Poliziaren indarkeriaren berri ematea debekatu nahi die Frantziako Gobernuak kazetariei

  • Azaroaren 3 honetan hasi dira "Ordenuaren mantentzeko eskema nazional berria" deitu dokumentuaz eztabaidatzen Frantziako Legebiltzarrean. Hemezortzi hilabeteko gogoetaren emaitza da 29 orriko dokumentua, zeinetan zangopilatzen diren kazetarien eskubideak. Horrez gain, LBD40 balen eta GM2M granaden erabilpena baimentzen die poliziei eta jendarmeei.


2020ko azaroaren 03an - 16:10

"Hitz eman nuen ezingo zela gehiago polizien eta jendarmeen irudirik zabaldu sare sozialetan; hitza bete dut, legeak debekatuko duelako irudi hauen hedapena". Horra Gerard Darmanin Frantziako Barne ministroak argi utzi duena. “Ordenuaren mantentzeko eskema nazional berria” deitu lege-proposamenaren baitan sartzen da kazetarien eskubideak murrizten dituen debekua. Lege-proposamen horri segi, kazetari zein argazkilariek ezingo dituzte grabatu edota argazkitan hartu polizien eta jendarmeen gehiegikeriak.

Ez da lanbide horri begira harturiko murrizketa bakarra. Manifestazioa bukatzeko manua eman bezain laster kazetariek ere beharko dituzte lekuak hustu, lege-proposamen berri horri segi. “Lekuak husteko manua eman ondoren bertan gelditzeak dakarren delituak ez du salbuespen bakar bat ere ez, balio du kazetarientzat eta elkarteetako kideentzat ere”. Hori horrela, Gobernuz Kanpoko Erakundeek galdetu “behatzaile” estatutua errefusatua izan zaie. Neurri horren kontrako protesta gisa, #CettePhotoNexisteraPlus #ArgazkiHauEzDaGehiagoExistituko etiketa gehiturik, sare sozialetan poliziaren errepresioaren argazkiak zabaltzen dabiltza kazetari, argazkilari zein herritarrak.

"Ordenua mantendu ahal izateko" neurriak bildu ditu Frantziako Gobernuak hemezortzi hilabetez onduriko dokumentu honetan. Jomugan ditu casseur edo "bazter nahasleak" deitzen dituenak, hots, indarkeriaren erabilpena egiten duten manifestariak. Alta, kazetarien aurkako neurri hauekin begibistakoa da gobernuak isilean pasa nahi dituela mugimendu sozialen aurka poliziek eta jendarmeek bideratu errepresio eta bidegabekeriak. Geroz eta bortitzagoak dira manifestazioak Frantziako Estatuan eta kazetarien lanak ezinbestekoa izaten segitzen du, behar orduan bidegabekeriak plazaratzeko. Demagun, Jaka Horien manifestazioetan 2.500 kolpatu izan ziren guztira.

Horrez gain, manifestazioak kubritzeko lanetan ariko diren kazetariek prentsa-karta ukan beharko dute, bai ala bai. Legeari segi, orain arte ez da beharrezkoa eta anitz dira kazetaritza lanetan ari prentsa-kartarik gabe.

Azken urteetan eta batez ere Emmanuel Macron presidentea boterean denez geroztik, poliziaren errepresioari aurre egin behar diote geroz eta kazetari gehiagok. Demagun, Christophe Castaner Barne ministro egondako garaian, hots, 2018ko urritik 2020ko uztaila bitartean 200 kazetarik ezin izan dute haien lana burutu, polizia eta jendarmeek debekaturik.

SNJ kazetarien sindikatua eta Amnesty International haserre

"Prentsa askatasuna zangopilatzen du Barne ministroak", SNJ Kazetarien Sindikatu Nazionalaren arabera –lanbide horretako sindikatu nagusia da SNJ–. Ondokoa ohartarazten du: kazetariak independente dira, eta gobernuak ezin ditu bideratu. Amnesty Internationalek ere gogor kritikatzen du legea: “Bidegabekeriari irekitzen dio bidea, poliziek kazetari bati materiala hartzen ahalko diote, soilik haren jarrera ez dutelako gogoko”.

