Larunbatean errefuxiatuen eguna zela eta ACNURek (Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen agentzia) txostena argitaratu du. 2014. urtean munduan ia 60 milioi pertsonen lekualdaketa zenbatu du. NBEren arabera, minutu bakoitzeko 30 lagunek dena uzten dute gerratik ihes egin nahian. Bigarren Mundu Gerratetik ez zegoen hain datu lazgarririk.
ACNURek gaineratu du azken hiru urteetan %43 areagotu dela errefuxiatuen kopurua. Mediterraneoak arreta berezia eskatzen du: joan den urtean 219.000 pertsona saiatu ziren Europara iristen, 2011n baino hiru aldiz gehiago. Gutxienez 3.500 hil ziren bidean.
Errefuxiatuen aldeko mugimenduek protestak egin dituzte besteak beste Berlinen. Reichstagaren (Alemaniako Parlamentua) aurrean mobilizazioak izan dira. Elkarteetatik salatu dutenez, 2000. urtetik 23.000 pertsona baino gehiago Europara iristeko saiakeran hil dira.
Migratzaileen protestak
Eritrea, Sudan edota Siriako migratzaileek akanpaldia hasi zuten ekainaren 11n, Italiako mugatik zortzi kilometrora dagoen Ventimiglia herrian (Italia). Poliziak protestan parte hartzen duten 400 bat lagun “arrazoi higienikoengatik” bota ditu. Azken egunetan Frantziako mugan Europa iparraldera alde egiten saiatzen diren migratzaile ugari atxilotu dituzte. Italia iparraldeko herri hau Calabriako Ndrangheta sare mafiosoarengatik da famatua. Zenbait iturriren arabera, migratu nahi duen jendearekin negozioa egiten ari da mafia.
Dublingo hitzarmena eta asilo eskaerak
Dublingo hitzarmena tentsio asko sortzen ari da Europar Batasuneko herrialdeen artean. Akordioak dioenez asilo eskaera egiten dutenek “sarrera-herrialdean” egin behar dute eskakizuna: Italia eta Grezia dira migratzaile gehien jasotzen dituztenak. Paperik gabeko pertsonak Europako beste herrialde batean atxilotuz gero sarrera herrialdeetara eramaten dituzte. Italiako mandatariak ez daude ados, soilik joan den urtean Italiara 171.000 migratzaile iritsi baitziren.
2014. urtean Europar Batasunak 600.000 errefuxiatu asilo eskaera jaso zituen. Siriarrak dira eskaera gehien egin zituztenak, gerraren ondorioz herrialdetik 4,5 milioi biztanlek ihes egin behar izan baitute. Espainian 5.900 asilo eskaera izan ziren 2014. urtean, Europar Batasuneko %0,9, horietatik %25 Hego Euskal Herrian. Frantzia eta Italian 60.000 eta Alemanian 200.000 herritarrek baino gehiagok bete zituzten asilo paperak.