2023ko irailaren 27an - 10:50
Azken eguneraketa: 22:18

Dokumental berrirako lokalizazioak bilatzen ari zela egin zuen topo Martín Benchimolek gazteluarekin, aristokrazia argentinarraren ilunabarraren zantzua. Liluratuta, tokiko jabea ezagutu nahi izan zuen. Modu horretan, eta harriduraz betea, ezagutu zuen azal beltzaraneko Justina, zeinak, bizitza osoa gazteluan lan egiten eman eta gero, oinordetzan jaso zuen etxea. Kasualitate hartatik jaio zen harremana bost urtez ondu eta gero, lehen aldiz kameraren aurrean jarri ziren Justina, ama, eta Alexia, alaba. Horrelaxe sortu zen El Castillo.

Fikzioaren eta errealitatearen artean jauzi egiten du filmak Justina eta Alexiari haien bizitza antzezteko aukera luzatuz. Etxeko betebeharrak, bisita desatseginak, hautu erabakigarriak… Autofikzioaren esparru emankorretik, filmak denaren eta izan zitekeenaren arteko tentsioa aztertzen du. Dinamika horri jarraiki kontrajartzen dira baldintza materialak eta norberaren amets eta aspirazioak: gazteluaren jabetza bera, ezin baitzaie ez ikusiarena egin erortzekotan dauden sabaiei edota ordaindu gabeko fakturei. Gazteluaren mantenuak dakartzan buruhausteei aurre eginez, filmaren benetako mamiak dir-dir egiten du, hots, ama-alaba harremanak.

Eskailera hutsen eta korridoreen irudi lausengarriek iragartzen dute kamera atzean dagoen zuzendariaren ohitura dokumentalista. Hauxe da, izan ere, Benchimolek fikziora egindako lehen saltoa. Jabetzaren eta klase mugikortasunaren aukeraz dihardu, betiere, Justina eta Alexiaren egunerokotasuna erdigunean kokatuz.

Horizontes Latinos sailean aurkezten den filmak Berlinale eta Hong Kongeko (zeinetan zuzendari onenaren saria irabazi baitzuen Benchimolek) zinemaldiak bisitatu ditu gurera heldu aurretik. Astelehenean izan zen aurkeztua El Castillo eta, nola ez, Alexia eta Justina izan zituen protagonista.

'El Eco'

Ikusi aurretik ez nekien arren, El Eco-k, nire gaurko bigarren filmak, protagonistatzat ditu ere haien burua antzezten duten aktore ez-profesionalak. El Eco-ri buruz aldez aurretik banekiena zen Tatiana Huezoren sinadura ekarrita, ikusi beharreko obra zela. Huezoren Noche de fuego-k 2021ean irabazi zuen Horizontes Latinos saileko film onenaren saria eta aurten aurkeztu duenak ere laudorio gorenak merezi dituela deritzot.

El Eco izeneko herrixka galdura garamatza zintak, bizirauteko lurra lantzen duen familiarenera. Bizitza eta lana bat eta bera diren testuinguruan, animalien, lurraren eta etxearen zaintzaren garrantzia txiki-txikitatik ikasten dute han umeek. Huezok ez du landa-eremuko egunerokotasun gogorra estetizatzeko asmorik, aldiz, auziaren konplexutasuna adierazten ahalegintzen da.

Hezkuntzaren eduki eta molde anitzez hausnartzen du filmak; batetik, tradizioaren eta galtzeko bidean dauden jakintzen goraipamena eginez eta, bestetik, ohituren zurruntasun gatazkatsua zalantzan jarri beharra azpimarratuz. Ildo horri berari jarraitzen diote esanahiz beteak diren irudiek. Protagonisten aurpegien eta gorputzen plano hurbilek mimo handiz islatzen dituzte zaintzei zein eskulanari beharrezkoak zaizkien tentu eta samurtasuna. Aldi berean, ordea, kameraren gertutasunak marko bisual itxiak sortzen ditu, betebeharraren hertz zorroztuak bezain definituak. Oinordetzan jasotako bizimoduari kateatuta eta etorkizun estuari begira, “eta zuk zer egingo duzu?” galdetzen diote elkarri herrixkako gaztetxoek.

Diskurtso eta iruditegi atsegin-emaile hutsak alboratzen dituelako da El Eco trebea bezain zorrotza; pertsonaien gardentasun epel eta konplizea eta ezagutzaren, ezagutza mota guztien, aldarri baldintzarik gabekoa dituelarik ardatz. Indar isila da El Eco eta uzten duen oihartzuna gorgarria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude