(Min)bizi bideopodcasta estreinatuko du Inurrik astelehenean, feminismotik minbiziaren tabuak hausteko

  • “Minbizia ez delako arrosa, marroi izugarria baizik” diote Inurri elkarteko kideek, eta argi utzi dute podcastean ere pink baino punk izango direla. Diagnosia jaso zutenean entzun nahiko zuketeen informazioa eta bizipenak bildu dituzte bederatzi ataletan. Olatz Mercaderrek gidatuko du saioa, eta adituak zein minbiziaren prozesua gorpuztu dutenak gonbidatuko dituzte.


2022ko azaroaren 18an - 12:32
Azken eguneraketa: 15:10
Inurri elkarteko kideak, Sandra Barkaiztegi Navarro, Elena Guinea eta Olatz Mercader. / Argazkia: Dani Blanco.

Azaroaren 21ean estreinatuko dute (Min)bizi bideopodcastaren lehen saioa, 20:00etan, eta Usurbilgo Sutegiko auditoriumean ere eskainiko dute, protagonistekin batera. Hurrengo asteetan kaleratuko dituzte bederatzi atalak, eta ikusgai egongo dira YouTube eta Spotify plataformetan, baita ARGIAko multimedia kanalean ere. Olatz Mercaderrek gidatuko du saioa, eta berretsi digu “taburik eta ahoan bizarrik gabe” hitz egingo dutela minbiziaren ertz guztiez, feminismotik eta elkartasunetik, Inurri elkarteak ohi duen moduan.

Euskaraz minbiziari buruzko gauza “oso gutxi” dagoela ikusita, eta arrosez margotutako kanpainekin “frustratuta”, minbiziaren konplexutasunari heldu diote (Min)biziren egileek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura arloko dirulaguntza bat baliatu dute “diagnosia jaso berri dutenek entzuteko” saio hau egiteko. Gaztelerazko bertsioa ere kaleratuko dute abenduaren 5etik aurrera, lau ataletan, Dragón Cáncer saioan.

Atal bakoitza gai bati lotuta egongo da –diagnosia, tratamendua, ariketa fisikoa, nutrizioa, sexualitatea...–, eta minbiziaren prozesua gorpuztu duten bi emakumek eta beste aditu batek –psikologoak, ikerlariak, medikuak, irakasleak, fisioterapeutak...– jorratuko dute. Mercaderrek nabarmendu du “emozionatu” egin diola parte hartzaileek izan duten eskuzabaltasunak, eta eskertu egin du norbere bizipenak publikoki kontatzeko ahalegina.

Inurriak hamaika txokotan

Duela pare bat urte sortu zuten Izan Inurri elkartea, minbiziaren tabuak eraitsi eta feminismotik elkartasun sare bat eraikitzeko; minbizia duten, izan duten, edo senitartekoren zein lagunen bat minbiziarekin duten pertsonak biltzen dira “inurritegian”. Inurriko kideen aldarrikapenak lau haizetara zabaltzen hasi ziren, eta azken urtean hamaika ekimen antolatu dituzte, gaiaz naturaltasunez mintzatzeko, minetik bezainbeste pozetik ere bai. Horixe kontatu zuten ARGIAko erreportaje honetan ere bular bakarreko emakumeek.

Akonpainamendua egiteaz gain, sare sozialetan dibulgazio lana egiten du Inurrik, eta “Tabuen kutxatik oholtzara” bertso saio musikatu solidarioetan jendarteratu dute bizitzari eta gaixotasunari buruz duten ikuspegia. Halaxe egiten segiko dute bideopodcast hauetan ere, euren leloari jarraiki: “Denok hilko gara, eta zer egingo dugu? Hil arte bizi!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024-01-14 | Leire Artola Arin
Minbiziaren ginkanan, pertsona zelulen aurretik jartzeko aldarria

Minbizia. Mediku bat zuri begira hitz hori ahoskatzen entzuten duzunean amildegi bat zabaltzen zaizu erraietan. Aldakek dar-dar eta aldaketarako indar falta”. Izan Iñurri elkarteko kideak horrelaxe hasten dira definitzen gero eta ohikoagoa den gaixotasunak... [+]


Eguneraketa berriak daude