"Ondare immateriala behar-beharrezkoa da nondik gatozen eta nora joan gintezkeen ikusteko"

  • Hizkuntzen maitasunez hasi zen Urtzi Etxeberria Itsasondoarra ingelesaren eta euskararen sustraiak aztertzen. Euskal Herriko Unibertsitatean hizkuntzalaritza ikasi ondoren, izarrak bere buru gainean ongi lerrokatu zirelakoan iritsi zen Baionara, IKER ikerketa zentroko zuzendari postua betetzera. Lapurdiko hiriburuko Gaztelu Berriko lantokian, ikerlarien munduaz, euskal Etnopoloaz eta beste kontuez galdetzeko baliatu dugu eskaini digun elkarrizketa.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2021eko apirilaren 30an - 13:32
Argazkia: Laukitikat

Urtzi Etxeberria, zer da IKER zentroa?

IKER euskara eta euskal testuak ikertzen dituen zentroa da. Hiru hanka ditu, Frantziako CNRS Zentroa lehena, Paueko eta Aturri aldeko Herrietako Unibertsitatea (UPPA), eta Bordele Montaigneko Unibertsitatea azkenik. Oinarrian ikertzen duguna da euskara hizkuntza bezala, hizkuntzalaritza terminoaren arlo zabalean. Beraz batetik hizkuntza bera formalki aztertzen dugu, gero soziolinguistika alorrean, testuak eta literatura ikertzen ditugu ere. Zortzi ikerlari ari dira lanean, gehi emeritu bat eta hemengo lizentzian eta masterrean ari direnei eskola batzuk ematen dizkiegu; gero Pauen bi irakasle ikertzaile ditugu. Orotara dozena bat jende ari da lanean, gehi ikerketan laguntza ekartzen duten hiruzpalau pertsona. Doktoreak eta masterreko ikasleak heldu zaizkigu bisitan ere tarteka, Euskal Herritik zein Frantziatik.

Ez omen da euskara ikertzen duen IKER bezalako zentrorik, zer da haren berezitasuna?

Bai, euskararen inguruan dagoen berezitasuna da IKER. Batetik Frantzian dagoen zentro bakarra da, 1999an sortua, eta egia ez dela ohikoa horrelako zentro zehatz bat topatzea hizkuntza baten inguruan. Garai batean, indar bat egiten zen Bordele Montaigneko lehen euskal ikasketa sailean, Jean Haritschelhar jaunaren eraginpean eta erran daiteke beste batzuek sortu ibilbide hori oneraino etorri dela.

Nola iristen da Itsasondoko gazte bat ikerketen ogibidea hartzera eta IKER zuzentzera?

Bizitza anitzetan bezala, uste dut nirean ere kasualitateak baduela bere eragina. Nik hizkuntzak gustuko izan ditut adin batetik goiti eta ingelesa filologian sartu nintzen Gasteizen. Bukatu nuenean, laugarren kurtsoan, galdegin zidaten doktoretza bat egin nahiko nukeen hizkuntzalaritzan. Oso ongi jakin gabe zertan sartzen nintzen, ideia onartu nuen eta bertan egin nituen urte batzuk, tesia eginez, urte betez kanpoan egonez. Bukatu nuenean 2005ean, Eusko Jaurlaritzako doktorego ondoko beka bat lortu nuen, hemen, IKER-ren ikerketa bat egiteko. Nire etxetik gertu eta gustuko tokia izanik proposamena onartu nuen. Gero 2006an, CNRS-en sortu zen postu batera aurkeztu nintzen eta momentu horretan izarrak leku egokian kolokatu ziren eta tokatu zitzaidan. Geroztik oso gustura nabil hemen, lan giro polita dugu eta gustuko duzun zerbaitetan lan egitea ez da beti tokatzen beraz bai pozik nago egia erran.

Argazkia: Laukitikat

Zein da zure ikerketa eremua eta zertan ari zira momentu hauetan lanean?

Zehazki hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun, semantika pragmatika sailean alegia. Adibidez euskarazko inor/ezer eta horrelako partikulak nola interpretatzen ditugun, zein testuingurutan agertzen diren eta testuinguru horietan zerk behartzen duen modu batera edo bestera interpretatzera aztertzen dut. Azken aldian, esperimentuen bitartez begiratzen dugu nola ulertzen diren partikula horiek. Adibidez, pertsona bati zuzenean galdetu beharrean, testuinguru bat edo irudi bidezko egoera bat muntatzen dugu eta horren araberako interpretazioa galdetzen diogu. Ahal dela hizkuntzalariak ez diren pertsonak hautatzen ditugu ez dezaten ukan atzealdetik, erantzuna eragin lezakeen ezagutza bat. Emaitzak beti dira interesgarriak guretzako. Semantika eta pragmatikarekin lotzen den beste alor bat ikertzen ari gira ere autismoaren nahasmendua duten ume eta helduekin, horrelako interpretazioak eta ulermena nola dituzten begiratzeko, anbiguotasuna dela, metaforak, ironia nola interpretatzen dituzten, horretan gabiltza.

