Zabalik dago Durangoko Azoka bisitatzeko izena emateko aukera

  • Osasun egoerak okerrera egin ostean Durangoko Azoka bertatik bertara bisitatzeko neurriak moldatu behar izan dituzte antolatzaileek. Azoka bisitatu ahal izateko txanda hartu beharko da. Ordu eta erdiko tartea edukiko dute bisitariek.


2021eko azaroaren 29an - 13:35
Azken eguneraketa: 14:39
Argazkia: Dani Blanco

Iragarri bezala, txanda hartu beharko da Durangoko Azoka bisitatu ahal izateko. Bi formatutan egingo dute aurten, abenduaren 3tik 7ra online egin ahal izango dira erosketak azokaren webgunean, eta 4tik 8ra aurrez aurre bisitatu ahal izango dira postuak Durangon. Horretarako, ordea, txanda hartu behar da. Astelehen eguerdian zabaldu dute aukera webgunean. Egunero 1.200 bisitariko bost txanda egongo dira, 10:00etatik 20:00ak arte. Bisitariek ordu eta erdiko tartea edukiko dute azoka bisitatu eta erosketak egiteko.

219 erakusmahai prestatuko dituzte Landako gunean, eta orotara 990 nobedade izango dituzte eskura bisitariek. Azokako gune guztietan maskara jantzita egon beharko dela adierazi dute antolatzaileek, eta ezingo dela jan eta edan. Ahotseneako kontzertuetarako ere sarrera erreserbatu beharko da. Azokarako propio zabaldutako Plateruena antzokian izango dira, eta bertan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo.

Landako gunetik eta Plateruenatik gaindiko guneetako ekitaldietarako sarbidea librea izango da edukiera bete arte. Dagoeneko kontsulta daiteke Azoka egunetako askotariko egitaraua, egunez egun eta gunez gune, azokaren webgunean.

ARGIA Durangoko Azokan

Landako guneko Goienkale 68-69-70 postuetan egongo da aurten ARGIA. Besteak beste, azken urtean argitaratutako Txori Urdinak, Bidean eta Sendabelarrek dakitena liburuak, Xapoketan puzzlea, Ilargia eta Landareak 2022 agenda eta Ilargiaren Egutegia, ARGIAren 2022ko egutegia eskuratzeko aukera egongo da bertan. ARGIAk bultzatuta sortutako “Inor ez da ilegala” edo “Lurra herriari deika” bezalako proiektuak ere sustengatu ahalko dira, eta, noski, ARGIA proiektua babesteko harpidetzeko aukera ere beti egongo da.

Hainbat aurkezpen-hitzaldi ere egingo ditu ARGIAk:

ABENDUAK 4, LARUNBATA

Ilargia eta landareak agenda

Jakoba Errekondok ilargian oinarritutako 2022ko agenda aurkeztuko du.

Abenduak 4 12:00etan

Durango Musika eskolan.

 

ABENDUAK 5, IGANDEA

Xapoketan puzzlea

Iñaki Sanz eta Eñaut Aiartzaguenak aurkeztuko dute.

Abenduak 5 10:30ean

Durangoko Saguganbaran.

Bidean

Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa

Koldo Rabadan Izagirrek liburua aurkeztuko du.

Abenduak 5 11:30ean

Durangoko Musika eskolan.

Ilargiaren egutegia

Jakoba Errekondok ilargian oinarritutako 2022ko egutegia aurkeztuko du.

Abenduak 5 16:00etan

Durangoko Musika eskolan.

 

ABENDUAK 6, ASTELEHENA

Txori urdinak

Espetxe sistemaren erretratu bat Santi Cobos presoaren bizipenen bitartez

Zigor Olabarriak liburua aurkeztuko du.

Abenduak 6 11:30ean

Durangoko Musika eskolan.

Etxeko landareak

Jakoba Errekondok liburua aurkeztuko du.

Abenduak 6 16:00etan

Durango Musika eskolan.

 

ABENDUAK 7, ASTEARTEA

Sendabelarrek dakitena

Ezagutu, bildu eta erabili

Garbiñe Larrea Iturraldek liburua aurkeztuko du.

Abenduak 7 11:00etan

Durangoko Musika eskolan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2021
2021-12-07 | ARGIA
"Barraka" bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokaren sormen beka

“Barraka” abentura bideo-joko umoretsua garatzeko urtebete izango du Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak. Horretarako 15.000 euroko laguntza irabazi du Durangoko Azokaren laugarren sormen bekan.


2021-12-01 | ARGIA
ARGIA Durangoko azokan: ezer ez galtzeko gida azkarra

Durangoko Azoka gainean dugu, eta ARGIA berriz ere bertan izango da bere proiektu komunikatiboa ezagutarazi eta produktuak eskaintzen. Horrez gain, interneten ere eskuratu daitezke liburu, kamiseta, jolas eta bestelakoak, azokak irauten duen egunetan bidalketa gasturik gabe... [+]


Eguneraketa berriak daude