Zer dago AEBek Venezuelaren aurka darabilten ahaleginaren muinean?

  • Nicolás Maduro agintetik kendu eta Venezuela “onbidera” etorrarazteko ahalegin militar bete-betean argitaratu den AEBen National Security Strategy dokumentuak gaia ganoraz aipatu behar lukeela esan zitekeen, ezta? Bada ez, fitsik ere ez dio hartaz. Are gehiago: idazkian ez da izendatuki aipatzen Venezuela. Ezta Karibeko eta Hego Amerikako herrialde bat bera ere.


2025eko abenduaren 16an - 09:31
Azken eguneraketa: 13:27
JBula_62 / Shutterstock
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Inkongruentzia lirudikeen horrek berak salatzen du, ordea, gaiaren korapilo nagusia: esanak zerikusi gutxi edo batere ez duela izanarekin, AEBen eta Venezuelaren arteko krisian.

Ez dago beren-beregi frogatzen saiatu beharrik, Venezuelari dagokionez, bederen, droga-trafikoarena –edo legez kanpoko migrazioena– aitzakia trauskila baino ez dela. Estatu Batuetako barne-iritzia elikatzeko atondua. Saddam Husseinen suntsipen handiko armen asmakeria askoz landuagoa eta itxurosoagoa zen, bere zitalkerian. María Corinna Machadoren ihesaldiaren kontakizun nobelatuak erakusten du, zeharbidez, txaluparien hilketak, funtsean Duterte-mailako krimen hutsak besterik ez direla, munduko lehen potentziak eginak.

Areriotasun ideologikoa ote? Hala balitz, aurretik legoke Kuba, edo besteren bat. Eta diotena diotela bere akolitoek, tarte gutxi du ideologiak Trumpen “korolarioan”.

Tenore horretan, argigarria da aipatu estrategia-dokumentuan Latinoamerikari (eta, bide batez, Venezuelari) ganoraz egiten zaion aipamen bakarra: “Zaila izango da atzerriko [hau da, Mendebaldeko hemisferioz kanpoko] eraginen batzuk iraultzea, Latinoamerikako zenbait gobernuren eta atzerriko zenbait eragileren arteko lerrokatze politikoak ikusita. Hala ere, gobernu asko ez daude ideologikoki atzerriko potentziekin lerrokatuta, baizik beste arrazoi batzuengatik erakartzen dituzte beraiekin negozioak egitera, kostu baxuak eta arau-oztopo murritzagoak barne”.  Hortik aurrera, haiek “zuzentzeko”estrategia.

Orduan? “Petrolioa” da, noski, gako-hitza. Eta halakotzat hartu du gaiari tentuz heldu dion edonork. Baina doitu beharreko arrazoibidea da hori ere: petrolioak zerikusi erabakigarria du krisian, baina egungo egitate bezala baino gehiago etorkizuneko baliabide moduan. “Erreserbak” litzateke, beraz, hitz egokiagoa.

Iraganeko garai batzuetan ez bezala, AEBek ez dute gaur egun Venezuelako boscan-aren beharrik, ez eta haren ustiapenak oso premiazkoak dituen inbertsioak egiteko gogorik ere. Bestelako kontua da, aitzitik, Orinocoko Zerrenda erraldoiak dituen erreserba ez konbentzionalen kontrola: hemendik hamarkada batzuetara, ustiategi konbentzionalak agortu ahala, ezinbestez mundu mailan erabakigarria izango dena.

Baina etorkizuna ez da petrolio-kontua bakarrik. Guztiok ikusi ahal izan dugu jada AEBetako administrazioari arestian sutu zaion sukarra lehengai estrategikoen inguruan. Frogatuta edo frogatzeke, haietako askoren gordailu dela Venezuela deritzote adituek. Erreserba horien kontrola petrolioarena bezain garrantzitsua litzateke.

Gehi diezaiogun horri guztiari Venezuelaren berezko baliabide estrategikoa: kokapena. Amazoniarako sarrera-ataka. Panamaren kontura aspaldiko eskarmentu historikoa duen Kolonbian, Gustavo Petrok berehala usaindu duen zerbait da hori.

Trumpek ba omen daki zer nahi duen... Besteok ere antzeman diezaiokegu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
2024ko abuztuaren 8
Venezuelako Askapenaren brigada
"Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko"

Eguneraketa berriak daude