ETB

Pello Sarasola ETBko zuzendari ohia hil da

  • Ostegunean EITBk jakinarazi duenez, Pello Sarasola hernaniarra hil da. 50 urte zituen eta iazko martxotik euskal telebistako zuzendaritza utzita zegoen, gaixotasun batek eraginda.


2015eko uztailaren 03an - 11:25
Pello Sarasola ostegunean zendu zen (argazkia: Gari Garaialde / Argazki Press).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urtetan landutako ikuspegia zeukan telebistako programazioa antolatzeko moduaz. 2013an, ETBko zuzendari izendatu baino lehenxeago, honela azaldu zuen hedabide honek hilero argitaratzen duen LARRUN aldizkarian: “Audientzia zerbitzu publiko baten kalitatearen adierazleetako bat da, baina zertarako dago zerbitzu publiko hori, audientzia lortzeko? Ez. Helburu batzuk betetzeko: euskara eta euskal komunitatea egitea”.

Ipar hori galdu gabe egin zuen lan ETBn aritu zen bi aldietan. 1989an hasi zen hedabide publikoan, ikerketa eta audientzia teknikari gisa. 1995an urrats bat harago egin zuen bere ibilbide profesionalean, programazio arduradun izendatu baitzuten.

Telebista digitalaren iraultzaren lekuko

1999tik 2003ra arte programazio eta edukien arduradun izan zen. Gero, Espainiako Antena 3 katean egin zuen proba eta medioa bizitzen ari zen aldaketa handiaren lekuko izan zen: “Antena3n tokatu zitzaizkidan urte haiek izan dira telebistak bizi izan dituen urterik aldakorrenak. Iraultza gertatu zen, telebista digitalaren hasieraren iraultza. 1999an hamar telebista kate baino gutxiago ikusten ziren etxe normal batean, zazpi-zortzi edo. Eta kolpean, etxe guztietan pasa ginen 40, 50, 60 kate jasotzera. Prozesu horretan telebista kate tradizional guztiek, bai pribatuek, bai publikoek, sufritu egin genuen, audientzien sakabanaketa geure gainera etorri zelako”.

Duela lau urte itzuli zen ETBra edukien zuzendari eta 2013an kateko zuzendari izendatu zuten. ETB1ek gaztelaniazko kateak baino aurrekontu handiagoa izan behar zuela defenditu zuen kargua hartu aurretik egindako elkarrizketan.

Haren heriotzaren berri izan ostean, Maite Iturbe EITBko zuzendariak Sarasola “profesional handia” izan dela nabarmendu du, baita proiektuari egindako ekarpena goraipatu ere.


Eguneraketa berriak daude