ARGIA.eus

2020ko urriaren 01a

Moriako errefuxiatuak EAEn hartzeko prest agertu da Jaurlaritza

  • Espainiako Gobernuaren eta Europako Batasunaren aurrean, EAE aurkeztu du Moriako errefuxiatuak hartzeko Beatriz Artolazabal sailburuak. EH Bilduk, bestalde, Espainiako Gobernuari eskatu dio errefuxiatuen asilo-eskubidea bermatzeko. Greziako Gobernuak aldiz, ebakuazio eskaerei entzungor, beste kanpaleku bat eraiki du.

ARGIA @argia
2020ko irailaren 15a
Moriako errefuxiatuak, errepide bazterretan lo (Argazkia: Ane Irazabal)

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EAEko baliabideak eskaini zizkien astelehenean Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari, Moriako errefuxiatuak hartzeko. “Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du, eta are gehiago egoera eramangaitz horri koronabirusaren pandemiaren eragina gehitzen badiogu”, adierazi du Artolazabalek.

Sailburuaren arabera, EAE gai da dagokion familia- edo pertsona-kopurua hartzeko, eta hala jakinarazi die gutun bidez Ilva Johansson Europako Batasuneko Barne Arazoen komisarioari eta José Luis Escrivá Espainiako Gobernuko Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroari. SHARE proposamena gogorarazi die horiei, zeinak planteatzen duen egoera zaurgarrian dauden errefuxiatuak edo migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeen arabera banatzea.

Espainiako Gobernuak, bere aldetik, Moriako errefuxiatuak hartuko dituzten Europako herrialdeen zerrendara batzeko asmorik ez du agertu momentuz. Eldiario.es-en jasotzen denez, gobernuko zenbait iturrik argudio gisa darabilte Espainiako kostetako “migrazioaren presioa”, eta migrazioaren problematikak Europako Batasunaren aterabide bateratua eskatzen duela argudiatu dute. Espainiako Gobernuaren hitzak alde batera, baina, Espainiako Estatuko hainbat alderdi politikok, udalek eta autonomia erkidegok gobernuari eta Europar Batasunari eskatu diete Lesbos uhartean milaka pertsonak duten egoerari amaiera emateko. EH Bilduk, adibidez, Espainiako Kongresuen aurkeztu duen proposamenaren bidez Moriako errefuxiatuen asilo-eskubidea bermatzeko eskatu dio gobernuari.

Beste kanpaleku bat, Greziako Gobernuaren “aterabidea”

Suteak Moriako kanpalekua kiskali ostean, aterperik gabe geratutako milaka migratzaileek irlatik atera eta kontinentera lekualdatzea eskatu dute azken egunetan. Iñaki Agirrek Berrian jakitera eman duenez, baina, Greziako Gobernuak errefuxiatuen eskaerei entzungor egin die eta kanpaleku berri bat eraiki du. Gobernuak jakinarazi du momentuz ez duela asmorik inori uhartetik ateratzea ahalbidetzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Errefuxiatu krisi globala kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude