Espainiako Gobernuaren eta Europako Batasunaren aurrean, EAE aurkeztu du Moriako errefuxiatuak hartzeko Beatriz Artolazabal sailburuak. EH Bilduk, bestalde, Espainiako Gobernuari eskatu dio errefuxiatuen asilo-eskubidea bermatzeko. Greziako Gobernuak aldiz, ebakuazio eskaerei entzungor, beste kanpaleku bat eraiki du.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EAEko baliabideak eskaini zizkien astelehenean Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari, Moriako errefuxiatuak hartzeko. “Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du, eta are gehiago egoera eramangaitz horri koronabirusaren pandemiaren eragina gehitzen badiogu”, adierazi du Artolazabalek.
Sailburuaren arabera, EAE gai da dagokion familia- edo pertsona-kopurua hartzeko, eta hala jakinarazi die gutun bidez Ilva Johansson Europako Batasuneko Barne Arazoen komisarioari eta José Luis Escrivá Espainiako Gobernuko Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroari. SHARE proposamena gogorarazi die horiei, zeinak planteatzen duen egoera zaurgarrian dauden errefuxiatuak edo migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeen arabera banatzea.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, Moriako errefuxiatuak hartuko dituzten Europako herrialdeen zerrendara batzeko asmorik ez du agertu momentuz. Eldiario.es-en jasotzen denez, gobernuko zenbait iturrik argudio gisa darabilte Espainiako kostetako “migrazioaren presioa”, eta migrazioaren problematikak Europako Batasunaren aterabide bateratua eskatzen duela argudiatu dute. Espainiako Gobernuaren hitzak alde batera, baina, Espainiako Estatuko hainbat alderdi politikok, udalek eta autonomia erkidegok gobernuari eta Europar Batasunari eskatu diete Lesbos uhartean milaka pertsonak duten egoerari amaiera emateko. EH Bilduk, adibidez, Espainiako Kongresuen aurkeztu duen proposamenaren bidez Moriako errefuxiatuen asilo-eskubidea bermatzeko eskatu dio gobernuari.
Suteak Moriako kanpalekua kiskali ostean, aterperik gabe geratutako milaka migratzaileek irlatik atera eta kontinentera lekualdatzea eskatu dute azken egunetan. Iñaki Agirrek Berrian jakitera eman duenez, baina, Greziako Gobernuak errefuxiatuen eskaerei entzungor egin die eta kanpaleku berri bat eraiki du. Gobernuak jakinarazi du momentuz ez duela asmorik inori uhartetik ateratzea ahalbidetzeko.