No Somos Delito plataformari isuna jarri diote Mozal Legea kalean salatzeagatik

  • Espainiako Estatuan PPren Mozal Legeari aurre egiteko sortutako No Somos Delito (Ez Gara Delitu) plataformako kide bati 700 euroko isuna ezarri dio Espainiako Gobernuko Delegaritzak. 2014ko abenduan “A20 denok kalera Mozal Legearen kontra” lelopean Madrilen egin zen “Poliziari jakinarazi gabeko” manifestazioa antolatzea leporatzen diote. Plataformak auzitara eraman du isuna.


2016ko urriaren 19an - 10:34
2014ko abenduaren 20an Madrilen egindako manifestazioa. Arg: Carlos Delgado

“Erabateko normaltasunez, gatazkarik gabe, egin zen ekitaldi publiko batean mikrofonoa hartzeagatik eta aurpegia emateagatik pertsona bat zigortzen ari dira”, baieztatu du Alejandro Gamezek, No Somos Delito-ko abokatuak. Plataformak ez du ukatu kideak manifestazioan parte hartu izana, izan ere, manifestazioa bera egin izana ikusten dute zigortzeko arrazoia. Manifestazioa Mozal Legea indarrean sartu aurretik egin zenez, Poliziak aurreko legedia erabili du No Somos Delitoko kidea zigortzeko. "Corcuera" deritzon legeak ere jakinarazi gabeko manifestazioak zigortzen zituen; Mozal Legearen "berritasuna" hori bide administratibotik egitea izan da, epailerik tartean izan gabe.

Arg: Carlos Delgado

"Manifestazioa ez genion jakinarazi Madrilgo Gobernu Delegaritzari bide ofizialetatik, horrelako tramite administratiboz mozorrotutako Gobernuaren oniritzia salatzea baitzen helarazi nahi genuen mezuetako bat", adierazi du No Somos Delitok komunikatu baten bitartez. Aurkeztu duten helegitean adierazi dute manifestazioa bestelako bideetatik oso argi jakinarazi zutela egun horietan: 30 hiriburutan elkarretaratzeak egin ziren, 22 orduz Trending Topic izan zen Twitterren, komunikabideetan bolo-bolo ibili zen, Facebooken 550.000 bistaratze izan zituen deialdiaren albisteak. “Manifestazioaren deialdia guztiz publikoa izan zen, ahalik eta jende gehienengana heltzea baitzen helburua, gure eskubide eta askatasunak praktikara eramateko beldurra gainditzeko”, diote. Espainiako Polizia Nazionala manifestazioaren aurretik, bitartean eta ondoren presente egon izanak, Gobernua jakinaren gainean zegoela agerian uzten du.

Isuna jaso duen plataformako kideak azaldu duenez, manifestazioa amaitzean, lagun batzuekin joan zen inguruko taberna batera, eta orduan Polizia Nazionaleko zortzi kide agertu ziren. Beren mahaia inguratu eta han zeuden guztiak identifikatu zituzten. “Segurtasun indarrek gure eskubideak libreki gauzatzeko lan egin beharko lukete, egiazko demokraziaren alde kalera atera direnak jazartu beharrean”, adierazi du isunduak.

No Somos Delito plataforma osatzen dute talde, mugimendu sozial eta erakundeek berretsi dute, "askatasuna eta eskubide guztien alde, Mozal Legeen aurka lanean jarraituko dutela, beldurrik eta zentsurarik gabe".

Gipuzkoa Zutikeko bi kideren aurkako isunen arrazoi berbera

Urriaren 14an jakinarazi zuen ARGIAk, Gipuzkoa Zutikeko bi kideri 602na euroko isunak iritsi zaizkiela. No Somos Delitoko kidea zigortzeko Espainiako Polizia Nazionalaren argudio bera erabili du Ertzaintzak: "elkarretaratze ez komunikatuaren erantzule" egoztea. Horretarako, Mozal Legearen artikulu kritikatuenetako bat baliatu du Ertzaintzak.

Elkartzeko eskubideari oztopoak

Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ebatzi zuen manifestazio baketsutako parte-hartzaileak bide administratibotik zigortzea, aurretik agintariei jakinarazi gabekoa izanik ere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 11. artikuluaren urraketa dela.

"Manifestariak babestu baino zigortzeko asmoa duten legeen ankerkeria baino ez du erakusten isun honek", dio plataformako prentsa-oharrak. Manifestazio bat galarazteko pisuzko arrazoirik ez badago, ezta hurrengo egunetan antolatzaileak zigortzeko ere, Oinarrizko Eskubideen defentsa beti gailendu behar dela gogorarazi dute, "hori ezinbestekoa baita egiazko estatu demokratiko batean publikoki iritziak libre adierazteko”.

Arg: Carlos Delgado

No Somos Delito: 100 talderen babesa

No Somos Delito plataforma arlo askotako 100 talderen babesean sortu zen 2013ko urtarrilean oso helburu zehatzekin: Espainiako Zigor Kodearen erreforma eta Mozal Legearen inguruko informazioa emateko. Gaur egunera arte Mozal Legearen aurkako erreferentzia nagusietako bat izan da Estatuan eta bere ekimenek gizarteko babes zabala lortu dute.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude