Egitarau oparoagoarekin dator aurten DA! PRO egitasmoa

  • Asteazkenean aurkeztu dute Durangoko Azokaren harira egingo den aurtengo DA! PROren egitaraua. Berrikuntzeko dator egitasmoa: egun bateko egitaraua izatetik lau egunekoa izatera salto egin du, eta disziplina anitzak bernebilduko ditu.

Argazkia: Durangoko Azoka

2021eko urriaren 27an - 10:42
Azken eguneraketa: 13:14

Durangoko Azokak eta BBK-k agerraldia egin dute asteazken goizean, Bilboko BBK Salan. Beronen bitartez aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azokako DA! PRO sortzaile profesionalentzako topagunea. Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutiak eta BBK-ren Kultur arduradun Koldo Bilbaok aurreratutakoaren arabera, bidean den DA! PRO berrikuntzekin dator. "Orain dela hiru urte hasitako bidea sakondu nahi izan dugu, DA! PROri bultzada sendoagoa emanez. Sortzaileentzat topagune bat sortu nahi dugu hartu-emanetan jartzeko arlo honetako profesionalekin, etorkizunean proiektu berriak sortzeko aukera aztertzeko", azaldu du Gaztelurrutiak.

Aurreko edizioetan baino egitarau oparoagoa eskainiko du DA! PROk aurten, egun bakarrean gauzatzen zen egitasmoa izatetik lau eguneko topagune izatera pasako baita. Are, soilik musikan oinarrituta egotetik hainbat disziplina barnebiltzera ere igaroko da. Kultur alorreko profesionalei begira antolatu dute topagunea, eta Durangoko Azokaren bezperetan emango zaio hasiera; abenduaren 1etik 4ra bitartean gauzatuko da. Gaztelurrutiaren hitzetan, "profesionalei espazio zabalagoa eskaini nahi diegu. Euren proiektu berriak ezagutarazi, merkaturatzeko bideak zehaztu, eurentzat bitarteko baliagarriak zeintzuk izan daitezkeen aztertu, sortzaile eta sektoreko profesionalen arteko harremanak bultzatu...".

Egitarau zabala

Lau eguneko egitaraua gaika antolatu dute. Lehenbiziko egunean, "aurreko bi urteetan hasitako bideari jarraipena" emanez, musikariek parada izango dute beren proiektuak aurkezteko. Parte-hartzeko baldintza da proiektua euskarazkoa izatea, eta lehenetsi egingo dira aurten lanen bat argitaratu duten eta Durangoko Azokan parte hartzen duten proiektuak. Azaroaren 2tik aurrera eman ahalko dute izena beren lanak aurkeztu nahi dituzten musikariek, www.durangokoazoka.eus web-orrian.

Bigarren egunean formatu txikiko familia-ikuskizun eta tailerrak izango dira protagonista. Musikariek bezalaxe, arlo honetako sortzaileek beren lanak aurkeztu ahal izango dituzte, eta azaroaren 2tik aurrera eman ahalko da izena.

Abenduaren 3rako, Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko? hitzaldi labur zikloa eta mahaingurua antolatu dituzte. Horietan jorratuko denaren aurrerapena egin dute antolatzaileek: "Edozein literatura lan egokitu daiteke ikus-entzunezko formatura? Zein irizpide hartzen ditu aintzat ekoiztetxe batek literatura lan baten aldeko apustua egiteko? Prozesu honetan guztian parte hartzen duten idazle, gidoilari, zine zuzendari eta ekoizleek parte hartuko dute". Ikusle bezala parte hartu ahalko da ekintzotan, baina horretarako izen-ematea ezinbestekoa izango da, azaroaren 2tik aurrera.

Azken egunean, Durangoko Azokaren irekierarekin bat eginez, Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak solasaldia egingo da Landako gunean. Egile eskubideez, komunikazioaz eta kontratazio kontuez arituko dira EKKI Euskal Kulturgileen Elkartea, Amaia Ocerin komunikazio aholkularia eta Miriam Miranda, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteko kidea.

DA! PRO topaketetako egitarau hori guztia Durangoko txoko ezberdinetan gauzatuko da, hala nola: San Agustin Kultur Gunean, Bizenta Mogel Bibliotekan, Zugaza Zineman eta Landako gunean. Parte hartzea doakoa izango da, nahiz eta beharrezkoa izango den izena ematea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2021
2021-12-07 | ARGIA
"Barraka" bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokaren sormen beka

“Barraka” abentura bideo-joko umoretsua garatzeko urtebete izango du Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak. Horretarako 15.000 euroko laguntza irabazi du Durangoko Azokaren laugarren sormen bekan.


2021-12-01 | ARGIA
ARGIA Durangoko azokan: ezer ez galtzeko gida azkarra

Durangoko Azoka gainean dugu, eta ARGIA berriz ere bertan izango da bere proiektu komunikatiboa ezagutarazi eta produktuak eskaintzen. Horrez gain, interneten ere eskuratu daitezke liburu, kamiseta, jolas eta bestelakoak, azokak irauten duen egunetan bidalketa gasturik gabe... [+]


2021-11-29 | ARGIA
Zabalik dago Durangoko Azoka bisitatzeko izena emateko aukera

Osasun egoerak okerrera egin ostean Durangoko Azoka bertatik bertara bisitatzeko neurriak moldatu behar izan dituzte antolatzaileek. Azoka bisitatu ahal izateko txanda hartu beharko da. Ordu eta erdiko tartea edukiko dute bisitariek.


Eguneraketa berriak daude