“More with less”


2025eko urtarrilaren 16an - 11:01
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko lanetarako mugimenduez. Sekuentzia ezagutzen banuen ere, aurreko aldian bezain samingarria iruditu zitzaidan.

“Ez da ezer aldatuko”, datorkit burura. Jakin-minez blai, atalaren data bilatu eta sinesgaiztasunak hartu ninduen: 2008ko urtarrilaren 20a. Duela hamazazpi urte jada iragartzen zuten kazetaritzan etortzekoa zena, eta, hala ere, erredakzio asko ez dira gai izan errealitate berrira egokitzeko, gustatuko litzaigukeena baino askoz azkarragoa baita. Nola liteke horrenbeste denboraren ostean ogibideak iraganean ainguratuta jarraitzea?

Duela hamazazpi urte jada iragartzen zuten kazetaritzan etortzekoa zena, eta, hala ere, erredakzio asko ez dira gai izan errealitate berrira egokitzeko

More with less” (gehiago, gutxiagorekin), errepikatzen du zuzendariak, doilorraren papera hartuz. Horretara behartu gaitu egungo egoerak. Gero eta langile gutxiagorekin eta nagusi gehiagorekin bizi gara komunikabideetan. Sare sozialak, bideoak, testuen zuzenketa, maketak, albisteak, etab. Kazetariok era guztietako ezagutzak eskatzen zaizkien orkestra-gizonak bihurtu gara, gaurkotasunaren beharren esklabo diren kameleoi profesionalak.

Hitzaldian, bikote agintariak Interneten gorakada eta prentsa idatzian publizitatea errentagarri egiteko zailtasunak aipatzen ditu. Horren ondorioz, kaleratzeak eta mundu osoan sakabanatutako hainbat delegazioren itxierak iragartzen dituzte. Batzuek, oraindik gazteak izan arren, horrelakoak entzun ditugu gure hedabideetan.

Nik, zazpi urte besterik ez daramadala, tristuraz aztertzen dut lan honen tesitura, non ideia freskoak dakartzatenen garapena oztopatzen den. Baliteke egunen batean berriei, pairatzen dituzten mespretxuez nazkatuta, pazientzia agortzea eta euren talentuak esker oneko sektore batean erabiltzea. Batek daki kazetaritza gizartearen kontsumo-ohiturengatik hiltzen ari den. Nire aburuz, gakoa “betiko” ofizioa defendatzen dutenen eboluzionatzeko gaitasun ezan egon daiteke.

Bide batez, The Wire ikus ezazue. Maisulana da eta.

Jon Otermin Benito

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude