Nola heldu naiz ni honaino?

  • Zinema aretoan arbitrarioki aurrera egiten duen denbora gupidagabea; egun luzeek dakartzaten gau motzak; buruan nahasten hasiak diren aurpegi, emanaldi eta eserlekuen zenbakiak; eguraldi neurotikoa eta, gaur, burua galtzeko falta zitzaidana: Marten amaitu dut arratsaldea.


2023ko irailaren 25an - 07:35
Azken eguneraketa: 2023-09-27 22:16:57

Egonkortasun bila etorri naiz Iratxe Fresnedaren Tetuan dokumentalaren aurkezpenera, zuzendariak hain kuttun dituen panoramika zabalek eta irudi geldoek baretu nazaten. Tetuan-ek migrazioa du hizpide, zuzendariaren eta bere familiaren autobiografiatik abiatuta kanpora bidaia egiten du, bestera. Hain zuzen ere, Mohammed eta Irina migratzaileen bizipenetara.

Filma hiru ataletan dago banatua. Lehena, zeina, autorearen Lurralde Hotzak-en aldaera epeltzat hartu genezakeen, atalik poetiko eta mardulena da. Pantailako trinkotasun ederrak lagunduta, Fresnedaren off ahotsak memoriaren hauskortasunaz, migrazioaren zauriaz eta irudien sinesgarritasunaz dihardu. Bizitasuna irabazten du bigarren atalak, Mohammed eta Irinaren ahotsak gailentzearekin batera. Haien egunerokotasun intimora gonbidatzen dute ikuslea biek ala biek, sorterriko oroitzapenak, partekatuz kanpotarrek pairatzen dituzten zailtasunak zein etorkizuneko planak. Izan ere, filmeko hirugarren atalean, Saharara eta Errumaniara eramango gaituzte, hurrenez hurren, Mohammedek eta Irinak, luze bisitatu gabeko aberrira bueltan.

Forma poetikoenen gainetik, bide humanistagoa hartzen du Tetuan-en Fresnedak. Migrazioaren gaiari heltzeko darabilen kutsu pertsonalistak konbentzitzen ez banau ere, beti da gozamena zuzendari bizkaitarraren iruditegi eta argazkilaritza lan finean murgiltzea. Edertasun orekatua erdiesten du plano bakoitzean.

Tetuanen hasita, hamaika geraleku egin ditut igande arratsalde honetan Iratxe Fresnedaren lanaren eskutik: Texas, Almeria, Iruñea, Sahara, Errumania… Baina, nola demontre heldu naiz Martera?

 

 

 

'Misión a Marte' filmaren fotograma

 

 

 

Goazen, bada, errudunak identifikatzera: Gene del Pozo, Txomin del Pozo, Mila del Pozo eta, azkena, Amat Vallmajor (bigarrenez, del Pozo). Atmosfera futurista industrialean kokatzen da Amat Vallmajor gaztearen Misión a Marte axolagabea. Tetuan bezalaxe hori ere lehiatzen da Zinemira sailean. Filmean, lan kontuak direla eta, Martera joan beharra du Txominek eta bidaian laguntzeko eskatzen dio Gene anaiari. Azkar hedatzen den lanbro toxikoa, maskara kitzikagarriak, heriotzaren dantza… Denetarik eskaintzen den du On Kixote moderno (edo ez hainbeste) horren bidaiak. Burutik sano mantentzea benetan erronka zaila da Zinemaldian.

Zoramen hutsalean eror zitekeen argumentu originala ondo baino hobeto dago bisualki justifikatua. Hala, 16mm eta zuri-beltzean grabatuta, itxurazko zabartasuna onartzen dio zintak bere buruari, Hertzainak-en kantek eta gidoirik gabe antzezten duten protagonista lotsagabeen elkarrizketa ezin dibertigarriagoek babestua. Gainera, punk zahar guztiek bezala, Misión a Marte-k ere gordetzen du bere bihotz koskorra. Generen gaixotasuna dela eta Martera bidaia eten behar dute anaiek, eta Mila arrebaren etxean emango dituzte zenbait egun horregatik. Gazteetako pasadizoek eta kezka sakonek arrakala irekitzen dute filmaren doinu jostalarian.

Irailaren 29an estreinatuko da zinema aretoetan Amat Vallmajorren lehen film luzea dena, Elias Querejeta Zine Eskolan ondua (eta han ere, besteen artean, ekoitzia). Igande beroan freskagarri ezin hobea izan da Misión a Marte, Zinemaldiko zoramen eta handinahitik ordubete eta hamar minutuz ihes egiteko probestu dudana. Amaitzeko, badirudi baietz, Marten inon baino alaiago izanen dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude