Ukrainarentzako laguntza militarra handitzen ari da Mendebaldea, “kontraerasoa” indartzeko

  • Alemaniak 2.700 milioi euroko ekipamendu militarra agindu dio, eta Erresuma Batuak irismen handiko misilak. Pentagonoko filtrazio batzuek ohartarazi dute Kievek Errusiako lurretara zabaldu nahi duela erasoa, baina Zelenskik ukatu egin du.

200 kilometrotik gorako irismen luzeko ehunka misil agindu dizkio Sunakek Zelenskiri.

2023ko maiatzaren 15an - 16:36

“Garaipenerako ia prest” daudela baieztatu du asteburuan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, baina “kontraerasorako apur bat itxaron” behar dutela esan du, oraindik ekipamendu militarra falta zaielako. Zelenskiren hitzetan, kontraerasoaren helburua da Errusiak inbaditutako eremuak berreskuratzea, baina ez dute zehaztu noiz gauzatuko duten erasoa.

Hainbat adituren esanetan, aldiz, kontraerasoa jada abiatu du Ukrainak, eta besteak beste, Errusiako Wagner talde paramilitarrak ostiralean adierazi zuen ukrainar militarrek erasoari ekin ziotela. Horien artean, Errusiak salatu du irismen luzeko misilekin egin diotela eraso Luhanski. Bakhmut gatazka armatuaren puntu gorietako bat da –borrokak denbora luzeen iraun duen gerra frontea–, eta Ukrainak baieztatu du lortu dutela bertan aurrera egitea eta Errusiak hartuta zuen lur zati bat berreskuratzea.

Azken egunetan Mendebaldeko zenbait agintari bisitatzen ari da Zelenski, eta guztiek erakutsi diote euren babes politiko, ekonomiko edota militarra. Alemaniako kantziler Olaf Scholzek larunbatean iragarri zuen 2.700 milioi euroko balioa duen laguntza militarra emango diola, orain arteko handiena; hala nola droneak, tankeak eta aireko defentsa sistemak bidaliko dizkio.

Astelehenean, berriz, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakekin elkartu da Zelenski, eta Sunakek iragarri du Ukrainari 200 kilometrotik gorako irismen luzea duten misilak emango dizkiola, zehazki, ehunka drone. Pilotuak entrenatzeko laguntza ere iragarri du. “Gatazka momentu erabakigarrian dago. Erresuma Batuak tinko babesten jarraituko du Ukraina eta bere herritarrek euren burua defendatzea. Garrantzitsua da Kremlinek ere jakin dezala ez garela hemendik joango. Epe luzerako gaude hemen”, adierazi du Sunakek, The Guardianen jaso dutenez. Kremlinek “erabat negatibotzat” jo du Ukrainari ekipamendu militarra bidaltzea, baina erantzun du Londresen laguntzak ez duela gatazkaren norabidea aldatuko.

Alemaniaren eta Erresuma Batuaren babesaz gain, Zelenskik AEBen babesa jaso du, baita Europako hainbat agintarirena ere, azken astean egindako bisitetan, tartean Italia eta Frantziakoena.

Zelenskiren erasorako asmoak filtratuta

Mendebaldeko buruzagiak Ukrainara ekipamendu militarra bidaltzen ari dira kontraerasoa sendotzeari begira, baina esan dute “defentsarako” eman dizkietela, eta ez “Errusiari eraso egiteko”. Izan ere, The Washington Post egunkariak Pentagonoko filtrazio batzuk argitaratu ditu, erakusten dutenak Zelenskik asmoa duela Errusiako lurretan ere erasoak egiteko, batik bat mugako hirietan. Zelenskik ezeztatu egin du halakorik, ez dutela “horretarako armarik soberan” argudiatuta. Kontraerasoan edo erasoan, baina Ukraina mugimenduak egiten ari da Mendebaldeko gobernuen laguntzaz, eta datozen asteetan ere horixe ikusiko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Ukrainak EBko armamentuarekin Errusiako lurraldeari eraso egitea babestu du Borrellek

EBko atzerri- eta segurtasun-politika arloko ordezkari Josep Borrellen hitzak azken asteotako eskalatzea elikatzera datoz. Azkenaldian Mendebaldeko hainbat agintarik egin dituzte adierazpenak zentzu berean. Errusiak iragan astean ohartarazi zuen Ukrainari beren armamentua... [+]


Zer dira Mendebaldearen mehatxuei erantzuteko Errusiak erabiltzekoak dituen arma nuklear taktikoak?

Urrats berri horren berri eman du Errusiako Defentsa ministerioak maiatzaren 21ean, zehaztuz "Mendebaldeko arduradun batzuen mehatxuei" bideraturiko erantzuna dela. Oraingoz, arma nuklear taktikoak ez dira inoiz erabiliak izan, hain zuzen, suntsiketa gaitasun... [+]


2024-04-24 | Axier Lopez
Propagandarako tresna berria Ukrainan

Ukrainako gerraren benetako izar bihurtu dira droneak, baina ez hainbeste ohiko gudu-zelaian, baizik eta gudari ere badagokion baina oso bestelakoa den eremu batean: gerra-propaganda. Moskuk eta Kievek erabiltzen dituzte tripulaziorik gabeko hegazkinek grabatutako bideoak beren... [+]


2024-04-24 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Eguneraketa berriak daude