Pasa ezazu kaputxa, kamarada

  • Pasa ezazu kaputxa, kamarada! Amorrua zabaldu, bat egin marea beltz honekin, eta jar ditzagun kolokan heteropatriarkatuaren zimenduak.


2016ko maiatzaren 11n - 09:00
Arg: Dani Blanco

Hainbat kolektibo feministek segitutako bideari jarraituz, berriak ez diren borroka moldeak praktikan jarriz eta biolentzia matxistari erantzun irmoa emateko asmoz, FARRUKAS kolektiboa jaio zen 2014an.

Zeintzuk ote garen baino, garrantzitsuena eta gure apustua da kide eta kolektibo feministen arteko sareak jostea, aliantzak borroka molde eta estrategia gisa ulertuta. Buru-beroki kutsapena edozein txokotan leher daiteke, edozein unetan; hedatzen ari da, kontagiatzen, kolektibizatzen, araurik eta liderrik gabe. Eta, zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu, beste behin ere, gure apustua beltza izan arren, ileorde koloretsuek, tangek zein buru-berokiek, denek gehitzen dutela eta deusek ez duela kentzen, horren beharrezkoak diren indarkeria matxistaren kontrako aliantzak josterakoan.

Indarkeria matxista salatu eta beroni erantzuteko kalera batera ateratzea da gure apustua, hasiera-hasieratik, ukatu diguten hori guztia eginez: kaputxa ipinita, beltzez jantzita, zarata eginez, amorrua adieraziz, indarrez... Menpeko emakume biktima eta pasiboaren irudia urratuz, eta aktibo eta borrokalari gure burua erakutsiz, jakinda boterea eta indarra dugula. Kaputxa janzten dugu identitate kolektiboa sortzen duelako, indibidualizazioaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borroka estrategia gisa. Bati egiten badiote eraso, denok erantzunen dugu!

Estaltzearen helburua ez da ezkutatzea, ez dugu beldurrarengatik ezta lotsarengatik ere egiten. Buru-berokia jantzi behar izan dugu, ordea, entzun gaitzaten eta izandakooihartzunak argi eta garbi frogatzen du.

Beldurra aldez aldatuko dugu da estrategia politiko gisa gogotik hautatu dugun leloa, jakinda probokatzailea dela eta ez adiskidetzakoa, izan ere, hain justu, eztabaida da sortu nahi duguna. Baten bati min ematen badio, pentsa dezala zergatik eta aldatu behar duen horren ardura hartu dezala. Hona hemen ideia batzuk: indarkeria matxisten aurrean isiltasuna, kolaborazioa, legitimazioa, babesa, pasibotasuna eta, zuzenean, biolentzia bera erabiltzea. Ez dugu genero maskulinoak izua sentitzerik nahi, bai, aldiz, erasotzaileek: eraso egin ez diezaguten nahikoa ikara senti dezaten nahi dugu. Indarkeria da emakume bezala sozializatuak izan garenon aurka heteropatriarkatuak darabilen izua, guk erantzun besterik ez dugu egiten. Eta, bai, adiskideok, botere eta pribilegio galerak beldurra ematen du, eta horra hor esaldiaren ekarpen pedagogikoa. Bide batez: beldurraren feminizazioaren aurrean inork ez du txintik esaten.

Noiz hartuko dute beren ardura gizonek? Noiz erasotzaileek? Noiz gizarteak bere osotasunean? Noiz hasiko dira gizon gisa sozializatuak izan direnak beren maskulinitatea ezbaian jartzen eta pribilegioei iskin egiten?

Guri beldurra irakatsi zaigu eta, gainera, oldartzeko eskubidea bera ere ukatzen digute. Oldartzeko eskubidea gure egiten dugu erantzuteko erreminta eraginkorra delako, mugak jartzeko, ezetz esateko, errespeta gaitzaten. Beldur hori erantzun aktiboa eta borrokalaria izatea nahi dugu, eta horren alde lerratzen gara.

Bortitzak? Guk heteropatriarkatuak emakumeon eta bestelako gorpuztasun ez hegemonikoen kontra erabiltzen duen indarkeria erantzun baino ez dugu egiten. Bortitzak? Indarkeria matxista emakumeak erailtzen ari da, eta ez da deus gertatzen. Eta gure jarduna da zalantzan jartzen dutenagertatutakoa kalean salatu eta erantzun behar dugula esateagatik? Zein da hemen eztabaida: buru-berokiak janzten ditugun ala erailketa matxistak?

Zer gertatzen zaigu emakumea eta indarkeria hitzak elkartzen direnean? Alde batetik, inposatutako feminitate rolek oldarkortasuna eta autodefentsa ukatzen dizkigute. Bestetik, egiten duguna egiten dugula ere, bortitzak garela esanen dute, zigortu eta kriminalizatu egiten gaituzte, hain zuzen ere, emakumeoi egotzitako derrigorrezko sumisio hori apurtzen ari garelako. Erantzunez gero, gaizki, eta bestela ere!

Hipokrita eta faltsua da sistema heteropatriarkalaren indarkeria eta autodefentsa feminista alderatzen dituen diskurtsoa. Lehenengoa botere posizio batetik gauzatzen da, bigarrena, berriz, opresio toki batetik emandako erantzuna da.

Ez gara isildu eta ez gara isilduko biolentziak gure bizitzak kolpatzen, inbisibilizatzen, zapaltzen, ukatzen, baztertzen eta isiltzen dituen bitartean. Eta hori guztia gertatu artean, borrokarako grinez oihu eginen dugu, feminitatearen rolak hankaz gora jartzen segituko dugu, batera erantzunez, nahasirik, denok bat, iragan apirilaren 9an Gasteizen argi geratu bezala, erantzun guztiak bidezkoak eta beharrezkoak direlako.

Marea beltz bat amorruz eta irmotasunez mintzo da. Isilik, menpeko eta otzan nahi gaituzten horien tinpanoak zartatu ditzakeen amorru karrankariz. Guk dantzan eta ospatzen jarraituko dugu, eta, aldi berean, borrokan. Borrokan,mugimendu feministaren iraultzarako indar leherkaria inoiz baino biziago dagoelako. Hasi ginean baino gehiago garelako eta izaten jarraituko dugulako.

Gora borroka feminista!!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


2024-05-05 | Diana Franco
Teknologia
Nora begiratu?

Incel, cyberbullying, sexting, catfishing, ciberbating, doxxing, gaslighting, grooming, sextorisioa… Azkenaldian, gizakion jokabide ezkor guztiak eremu digitalean “tag-eatuak” izaten ari dira, badirudi eremu fisikoan genituen adierazpenek ez dutela balio... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude