Puntadaz puntada, txikitik eragiten jarraitzeko

  • Usurbil eta Oñatiren ostean, Ondarroaren txanda heldu da. 2014an berpiztu genuen Argia Eguna, eta hirugarren edizioa Lea-Artibaira eramango dugu, Puntadaz Puntada Txikitik Eragiten goiburuarekin. Urriaren 1a (larunbata) hautatu dugu horretarako. Egun osoan, hainbat ekimenez beteko dugu Ondarroako Itsasaurre plaza. Denerako tartea izango da: jolasa, hausnarketa, musika, berriketa… Aurreko urteetan bezala, eskualdeko eragileekin elkarlanean osatu dugu egitaraua. Eskerrik beroenak haiei.


2016ko irailaren 29an - 10:08
Oñatin ospatu genuen 2015eko Argia Eguna / Dani Blanco

Iazko Argia Egunerako plazaratu genuen Txikitik Eragiten leloa, eta aurten ere eutsi egin diogu. Euskal hedabideok txikitasunera derrigortuta gaudela dirudi, baina txikitasunak ez du oztopoa izan behar; aitzitik, bertutea izan daiteke. Txiki askok gauza handiak lor ditzakete-eta, elkarlanean arituz eta zorrotz jokatuz gero. Zorrotz, arrantzaleen herrietan sareak josteko erabiltzen diren orratzak bezala. Puntada non eta noiz eman asmatzen duenak bidean oso aurrera egin dezake, txikia izanagatik.

Horregatik, Puntadaz Puntada erantsi diogu aurten Argia Eguneko leloari. Iaz ARGIAk egiten dituen produktuei eman genien protagonismoa, batez ere astekarian gauzatzen ari ginen birmoldaketari. Aurten, Ondarroan, proiektu osoaz jardun nahi dugu, eta batez ere proiektu horren subjektuaz: ARGIAk eragiten jarraitzea ahalbidetzen duen komunitatea. Irakurle fidelak, noizbehinkako jarraitzaileak, iragarleak, langileak.... Komunitate horren barruko harreman ereduaz hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu ARGIA zaleak. Eta Lea-Artibaiko herritar guztiei, berriz, egitasmo hau hurbilagotik ezagutzeko aukera eskaini, giro alai, euskaldun eta berdinzalean, besteenganako eta inguruarekiko errespetuz.

Bertoko taldeekin elkarlanean ondutako egitaraua

Txikitasuna ardatz izanagatik, jende askotxok denbora luzez lana gogotik egitea eskatzen du honelako jai bat antolatzeak. Aurreko edizioetan irekitako bideari jarraituz, Argia Eguna egingo den eskualdeko eragileekin batera osatu nahi izan dugu jaiaren egitaraua, ahalik eta neurri handienean. Eman-hartu horren fruitu da, urrunago joan gabe –Saturraraneraino besterik ez–, eguna hasteko egingo dugun Oroimenaren Txangoa, Ondarroako Historia Zaleak taldearen eskutik. Besteak beste, 1936ko gerrako pasarte esanguratsu baten berri jasoko dugu iraganerako bidaia horretan: Jose Antonio Agirreren gobernuak Ondarroako txalupetan bost kutxa urre Baionara eraman zituenekoa. Gerrarako armak erosteko baliatu zuten urre hura. Pasarte horren berri xeheagoa eman genizuen joan den asteko ARGIAn.

Txangozaleak bidean diren bitartean, 11:00etan, jaiari hasiera “ofiziala” emango diogu, ongietorri ekitaldi xume batez. Ostean herri eragileen azoka irekiko da –hantxe izango da, halaber, Jakoba Errekondo, Bizi Baratzea eta Altza Porru liburuekin, gura duen edonori baratzeari eta landareei zalantzak argitzen–, eta jolas hezitzaileak hasiko dira.

Umeentzat ez ezik helduentzat ere jostagarri eta hezigarri izango dira jolasak. Aurreko edizioetako ohitura onak ez ditugu herdoiltzen utzi nahi, eta horregatik han izango da berriz ere Pello Zubiria etxe honetako lankidea haziak buztinezko boletan bildu eta naturara botatzeko Nendo Dango teknika irakasten. Eta bertokoen ekarpena ezin falta, jakina: Txirrimorraski taldearen eskutik iritsiko dira hainbat jolas eta eskulan, berriki ARGIAko azalean aurkeztu genizuen Izaro Arbek zesta-puntaren sekretuak argituko dizkigu, dantza eskolak emango ditu Ondarroako Evak...

Hausnartu, dantzatu, kantatu, gozatu

Eguerdiarekin batera, ARGIA zaleak bildu nahi ditugu mahairen bueltan, komunikazio proiektu honen izaeraz eta berau osatzen dugun guztion –bai, zu ere bai– harremanaz gogoeta egiteko. Hausnarketarako tartetxo hori goizean goizetik kaleko giroa piztuko dutenen algararekin bateratuko dugu: jai egun batean ezin falta musika, kantua eta erritmoa. Eskualdeko hainbat talde arduratuko dira txinparta sortzeaz, norberaren esku erronkari eustea.

Dibertitzeaz ere atseden hartu behar izaten da, eta horretarako parada eskainiko digu 200 lagunentzako herri bazkariak –ikus aurreko orrialdea–, Itsasaurre plazan kokatuko dugun karparen barruan. Hortxe izango dira, era berean, digestioa gozatzeko Lea-Artibaiko bertso eskolek prestatuko diguten Bertxio, twitter bidezko bertso saioa, eta Abarka taldeak –eskualdekoa hori ere– Argia Egunerako beren-beregi sortutako Argi-uneak antzezlana. 

Indarberrituta, nortasun agiri arrotzak ahalik eta urrunen jaurtitzen saiatuko gara hirugarrenez, ahal baldin bada behintzat Usurbil eta Oñatiko arrakasta berdinarekin. Eta tartetxo bat hartuko dugu musika taldeek beren tresneria prestatzen duten bitartean. Akaso, lehenago egin ez duenak, egun osoan jai-gunean ikusgai izango den Trantsizioak argazki erakusketaz gozatuz.

Bide-lagunak gogoan

19:30ean hasiko dira kontzertuak, Jon Basaguren eta Occhi di Farfallaren eskutik –nork daki azken uneko ustekabekoren bat ez ote zaien batuko–, eta gauerdi aldean iritsiko da “datorren urtera arte” esateko momentua. Etorriko dira bilera serioak eta balorazio sakonak; urriaren 1ean, nahikoa bedi egindako lanaz harro sentitzea eta bidean lagun izandakoari eskerrak ematea. Ezin ahaztu, esaterako, Ondarroako Udalak eta Antza inprimategiak emandako laguntza, ezta ere Etxebarriako Eika enpresaren babesa.

Baina bereziki, nola ez, egitaraua osatzen eta jaia aurrera ateratzeko nahitaezkoak diren lan ikusezin mordoa egingo duten Lea-Artibaiko hamaika lagunez gogoratzeko unea izango da. Doakie hemendik esker oneko besarkada.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Eguna
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen... [+]


Argia Eguna
Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Eguneraketa berriak daude