Armen erabilpena aitzina

Kazetaritza kontrolatzeaz gain, orokorragoa da legea eta besteak beste, LBD40 balen eta GM2M granaden erabilpena baimentzen du. Arma hauen debekua exijitzen du Amnesty Internationalek: “Desblokeo-granadak debekatzea eskatzen dugu, haien eragina neurrigabea delako –proiektatutako pizgailuek larriki zauritu ditzakete pertsonak– eta bereizketarik gabea delako –ausaz jotzen dute jendetzari bota ondoren–. Halaber, LBD40 unitateak eteteko eskatzen dugu, lesio infligatuen larritasuna dela eta (begia galtzea, matelezurra edo buru hezurraren haustea…). GLI-F4 granadaren ordez GM2L granada jartzea ere ez da egokia. GM2L negar-eragilea izateaz gain, elkortzen ere du. Efektu bikoitz hori kaltegarria da: gas negar-eragilea sakabanatzeko erabili behar da, ordea, ez da zentzuzkoa elkortze efektua gehitzea, pertsonak desorientatzen dituelako eta sakabanatzea zailtzeko arriskua baitago”. Amnesty Internationalek oroitarazten duenez, Frantzia da granada hauek erabiltzen dituen Europako Estatu bakarra. Lege-proposamen berri horren baitan zehazten da poliziaren eta jendarmeen partetik indarkeria "soilik behar-orduan eta modu neurtuan" bideratu beharko dela.

Lege berri honen zati bat manifestazioen esparruan egindako delituen erantzun judizialari buruzkoa da. Hor ere hainbat puntu dira kritikagarriak Amnesty Internationalen begietan: “Zein da arazoa? Aipatutako lege askok ez dituztela betetzen nazioarteko zuzenbideko legeak. Demagun casseur edo "bazter nahasleen" kontrako legeak ez du balio, ezta ere deklaratu gabeko manifestazio baten antolatzailea zigortzeko bideak. Nazioarteko zuzenbidean, manifestazioa ez deklaratzeak ez duelako berez manifestazioa ilegala bihurtzen.

Poliziaren gehiegikeriak biderkatuz doaz Frantziako Estatuan azken urteetan. Basta! komunikabide independentearen arabera, 1977tik 2019ra 676 dira Frantziako poliziak hildako herritarrak. Isilean pasa nahi dituzten gehiegikeriak plazaratzeko bidea izan ohi dira sare sozialak, azpiko bideoan agertu daitekeen bezala:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


2024-02-22 | Gedar
Absolbitu egin dituzte 'Cubainformación'-eko kazetari bat eta Euskadi-Cuba elkartea

Aurreko astean, Madrilen epaitu zituzten José Manzaneda kazetaria eta Euskadi-Cubako legezko ordezkaritza, artikulu baten harira: AEBen blokeoaz hitz egiten zen idatzian. Sei urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko zigor ekonomikoa eskatzen zituen akusazio... [+]


2024-02-16 | Axier Lopez
Pablo González kazetariari espetxealdia luzatu diote zortzigarren aldiz

Hilaren 28an bi urte beteko ditu Poloniako kartzelan Euskal Herriko kazetariak. Poloniako justiziak ostegun honetan erabaki du beste hiru hilabetez luzatzea behin behineko espetxealdia.


Cubainformación eta Euskadi-Cuba elkarteko kideei sei urteko kartzela zigorra ezarri nahi diete

Akusazio partikularrak 50.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu du Cubainformacióneko José Manzaneda kazetariaren aurka, erreportaje batean emandako edukiagatik.


Eguneraketa berriak daude