Otsaileko lehen astean banatuko dira Argia Sariak, egunero bana

  • Badator Argia Sariak banatzeko garaia, baina aurten, pandemia dela eta, bestelako moldez emango dira. Azken urteetan Usurbilgo Atxega jatetxean egin ohi dugu sari banaketa ekitaldia, ehundik gora lagun biltzen diren bazkari ederrean.


2021eko urtarrilaren 21an - 10:13

Erakunde eta gizarteko ordezkari, hedabideetakoak, ARGIAko kolaboratzaileak eta lan-taldea biltzen dira urtero bertan, gertutasun handiko ekitaldian. Aurten, ordea, bistan da ezin dela halakorik egin eta 32. edizioa desberdina izango dela. COVID-19aren garaiak behartutako beste aldaketa bat.

Aurten otsailaren lehen astean banatuko dituzte Argia Sariak. Astelehenean hasi eta ostiralera bitarte egunero sari baten berri emango da ordena honetan: otsailaren 1ean Ikus-entzunezko Saria, 2an Kanpaina onenaren Saria, 3an Irratia Saria, 4an Internet Saria eta 5ean Prentsa Saria.

Sarien berri ARGIAren webgunean emango da, egunero 10:00etan. Horretarako saritu bakoitzari buruzko bideo landua sareratuko dugu, saridunen eskertza-bideoa, argazkia eta ARGIAren argudioekin batera. Hedabideei ere une berean bidaliko zaizkie sariei dagozkien informazio eta bitarteko hauek guztiak.

Mendizabalen artelanak sari

Sariak ARGIAko erredakzioak hautatzen ditu eta horien bitartez saritu nahi da euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren munduan nabarmentzen diren lanak. Ez dago dirusaririk eta saridunek, ARGIAren aitortza eta zabalpenarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak egindako garaikurra eskuratzen dute. 1991tik banatzen ari dira Mendizabalen artelanak.

Azken hiru hilabeteetan herritar askok bidali dizkio ARGIAri sari proposamenak. Gero eta kazetaritza lan gehiago egiten da euskaraz, gero eta lan sendoagoak daude, eta ARGIArentzat ere gero eta gaitzagoa da lanak, pertsonak edo proiektuak hautatzea. Eskerrik asko proposamenak bidali dituzuen guztiei, zalantza barik, kontuan izan ditugu eta oso baliagarriak izan dira iradokizun horiek guztiak.

Argia Sarien kanalean eskuragarri dago sariei buruzko informazio guztia, eta bestelakorik nahi izatekotan, idatzi argiasariak@argia.eus helbidera edo deitu telefono honetara: 943371545 (Olatz Korta).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2021
Eguneraketa berriak daude