaitu baina gustora arinu dela sumatu dugu.
GALDERA:Noiz eta nola hasi zinen bizikleta kontutan?
ERANTZUNA:1942. urtean hasi nintzen hamalau urte nituelarik, orduan zaletasuna handia zen, izugarrizkoa; herri txikia zen Larrabetzu eta karrera asko egiten zen. Denok bizikletak erabiltzen genituen eta orduan Larrabetzu bertan bostehun bizikleta egongo ziren.
GALDERA: Zeintzu ziren orduango mutikoen idoloak?
ERANTZUNA: Barrendero, Cañardo, Ezkerra... Bartali italiarra, Magne frantsesa
GALDERA: Nolako itzuliak izaten ziren? Etapa gogorrak?
ERANTZUNA: Bai. Berrehun eta piko kilometrozko etapak izaten ziren. 1948. urtean nik egindako "Vuelta a España"n 4.500 Km. izan zituen, Euskal Herriko mendi guztiak igarotzen genituelarik. Pirineos guztia, Santander, Asturias, egunero berrehun-berrehun eta berrogeitamar Km. Orduan "Vuelta a España" osoa izaten zen. Ni soldaduskan Santander-en nengoelarik korritu nuen eta hamargarren geratu nintzen. Itzulia Madriletik irten eta Madrila heldu zen.
GALDERA: Catalunyako Itzulia eta honelakoak ere ba al zeunden?
ERANTZUNA: Bai. Denak. Guk denatan parte hartzen genuen. Catalunyakora lehendabizikoz 50.ean joan nintzen eta geroztik 60. urteraino urtero azaldu nintzen. 53.ean Españiako Itzulian irabazle gertatu nintzen eta Tour-a lehendabizikoz joaten nintzelarik bostgarren postua atera nuen generalean, mendiko errege ere izanik. Pabetik Aubisque eta Cauterets-erako etapan bigarrenari, Robik-i, zazpi minutu atera nizkiolarik; hirugarren Luison Bovet suertatu zen.
GALDERA: Zein ekipotan aritu zinen?
ERANTZUNA: Hiru urtez Italiako FAEMA-n aritu nintzen. Kafeterak egiteko entrepresa honek diru asko gastatu zuen gurekin. FAEMA ekipoan Bahamontes, Poblet, Bernardo Ruiz, Timoner, Botella, ni... eta horixe zen ekipoa. Estadu bakoitzean ekipo bat zegoen. Italian bat, Españian bestea, Frantzian ere bestea...
GALDERA: Lehen ere taldeko buruarentzako lan egiten zen, ezta? Istilurik izaten al zen horren kontu?
ERANTZUNA: Bai, gaur bezalaxe. Lan bera egiten zen baina talde burua atzean geratzen bazen ba... hantxe geratu behar. Gaur egun ere indarrean dagoen txirrindularia aurrera jotzen du.
GALDERA: Gazteok betidanik etxean Bahamontes eta Loroñoren arteko nor-gehiagoka entzun dugu. Zertan zetzan guzti hau?
ERANTZUNA: Pike hori da Bahamontes mendian ondo ibiltzen zelako eta nik bere erruedari segitzen niolako. Onenak biok ginen eta normala zen, nik ahal nionean irabazi egiten nion.
GALDERA: Nor zen eskaladore hobea?
ERANTZUNA: Bera oso ona zen baina ni beti bi edo hiru metrotara nire ondoan eramaten nuen, gutxitan ihes egiten zidan.
GALDERA: Hala ere, zuk irabazi zenion Tour-eko mendi erregetza irabazi zenuenean.
ERANTZUNA: Orduan berak ez zuen korritu Tour-a. Hurrengo urtean korritu eta irabazi zuen baina nik urte hartan, 54.ean, Eibarren egiten zen San Juan egunean egiten zen karreran 13 minutuko abantailaz eskapatua nindoalarik motor batek jo eta hiru hilabetez klinikan egon nintzen Tour-a ezin joanik. Orduan irabazi zuen Bahamontesek mendi erregetza. Bahamontesek niri beldur handia zidan berak erasotzerakoan ni beti bere erruedan izaten nintzen, beldur handia zidan. Beti borrokan aritu ginen.
GALDERA: Bestela bera suertatuko litzateke Tour-eko mendiko errege?
ERANTZUNA: Ez, ni joan izan banintz ez litzateke irabazle izango. Ez da harrokeria baina urte hartan ni indartsu nenbilen. Indarra soberanuen.
GALDERA: Nola definituko zenuke Loroño txirrindularia?
ERANTZUNA: Ni denean ona nintzen, gorantzan, beherantzan ere ondo, zelaian ere bai; lau edo bost iritsiz gero sprintatzen nuen baina pelotoian iritsiz gero, badakizu arriskua handia eta, beldur handia nuen. Aldapan ondo baino hobeto eta erlojuaren kontra ere irabazi izan dut. Catalunyako Itzulian Bahamontesi minutu bi atera nizkion eta bai Españiako txapeldun irten nintzenean Zarargozatik Huescara, 85 kilometro, lehenengo egin nuen Bahamontesi, orduan ere, minutu bi ateratzen nizkiolarik. Hirugarren Geminani irten zen.
GALDERA: Ze mediak egiten ziren?
ERANTZUNA: Mediak esango dizkizut. Nik Españiako Itzulian, 36 kilometro orduko media atera nuen, Catalunyako Itzulian era 37ko media orokorra lortu nuen. Egungoa bezalakoa. Garaiko errepideak gaurkoak bezalaxekoak balira behar bada, gaurko mediak baino altuagoak lortuko genituzkeen.
GALDERA: Zein alde dago lehengo eta gaurko txirtindularien artean?
ERANTZUNA: Begira, nire iritziz, bihotzean. Behin nirekin eskapatua zihoan Otaño errenteriarra, Tourmalet jeisten gutxienez hamar aldiz jauzi zen eta hamarretan altza eta aurrera, hain korredore gogorra zen, ez zuela amorerik ematen. Orain berriz, erori eta hortxe geratzen dira.
GALDERA: Tongorik ba al zegoen?
ERANTZUNA: Gaurko lez edo gehiago. Gaizki zihoana beste bati laguntze arren edo, dirua eskeini eta tongoa egiten zen. Txirrindulari artean gauza asko dago, baina ona bada eta irabazteko gai bada hark irabazi egiten du. Gaur ere mafia hori badago. Balio duenak diru guztien gainetik lehenengo egiten du.
GALDERA: Eta doping-arekin istilurik?
ERANTZUNA: Gaur antzean. Txirrindulari bakoitzak ezagutzen du bere neurria eta bakoitzak komeni zaiona egingo du. Nik ez dut esango hartzen ez dutenik baina har lezakete. Gure garaian «simpatina» zen famosoa, estudianteek karrera bukatzeko edota azterketak gainditzeko hartzen zutena. Hala ere, gure garaian ez zen gauza txarrik irensten. Drogarik onena da txuleta ederra eta ederto jatea.
GALDERA: Kasko, kurpil lentikular... gauza berezi ugari egun, ezta?
ERANTZUNA: Bai, baina hori apur bat sikologikoa da; guk ere kaskoa erabiltzen genuen. Kurpil hauek alhoko haizearekin ez dute gehiegi balio. Nik ez nuke erabiliko. Gainera, irabazten duenak ez du irabazten horrelako gauzak erabiltzeagatik. Moser-ek ipinitako moda da hori.
GALDERA: Zer gertatzen zaie itzuli txikitan beti irabazle ateratzen direnei eta gero handitan pott egiten dutenei?
ERANTZUNA: Kelly eta hauen kasua da. Ez dut uste Kellyk Tour bat irabaziko duenik. Gerta daiteke baina... Laupabost egunetako itzulian ederto ibilten da, Euskadiko Itzulian e.a. baina bestela beti zerbait gertatzen zaio.
GALDERA: Nork irabaz dezake orduan aurtengo Tour-a?
ERANTZUNA: Fignon aritu da Tour-a prestatzen. Aurten emango du Fignon-ek daukana, irabazten ez badu txirrindularitza utz dezake, irabaztera joango da. Hala ere, bataila asko egongo dira, ez dago Hinault, ez dago Lemond. Errespetua sortzen duten txirrindulariak falta dira pelotoian.
GALDERA: Kolonbiarrak ere hor daude.
ERANTZUNA: Bai. Hauek oso ondo aritzen dira aldapa gora eta zelaian defendatzen badira, denpora handia galtzen ez badute Tour-a irabaz dezakete. Euskaldunen artean ere hor ditugu Marino, Cabestany, Gorospe... korredore onak dira baina Tour-a Tour-a da. Eta hor ikusten dira gizonak, aldapetatik gain bero egiten du eta oso kaltegarria zaie txirrindulariei, kolonbiarrei aldiz, ondo doakie eta argi hauekin.
GALDERA: Morala ere asko aipatzen da. Marinoren arazoa denik esan al daiteke?
ERANTZUNA: Iaz txarto ibili zen, nik uste moral ezagatik, aurten Giro ona egin duela ikusi da baina Tour-ean zer egingo duen... Indartsu badago aldapa horietan aukera ona izan dezake baina etapak irabazteko, sailkapen orokorrean aritzeko bai aldapan eta bai zelaian oso argi ibli behar da. Marino indarrez oso fin eta juxtu dabil, nik uste txirrindulari euskaldunei egurra falta zaiela Tour bat irabazteko.
GALDERA: Hor dago Marino baina Cabestany, Gorospe, Indurain, Mujika, Gaston... nola ikusten dituzu?
ERANTZUNA: Euskal Herrian Gorospe txirrindulari ona da baina moral gutxi du, iaz Tour-ean txarto aritu zen aldapetan, aurten zelan amaituko duen ez dakit baina etaparen bat irabazteko Marinok baino kategoria gehiago izan dezake.
Cabestany txirrindulari oso ona da, Tour-ean etapa bat edo bi irabaz ditzake. Zelaian eta sprintetan ondo dabil, gainera eskapada onak aukeratzen azkarra da. Beti aurrean egoten da. Beste klase bat dauka, ekiporako oso ona baina aldapetan larri. Bere lana betetzen du. Marinok berriz zail izaten du etapa bat irabaztea. Ez da sprinterra, ez da ausarta;.Gorospek, Gastonek beste klase bat dute, beste moral bat dute. Hala ere, Marino osoagoa da.
GALDERA: Eta Jokin eta Indurain?
ERANTZUNA: Jokin orain jotzen hasteko adin ederrean dago, gauza handiak egingo ditu oraindik. Ikusiko dugu. Indurainek ere ezuste handia eman zuenú"Tour Del Porvenir'' irabazi zuenean. Aldapetan ona ez izan arren garbi utzi zuen indarrean dabilen txirrindulariak edozein oztopo gaindi dezakeela, bai zelaia, bai aldapa, edozer gauza.
GALDERA: Esan al daiteke txirrindulari euskaldunak irabazteko beldur direnik.
ERANTZUNA: Bai. Irabazteari beldur handia diote. Ez dakit zergatik baina beti promesak dira, beldur gabe atakatu beharko lukete promesak badira.
GALDERA: Kasta desberdinekoak al dira orduan gaurko txirrindulariak?
ERANTZUNA: Gaurkoek ere heureak egiten dituzte. Ezin daiteke esan ez dutela ezer ere egiten baina moral gutxi ikusten diet. Lehendabizi gizon izan behar da, gogorra.
GALDERA: Zer dute bada Fignon, Roche, Zimermann...
ERANTZUNA: Beste moral bat dute, irabaztera amorraturik doaz, ez dakit, beste odol bat dute gizon hauek.
GALDERA: Egungo txirrindularitza kirola edo lanbidea da?
ERANTZUNA: Batetik deportea da baina gehiago diruagatik doaz. Guri ere dirua gustatzen zitzaigun baina irabaztea zen garrantzitsua, gaur egun dirua da inportantea. Egun profesionalismo gutxixeago eta diru gehiago dagoela esan daiteke.
GALDERA: Entzuna da ere Euskal Herrian mendiak direla eta, gazteak berehala erretzen direla.
ERANTZUNA: Hori lehengo kontuak dira. Indarrik ez duena beti erreta dago eta indartsu dabilena, aldiz, inoiz ez da erretzen, Hor dugu Van Impe zaharra, oraindik aurtengo Tour-era joango dena. Ni neu oraindik 53ko platera eta 12ko pinoiaz aritzen naiz. Bularra eta bihotza duenak beti aurrera.
GALDERA: Ze kirol konpara daiteke txirrindularitzarekin?
ERANTZUNA: Nik uste dut oinezko karreraretin, marathon eta horiekin, ez bozeoarekin ez ezerkin. Ziklismoan beroa, hotza, jauzi, jan, nahiz sabela gaizki izan... ze bestela pajara hartzen duzu.
GALDERA: Zeintzu dira zuk hartutako pajara handienak?
ERANTZUNA: Handienak Gipuzkoan. Bata Eibarren San Juan egunean egindako karreran, 180 km. eskapatua eta Maltzagan Eibarra kilometro bi falta zirela - Bernardo Ruiz, Carmelo Morales eta Francisco Morenok harrapatu ninduten, beraien atzetik iritsi nintzen. Karrera osoan ez nuen jan, neure gogoa helmugara iristea bait zen eta pajarak jo ninduen. Itzela benetan.
Beste batetan Zumarragan Gomez de -Moral-ek harrapatu ninduen 180 Km. - egin eta gero.
GALDERA: Zer senditzen da orduan?
ERANTZUNA: Ooh!! Hori negargarria da. Oso gogorra. Bizikleta botatzeko gogoa ematen dizu. Hor ikusten da bakoitzaren morala.
GALDERA: Aipatu duzu maiz eskapatua ibili zarela. Zein izan da zure abantailik handiena?
ERANTZUNA: Hamahiru eta hamalau minututakoak izan ditut Eibarren, Zumarragan. Españiako Itzulian txapeldun irten nintzenean hogeitabi minutu Valencia-tik Tortosa-ra 1957. urtean. 22 minutu Bahamontes eta pelotoiari atera genizkien Bernardo Ruiz, Campillo, italiar batek eta neuk. Etapa hartan 42 Km. orduko mendia egin genuen eta 250 Km.tako etapa izan zen. Dena gorantza.
-GALDERA: Tour-ean mendiko erregetza irabazi zenuen, sailkapen orokorrean ere txapeldun gerta al zintezkeen?
ERANTZUNA: Baietz uste dut. Indar handiz nenbilen baina Cañardok egunero esaten zidan, «venga Loroño para, para.» eta azkenean haserratu eta Langarikak atakatzeko esan zidan, «ni banoa»esan eta Pabetik, Aubisque eta Cauterets ingurutan bakarrik ibili nintzen gero Hugo Coblet suizarra etorri zen nire atzetik eta hura erori eta klinitara eraman zuten. Nik zazpi minututako abantailez amaitu nuen.
GALDERA: Hain indartsu izanik nolatan ez irabazi?
ERANTZUNA: Lehenengo etapatan askotxo galdu nuen, 30-en bat minutu bai. Gu Cañardoren «domestic»ak ginen eta honek beti atzean gelditu eta «para, para» Gabika eta niri. Baina indarrez soberan nintzen. |
GALDERA: Eta orain zelan?
ERANTZUNA: Ahal dudanean, tabernako lana utzi, bizikleta hartu eta banoa, batez ere larunbat eta igandetan ehunen bat Km. egitera. Izugarrizko borrokak ditugu lagunen artean, inor ez da atzean geldituko ahal izanez gero. Itzelak egiten ditugu, bai.
ARRASTOA. L. ARISTI
35-39
Gaiez\Kirola\Txirrindula
Pertsonaiaz\LOROÑO2
Egileez\ARISTI2\Kirola
Egileez\ARRASTOA1\Kirola
Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]
Duplomb Legeak hiru neonikotinoide baimenduko lituzkeela salatu du ELB sindikatuak. "Aberrazio zientifikoa, etikoa, ingurumenezkoa eta osasunekoa" dela salatu du legearen kontrako sinaduren biltzaileak.
ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]
"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan,... [+]
Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.
2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]
Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.
2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]
Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.
Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu.
Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]
Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]
Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da.
Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]