ARGIA.eus

2020ko irailaren 27a

Quim Arrufat (CUP): "Independentzia aldarrikapena gauza askoren konbinaketa izango da"

  • Erreferenduma, independentzia aldarrikapena eta, Carles Puigdemont eta berarekin adostu beharreko aurrekontuak dira elkarrizketaren ardatzetakoak. Zuzendaritza berria hautatu ondoren CUPeko barne egoeraz ere mintzo da Quim Arrufat.

Xabier Letona Biteri @xletona
2016ko urriaren 14a
Quim Arrufat, CUPeko zuzendaritza berriko kidea. (Argazkia: Vilaweb)

Erreferenduma edo erreferenduma. Carles Puigdemontek finkatutako bide orri berria gustuko duela dio Quim Arrufatek, CUPeko zuzendaritza berriko kide eta parlamentari ohiak. Baina Vilawebek egindako elkarrizketan berak ere ez du guztiz argi egingo denik. Horregatik, bere ustez “erreferenduma egiten uzten ez badigute, giltzarri da amaieraraino joatea. Independentzia aldarrikatzeko prest izan behar dugu”.

Orain arte independentismoak metatu duen %48 nahikoa ote den galdegin dio Andreu Barnils kazetariak. “Adostutako erreferenduma molde eta era guztietara saiatu ondorengo adierazpena litzateke. Hori da garrantzitsuena”. “Orduan, errazago ikusten duzu DIU [independentzia aldarrikapena] RUI [aldebakarreko erreferenduma] baino?”: “Ez dakit, seguruenik gauza askoren konbinaketa izango da”.

“Konfiantza diozue Puigdemonti?” “Bai. Konfiantza diot. Baina bere alderdiari askorik ez. Eta gero eta gutxiago Mas lehendakariari. “Lehengo Convergenciaren inguruan badira konfiantza txikia ematen didaten sektoreak. Bada jendea nekaezin ari dena prozesuaren aurka eta bere alde, Quico Homs [Masen gobernuko bozeramaile ohia] adibidez”.

En Comú-koen jarrera berriaz ere mintzo da Arrufat, datozen hilabeteetan gauza asko argitu beharko dituztela adieraziz: “Noiz ulertuko dute Kataluniako Bidea dela Espainia bersortzeko biderik demokratiko eta azkarrena?”. Hala egin ezean, “En Comúk Iniciativa bihurtzeko arriskua du”.

Aurrekontuak

Behin erreferendumarena adostu ondoren, orain aurrekontua adosteko unea iritsiko da eta argi dago hau ez dela horren samurra izango: “Ez dezatela pentsa baiezkoa lortuko dutenik aurrekontuei begiratu barik. Munduko parlamentu guztietan zenbakiei buruz berba egitea sakratua da; ikusten badituzu kenketak, batuketak eta biderketak egiten dituzu, eta ikusten duzu zeri eragiten dioten eta zeri ez (…). Aurrekontuak begiratu gabe onartzea nahi izatea jauntxokeria da”.

Aurrekontuetako gai klabea fiskalitatea dela dio Arrufatek. Badakite zailtasun handiak izango direla, “baina zera esaten dugu: erakutsi iezaguzue neurri fiskalekin aberastasuna banatzeko borondatea”. “PFEZ ukitu behar da, eta horrek urduritasun handia dakar. Aberastasuna eta patrimonioari buruzko zerga ere sor liteke. Turismoaren eragina zerbitzu sozialetara bideratzea ere egingarria da”.

Poble Lliure eta Endavant

CUPen barne egoera ere jorratzen da mintzaldian. “Zein desberdintasun dago CUPeko lehengo eta oraingo zuzendaritzaren artean?”. Arrufat: “Zaharra betiko eredua da, erakundean gertatzen zena jasotzen zuena. CUP bi bloke handitan polarizatzen da, eta banaketa hori islatu egiten da idazkaritza nagusian ere”. Lehen pertsonak hautatzen zirela dio eta orain lan taldeak hautatu direla, “baina kideak ez datoz bloke antolatuetatik. Horrek automatikoki dakar idazkaritza ez bihurtzea gatazka gune, lan eta kooperazio gune baizik”.

CUPeko bi bloke horiez ere mintzo da eta inertzia historikoaren ondorio direla zehazten du: “MDT, orain Poble Lliure. Eta Endavant. Bi erakunde hauek eraiki dituzte CUPeko hausnarketa estrategikoak eta CUP ulertzeko bi era sortu dira. 80ko hamarkadan Fronte Patriotikoa eta Fronte Popularra baziren, orain ere, gutxi gora-behera antzera gertatzen da. Bien ekarpena handia izan da, baina CUPek nazio mailako bere espazioa, eztabaidak eta kuadroak sortzeko ordua da, ez bakarrik udal mailakoa”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Katalunia independentziarantz  |  CUP

Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude