Munduan badira kirats eta lurrinak

  • Amildu zen zabor jauzia. Azken egunera arte dena jan duen zabortegia, bi langile irensteraino. Urtebete iragan da eta Zaldibarren oraindik ustel usaina dago. Portu gris batean kokatzen den krimenak ere ez du hats hoberik. Mafien kiratsak. Eta gorpuzkirik gabeko hilketa ustela? Arrosari usain txarra dario, iparretik hegoraino. Baina dena ez da ustel eta badira lurrin goxoak ere, mugak urruntzen gaituenok elkarrengana gerturatzeko zubi-lana egiten duten perfume sotilak. Euskararena bera, zein ederra den; eta berau ahalik eta gehien hedatzeko egiten den lanak ere aroma gozoa dakar.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

Ustelari kiratsa dariola gogorarazten digutenei, ustelkeriarekin jolas eginez pantailara errealitatetik asko duen historia gordinak ekartzen dizkigutenei eta inguruan dabilen hatsaren gainetik lurrina usaintzeko aukera eman digutenei aurtengo sariak.

IKUS-ENTZUNEZKOA. “HONDAR AHOAK”


Inflexio-puntua ezarri du euskarazko telesailen historian. Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea sarean harrapatzen du. Portua, arrantzaleak, izotza, droga, mafia usain sarkorra... nor den nor eta zer egingo duen ongi asmatu ezin den panoraman. Desagertu bat, psikologoaren terapia egiten duen Ertzaintzaren detektibea, herrikoa den polizia gazte eta misteriotsua, trapitxero txikiak eta handiak. Mendebaldeko hamaika portutan gertatutakoak, orain gurean fikzio bidez, baina errealitatetik gertu ere bai, oso gertu.

Thriller on baterako osagaiak bazeuzkaten eta asmatu dute, “Almandoz Kolorea”-rekin ukitu propioa emanez. Hala azaldu du egileak: “Niretzat arrakasta da eduki ditugun baldintzetan egin duguna egin izana. Lantalde teknikoak eta artistikoak izugarrizko lana egin du urtebetean. Gu beti saiatzen gara gure ukitua ematen eta zerbait berezia egiten. Genituen baldintzekin ezin ginen lehiatu munduan egiten diren thrillerrekin (ez genuen baliabiderik pertsekuziorik egiteko, ez geneukan espezialistarik zubitik behera botatzeko...). Beraz, pentsatzen duzuna da: behintzat konta dezagun kontatu nahi duguna gure modura. Ez dauka zentzurik beste baten kopia egiteak eta, gainera, medio gutxiagorekin”.

Nobela beltz amerikar zein eskandinaviarrari lotutako telesailak aipatu dituzte erreferentzia modura. Baita euskal nobela beltz “garaikide interesgarri eta gaiztoa” ere.

“Ondarroak soziologikoki duen identitatea oso berezia da, estetikoki ere erakargarria zitzaigun proiektu honetarako”, dio Marian Fernandez ekoizleak, eta gustura daude izandako harrerarekin. Euskal sortzaileentzat duintasuna aldarrikatzea ahaztu gabe.

KANPAINA. ZALDIBAR ARGITU


Bost hitzekin gaur egungo mundua zalantzan jarri eta milaka pertsonak babesteko moduko programa politikoa laburbiltzeko gaitasuna erakutsi dute: Langileak, osasuna, erantzukizunak. Zaldibar Argitu.

Herritarrek behetik sortutako mugimendu honek inurri lana egin du urtebetez, zabortegi hartan gertatutakoa eta bertan geratu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze ahanzturan eror ez daitezen. “Gai honek hemen egin du eztanda baina hainbat eremuri eragiten dio. Bezero-sare horiek ez daude Zaldibarren bakarrik”, “zer gizarte eredu sustatzen ari garen azaltzen duen abisu bat izan da, zer negozio eredu eta euskal oasi honen zuloan zer gordetzen den ustezko aberastasunaren azpian eta kalte hori norentzat den azaldu duena”, diote Janire Lazkano eta Jokin Bergara taldekideek.

“Pandemia bihurtu da gai bakarra komunikabideetan eta ez digu mesederik egin. Baina krisiak ekarri duen gauzetako bat bada sektore estrategikoen kudeaketa auzitan jartzea eta publikoaren alde egitea (osasunean, hezkuntzan…). Horrek badu lotura bat pandemian egon diren borrokekin: bizitzak erdigunean jarri, zaintzak eta abar, eta gure borrokarekin”, azpimarratu du Gaizka Zabartek.

2021 honetan, bai epaitegietan, baita Europan ere, lanean jarraituko dute.

Beti komunikazioaren esparrua mimo handiarekin landuz, izan kantua, izan ikurra, izan irakurketak, izan mobilizazio ereduak... zabaltasuna batzea lortu dute beren ideiei ukorik egin gabe.

IRRATIA. “ZUBIAK”


Lau urtez entzun ahal izan dugu irratsaioa. Astero zubiak eraikitzen aritu dira. Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute. 360 irratsaio eta bakoitzean gutxienez lau bat gonbidatu. Herriak, jendeak, berriak eta egitasmoak ezagutzeko aukera eman dute.
“Zubiak eraiki nahi izan ditugu, berez, zubi batez bereizi nahi dituzten lurren artean. Zazpi lurraldeko Euskal Herri honen barruan, askotan, barne mugak, ez-ezagutzatik eraikitako mugak izaten ditugu, aurre-juzkuak, eta begirada zabaltzeko programa izatea zuen helburu saioak”, adierazi du Alaia Martin saioaren gidariak –lehenbiziko bi urteetan Artzen Letona zuberotarra aritu zen berarekin saioan–; eta hala segi dio Pantxis Bidart kideak: “Nahiz eta guk muga egoterik nahi ez, hor da eta pandemia honek erakutsi digu lehen begirada batean irekita dagoen muga hori fite hets dezaketela. Guri dagokigu muga horien gainetik zubiak eta harremanak eraikitzea”.

Saio bakoitza goxo harilkatu dute, astero saioari hitz bat atxiki diote eta jolas egin dute hitzarekin, poesia. 2020ko uztailean ‘Azkena’ izena zuen saioa emititu zuten. Hain zuzen ere, azkena izan baitzen. Aurkezleek gonbidatu gaituzte saioaren lorratzari segi eta zubiak eraikitzen jarraitzera. “Muga horrek harremanak ere bereizten ditu eta errealitate, hezkuntza-, komunikatze-moduak mugatzen ditu; eta gabezia horiek orekatzeko elkarlan gehiagoren, zubi gehiagoren beharra badela uste dugu, komunikabideetan eta beste arlo askotan”, azaldu dute.

Zubiak saioa Alaia Martinek eta Pantxis Bidartek gidatu dute. Lohizune Amatria aritu da Nafarroatik kolaborazio lanak egiten. Euskadi Irratiak eta France Bleu-k elkarlanean egindako saioa izan da eta Euskalerria Irratiak haiekin kolaborazio lanak egin ditu.

 

INTERNET. EUSKAL ENCONDINGS


Hizkuntza menostu orok ikusgarri izan behar du biziberritzeko. Esparru guztietara zabaldua. Eta XXI. mende honetan gu guztion bizitzan eragin zuzena duen eremu garrantzitsurik bada, hori ikus-entzunezkoen mundua da. Baina, zer egin dezakegu euskaldunok erdara hutsean mintzo diren NetFlix, Amazon, Filmin, HBO erraldoiek edo Youtubeko eta telebistako milaka kateek osatutako armadaren parean?

Bada, hasteko, euskaraz sortzen diren film, telesail, marrazki bizidun eta ikus-entzunezko oro sustatu eta munduko euskal komunitate guztiarentzat eskuragarri jarri. Horretan dihardu aurtengo sarituak 2003tik, auzolanean, euskarazko ikus-entzunezkoen edukiak komunitatean eta modu irekian sarean zabalduz. Hasieran Dragoi Bola-ko atalak denen eskura jartzeko asmo soila zena, 18 urteren ostean, euskarazko ikus-entzunezkoen biltegirik handiena bilakatu da. 1.500 film inguru dira ikusgai webgunean, mota askotako lan askoren artean. Denak euskaraz, “herritik herriarentzat”, diote.

7.000 erabiltzailetik gora dituen foroaren arduradunek hala azalduta: “Ez du zentzu handirik hizkuntza zapaldu baten berreskurapena bultzatzen duzula esan eta gero euskarazko edukiei copyright-a jartzeak”.

Euskara indartzeko politiken apustuaren beharra aldarrikatu dute: “Gustatuko litzaiguke ikustea Gobernuak diruz laguntzen euskara sustatzeko horrelako proiektuak. Ez dago interesik. EiTB sortu zen euskara sustatzeko, baina ikusten dugu erdarazko kanalean inbertitzen dela gehien. Akaso ETB2 ere beharrezkoa izango da, baina hala balitz ere, orduan euskara gehiago sartu beharko da kate horretan”.

PRENTSA. JON ALONSO, “NAPARRA. KASU IREKIA”
 


Asko idatzi da prentsan José Miguel Etxebarria Naparra-ri buruz, baina ez behar beste. 2020an 40 urte egin zuen desagertu zenetik. Lau hamarkadatan denetariko uneak izan dira Naparra auzian. Hedabide batzuek maiz jarraitu dute, gehienek eta handienek nekez. Jon Alonso sariaren irabazleak dioen gisa, “Naparra kasua, bahitu eta hil zuten militante baten kasua ez ezik, gupidagabe torturatu, jipoitu, hankapetu eta zigortu duten haren familiaren kasua ere badelako”.

Desagertuaren senideak ditu gogoan idazleak, Naparra bera bezainbeste. Umetako jolaskidea. “Familiak erakutsitako indarra” goraipatzen du, “ez diote sekula beraien ahaidea bilatzeari utzi”.

Ikerketa lana da. Gorpuzkirik ez dagoen bitartean irekita jarraituko du kasuak eta ikerketa-lan honekin Naparra non dagoen aurkitzea lortu ez bada ere, akaso hurrengo pausoren baterako lagungarri izango da.

Memoria lana ere bada. 1980ko hamarkada hartan irakurlea ondo kokatzen duena. Naparra auzi korapilatsuaren harian ongi eta argi eramanez. “Nire belaunaldiarentzat oso ezaguna da kasua, baina liburuak eta laster plazaratuko den dokumentalak lagunduko du memoria kolektiboan aletxoa jartzen, ondorengo belaunaldiek Naparraren kasua zer den ezagutzen”, azaldu du Alonsok.

Ez da prentsa lana, baina kazetaritza idatzia da, ikerketa kazetaritza. Saritzeko modukoa.

2019ko ARGIA Sariak. Argazkia: Dani Blanco.


Istantaren xarma mantendu nahian

Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxea. Barrura sartu aurreko solasaldia. Aspaldian ikusi gabekoen besarkada eta musuak. Familia argazkia. Bazkari goxoa. Urteak eman duenaren errepasoa bideoan jasoa. Aurrez aurreko sari-banaketa. Begiez gain hortz, mihi, ezpain eta sudurrez betetako aurpegiak. Falta dugunean baloratzen omen dugu genuena. 2021eko Argia Sariak. 32. edizioa. Aurten pantailaren aurrean ahalegindu naiz hori dena sentitzen, eta benetako Argia Sarietako zirrara hori falta izan bazait ere, ekitaldirako prestatutako ikus-entzunezkoekin eta elkarrizketekin lortu dute momentura gerturatzea eta hurrengo eguneko saria nork jasoko duen jakin-mina piztea.

Formatu desberdina asmatu behar izan dute. Elkarrizketak egin, bideoz grabatu eta Argiako hainbat kidek jarritako off ahotsak eta sarituen hitzak bilduz osatutako bideo bana eskaini dute egunero, astelehenetik ostiralera. Bost egun, bost sari.

Istantaren xarma bilatzen ahalegindu dira, aurrez aurrekoak duen indarra lortzen, errealismotik eta bat-batekotik ukitua izan dezan. Ez dira estudio batean grabatutako elkarrizketak. Zaindu dute eszenatokia eta eman diote saritu bakoitzari bereago duen lekua. Aurrez aurrekoan egin ezin zen elkarrizketa egiteko balio izan du aurtengo formulak eta Atxega Jauregian, saria eskuetan, botatzen dituzten sei hitzen artean geratzen diren hamaika hari-punta hobeto josteko aukera eman du.

Aurreko edizio guztietan, sari-banaketa bukatu ondoren, garaikurra jasotzera gerturatu diren guztiei argazkia atera izan zaie elkarrekin; atzean, ondo ikusteko moduan, urte horretan Argia Sariak ekitaldia babestu duten guztien logoak dituztela.

Aurten hori ere ez. Logorik ez, baina babesletza batzuk bai. Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Saila, Emakunde, Euskaltel, Laboral Kutxa, Kutxabank eta Mondragon korporazioa.

Eta logorik ez duzuen baina babesletzarik fidelena ematen diguzuen Argia jende guztioi, eskerrik asko.

  

 


Eguneraketa berriak daude