Euskara, hemendik kanpo aztertzen da?

Bai, dudarik gabe. Egia erran euskara aipatzen duzularik etorriko den lehen galdera da euskara nondik datorren asmatu den... Baina guk ez dugu horretan lan egiten. Oinarri moduan erran dezakegu hartzen dugun lehen premisa dela hizkuntza garunean dugun zerbait dela. Hori horrela den neurrian hemengo haur batek ikasteko dituen berezko gaitasunak eta Afrikako Etiopiako batenak berdinak dira. Beraz testuinguru horretan euskara berez zer den ez da gure lan ildoa, guk euskara beste hizkuntzekin konparatzen edo ikertzen denean zer ekartzen duen aztertzen dugu. Egia erran inor/ezer inguruko lan hauek nazioartean erakutsi ditugu, nazioarteko mintzaldietan, hor gure hizkuntzan dauden molde hauekin gertatzen dena azaltzen dugu eta honek zer erakusten duen beste hizkuntzekiko edo nola interpretatu beharko genukeen aipatzen dugu, antzekotasunak behatzen ditugu, garunean zerbait unibertsala bezala baldin bada, zer dira antzekotasun horiek. Egia erran oso ongi hartu da euskara, bai bere kutsu historiko eta misteriotsuarengatik eta bai eta ere, euskarak ikerketari modu formalean ekartzen dion konparatze aukerengatik.

Euskal Etnopoloaren lan taldean ari zarete EKE-rekin partaidetzan. Zer da zuen lana bertan?

Etnopoloa da euskararen eta euskal kulturaren inguruan egon daitezkeen mota ezberdinetako adierazpideak aztertzen dituen label bat, izan dantza, artea, musika eta noski euskara ere sartzen da sail zabal horretan. Gure parte hartzeari doakionez, azken denboran hitzaldiak antolatu ditugu publiko zabalarentzat, interes eta ezagutza orokorreko gauzak egiten ditugula erakusteko, IKER zentroan egiten ditugun ikerketak aipatzeko eta plazaratzeko. Horretaz aparte, izan liteke ere proiektuen eskatzea edo txosten batzuetan laguntzea eta horrelako lan ezberdinak burutzea.

Argazkia: Laukitikat

Zein da zure iritzia ondare immaterialaz?

Nire ustez behar beharrezko zerbait da, alde batetik ikusteko nondik gatozen eta nora joan gintezkeen baina ez da hori bakarrik, inportantea da ere gauzak gordetzeko, gordailu bat osatzeko. Euskararen inguruan hainbat proiektu ditugu hemen laborategian, Norantz proiektuarekin adibidez egiten zena zen euskararen noranzkoa begiratu eta grabatu galdera zehatz batzuen inguruan. Horrela jasotzen zen 70 urte inguruko euskaldunen euskara eta hortik behera gazteen euskarara arte, eta gero aldaketak begiratzen genituen. Gero ikerketarako erabil dezakegu guk, baina hori bera ondare bezala jasotzea ere interesgarria da. Beste proiektu batean jasotzen genituen ipar Euskal Herrian, gaskoiarekin edo biarnesarekin kontaktuan zeuden tokietako euskarak; hori jasotzeak badu berez interes bat, besterik ez bada ere, momentu batean existitu zela erakusteko. Aldi berean uste dut globalizazioaren kontu honetan ez zaizkigula urte asko gelditzen gauza batzuk gorde ahal izateko, uste dut momentua dela horrelako proiektuak egiteko zeren beldur naiz momentu batean damutuko garela gauza batzuk jaso ez izanaz eta horiek desagertzeaz. Ez dut negatibo izan nahi baina gordetzearen kontua garrantzitsua da guztiz. Guk laborategian horren aldeko indarra egiten dugu, denetan egiten dugu horrelako urratsa, alegia jaso, ongi artxibatu datu base bat sortu... Duela guti sortu da Basque Archive izeneko asmoa, datu guztiak hor biltzeko eta gerora hor egon daitezen, ikusi edo aztertu nahi duenarentzat.

Ikerlariak altxor bilatzaile kontsideratu daitezke? Le Dauphin ontziko altxorra bezalakoak alegia?

Egia da Le Dauphin itsasontziarekin egin zen aurkikuntza oso polita izan zen. 2008 urtearen inguruan, Gasteizko historia ikertzaile batek, Xabier Lamikizek deitu zion Rikardo Etxepareri, hemengo lehenengo zuzendariari, egiazko altxor bat aurkitu zuela erranez. Frantziako lurrak eta Quebeceko kosta lotzen zituen Le Dauphin deitu ontzitik hartuak, euskaraz idatzi gutunak, 1757 urte ingurukoak topatu zituen Londreseko artxibategi nazionalean. Gogoratzen naiz aurkikuntza egin zenean, joan ginen hemengo ikerlari talde bat Londreseko artxibategian eskuak zikintzera. Kutxa asko eta asko ziren, inork ireki gabeko gutun azalak zuk irekitzen zenituen, ez dakit nork ez dakit nori bidalitakoak, inoiz iritsi eta ireki gabeak, ez da egunero gertatzen den zerbait. Hori egiazko altxor bat izan zen. Gutunei buruzko informazioa Lapurdum aldizkarian argitaratu zen. Oso polita izan zen eta oraindik jarraitzen du izaten, beste proiektuak baititugu horren inguruan. Izan ere gutun horiek erakusten dutena ez da bakarrik garai hartan euskara idazten zela baizik eta garai hartako euskara irakurtzeko, garai hartan familia artean euskara erabiltzen zutela gutunak idazteko, garaian zeuden erreferentzia ezberdinak; gauza pilo bat atera dezakezu hortik, biziki interesgarria da.

Argazkia: Laukitikat

Zertan da ikerketa mundua Euskal Herrian?

Ikerketaz bizitzea ez da errex. Nik xantza eduki nuen ikerketan lan egiteko aukera atera izanaz, aukera guti daudelako, hemen zein hegoaldean. Proposamenak dituzu unibertsitateko irakasle izateko edo hegoaldean sortu den Ikerbasque delako fundazioan lan egiteko baina ez daude postu asko. Frantzian bada CNRS-eko urteroko konkurtso hori, baina postu guti ateratzen ditu eta nazioarte mailan ezaguna da, beraz lehia handia da lanpostu gutirako, ez da errex horien lortzea.

Gero uste dut osasuna aldetik ikerketa saila ez dagoela gaizki. Adibide bat jartzeko, UEU-k antolatzen du bi urtez behin IKER Gazte izeneko jardunaldi handi bat Euskal Herriko alor ezberdinetako ikerlariak biltzeko eta horien ikerketak erakusteko. Orain dela bi urte Baionan lankidetzan antolatu genituen topaketa horiek eta arrakasta handia izan zuten. Orduan, gogoa bada, jendea bada eta uste dut osasun aldetik ez dela gaizki. Gero horrek zer irteera bide ematen dizkizun ez da beti agerikoa, ez da errexa lana topatzea eta bide hau egitea, baina gogoa eta ilusioa hor dira, nik behintzat ongi ikusten dut.

Eta muga? Oztopo edo aberasgarri da ikerlarientzat?

Esango nuke ez dela oztopo bat, ofizialki behintzat. Orain bideak errazten ari dira, unibertsitateen artean programak daude, Bordeleko eta EHU-ren artean hitzarmenak, master bateratuak sortzeko ahalbidetzen dutenak. Orain arte hori ez da izan, baina oraindik ere batzuetan mugak aurkitzen ditugu. Gero, ikerketaren aldetik, guk beti ukan ditugu harreman zuzenak Gasteizko hizkuntzalaritza sailarekin eta bertako ikerketa taldeekin, hor inoiz ez dugu oztoporik aurkitu. Gero hori ofizialki eta paper gainean jartzea ez da beti errexa, muga hor dago. Ez dut uste oztopo handiak direnik baina egia da aldamenetik datozen zailtasunak aurkitzen direla.

Euskara gehiago ikertu daiteke?

Bai dudarik ez, oraindik milaka eta milaka gauza gelditzen dira egiteko. Lan asko egin da baina aldi berean oso gauza guti egin ditugu. Milaka gauza daude egin nahi genituzkeenak.

Covidarengatik, zientzia mundua inoiz baino gehiago hizpide da gaur egun jendartean. Barnetik nola ikusten duzu eztabaida korapilatsu hori?

