Orain arte malariaren aurka erabilitako hidroxiklorokina medikamentua zalantza jarri da azken egunetan, Covid-19ri aurre egiteko orduan ustez dituen ondorio kaltegarriengatik. Espainiko Estatuan modu masiboan eman zaie gaixotasun hori duten pazienteei.
"Duela bi aste hartu nuen. Ona ez bada, esango dizut". Maiatzaren 18an, Donald Trump AEBetako presidenteak hitz horiekin behin betiko jaurti zuen arrakastara hidroxiklorokina.
Trumpen hitzak entzun eta lau egunera, The Lancet aldizkari zientifikoak 96.000 pertsona inguru aztertu eta gero argitaratutako ikerketaren arabera, tratamendu honek heriotza eta bihotzeko gaixotasunak izateko arrisku handiagoarekin lotuta dago.
Emaitza kezkagarri horien ondorioz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Covid-19aren aurkako medikamentu honen erabilera klinikoa aldi baterako geldiarazi zuen iragan astelehenean.
"Argitalpena irakurri ostean, zuhurtziaz jokatzea erabaki genuen, eta aldi baterako bertan behera utzi genuen medikamentua”, azaldu du Soumya Swaminathan OMEko zientzialarien buruak.
Barne Medikuntzako Espainiako Elkarteak egindako eta MedRxiv plataforman argitaratutako azterlan zabal bati esker (honen berri ematen duen artikulua oraindik berraztertze fasean dago), Covid-19ak jota ospitaleratutako pazienteen % 85,7k hidroxiklorokina jaso du Espainiako Estatuan.
Koronabirusarekin ospitaleratutako 12.213 pazienteren datuak biltzen ditu ikerketak (alta emandakoak edo hildakoak), eta honetan autonomia-erkidego guztietako 146 ospitaletako 604 ikertzailek parte hartu dute; aztertutako kasuen herena, gutxi gorabehera, Madrilgoa izan da.
Asteazken honetan bertan, eta Osasun Publikoaren Kontseilu Nagusiak eta Sendagaien Agentziak adierazitako zalantzak azalduta, Frantziako Gobernuak indargabetu egin du Covid-19ko pazienteak tratatzeko hidroxiklorokina erabiltzea baimentzen zuen dekretua,