Nire eta nire inguruko ikerketetan, ez dut errango nik erran dudan hori beti egia ez denik ala denik. Egiten dena da zerbait ikertu, hipotesia bat bota, hipotesia hori benetan horrela dela frogatzen saiatu eta hala baldin bada ondorio batzuk atera. Horrek ez du erran nahi esan duzun hori nahi eta nahi ez horrela denik. Norbait etor daiteke zuk errandakoari jarraipen bat emanez, erakusten duela, beste azalpen bat dagoela. Hori egunero gertatzen den gauza bat da zorionez, izan ere horrela behar du izan ikerketaren osasunerako. Orduan pentsatzen dut Covidaren inguruan ere antzeko zerbait gertatuko dela. Batek esaten duena egia dela eta besteak esaten duena gezurra? Ez naiz ni horrelako ezer esateko. Bai ikusten dudana da neurri batean, Covidaren kontu honek erakusten duela ikerketen finantzatzeko beharra. Konturatzen bazara, ez dakit zenbat txerto ateratzeko gai izan diren ikertzaile talde ezberdinak, munduko bazter ezberdinetan. Pentsatzen dut hori ez zela gertatuko orain dela urte batzuk. Neurri batean horretarako prest gaude.

Gero galdera oso zaila da, ni nire esperientziatik hitz egiten ari naiz, baina ez da maila berdinean jartzen Covidaren gaia eta gure ikerketa saila. Covidak jendea hiltzen du eta inor edo ezer ez dute inor hiltzen. Beraz espero dudana da horretan lan egiten duten ikerlariek gezurrik ez dutela erraiten, ondorio zehatz, jakin eta frogatutako batzuen gainean ari direla lanean, hori nahi dut pentsatu. Gero egia da hor ere mila interes daudela, diru asko dago jokoan atzetik. Farmazia etxe bat lehenengoa izateak txertoaren korrika horretan ondorio handiak ekartzen ditu; hori ere ez da gure kasua, gure lanarekin ez gara aberasten... Nik zientzialarien zintzotasunean sinistu nahi dut eta espero dut kasu honetan ere horrela izatea.

Urtzi Etxeberriari gertatzen zaio liburuak irakurtzea ikertu gabe?

Bai, literatura irakurtzea beti da arnasgune bat niretzat ere. Zure atentzioa ehuneko ehunean eskatzen ez duten gauzak egitea eskertzen da. Gero egia da batzuetan gai batean oso sartua naizenean eta euskarazko liburu bat irakurtzen dudanean, gertatzen zait idazleak erabiltzen duen forma bat edo beste azpimarratzea. Baina normalean bai, ikerlariok badugu horretarako gaitasuna eta zorionez horrelako tarteak ditugula, bestela bizitza beste modu eta koloretakoa izango zen.

Gogo handiz aztertuko zenukeen gai berezi bat?

Lehen aipatu dudan autismoaren inguruko ikerketak deitzen du nire arreta oraintxe bertan, ikertzeko zomorro hori piztu dit neurri batean. Horren arrazoietako bat da normalean gure ikerketetan inor edo ezer bezalako formak aztertzen ditugunean, oinarrizko ikerketa deitu dezakegun lana da nolazpait eta lan horrek munduari edo gizarteari zer ekarpen egiten dion eztabaida dezakegula. Autismoaren kasuan, gertatzen zaidana da egiten dudan ikerketa horrek beste norbaiti onura ekar diezaiokeela; horrek betetzen nau. Hasi berria naiz eta goiz da oraindik, baina egia da zomorro hori piztu duela eta pozik nago egia erran.

Ikerketatik at, zein dira zure zaletasunak?

Garai batzuk badira gai batean buru belarri sartua naizela eta gozamena dela denbora lan horretan pasatzea. Bestela horretaz aparte bizitza badugu, gogoko gauza askorekin, adibidez irakurtzea, mendian ibiltzea, txirrindulan, semeekin, familiarekin, lagunekin denbora pasatzea gustatzen zait. Ikerlari izateak ez du erran nahi pertsona normal bat ez zarenik! Egia da: baina zuk zer egiten duzu? Askotan egiten diguten galdera dela eta egia da ez dela beti errex azaltzea. Baina guk ere bizitza badugu zorionez eta bizitza hori biziki gustuko dut.

Eta Urtzi Etxeberriaren amets bat?

Ez naiz oso ametszalea, baina bolada honetan asko estutzen nauen gauza bat da gure seme-alabei zer bizitza utziko diegun Covidaren gai honekin. Batzuek diote datorren urtean bukatuko dela beste batzuek ez. Nire ametsetako bat izango litzateke gure haurrei mundu erdi-normal bat uztea zoriontsuak izan daitezen.

Bestela ametsak ere baditut, bidaiatzea izan liteke bat, txoko ezberdinak ezagutzea. Baina eguneko amets txikiek gehiago betetzen naute amets handiegiak baino. Eta bai, estutzen nauena da gerora datorkigun mundu hori zer demontre izango den. Nahiko nuke guk ezagutu dugun mundu honek jarraitu dezala etorkizuneko belaunaldietan ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude