Mexikoko lehen magistratu ez bitarraren heriotza gorroto diskurtsoen ondorio dela salatu dute

  • Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu da gobernuaren bertsioarekin.


2023ko azaroaren 17an - 10:15
Azken eguneraketa: 12:57
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jesús Ociel Baena, Mexikoko Aguascalientes estatuko LGBTQ+ komunitatearen eskubidearen aldeko figura garrantzitsuenetakoa zen. Pertsona ez bitarra zen eta “magistrade” termino neutroa erabiltzen zuen magistratu kargua definitzeko; epaitegietan "elle" izenordaina erabiltzea eskatzen zuen. Kolektiboko kide askorentzat Ocielek “ikusgarritasuna eta indarra” transmititzen zituen.

Baena hilda aurkitu zuten bere etxean, astelehenean. Aguascalientes estatuko fiskal Jesus Figueroak adierazi du hipotesi nagusia dela Baena bere bikotekide Dorian Daniel Nievesek hil zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuela. Figueroak azpimarratu du ikerketaren arabera ez zela hirugarren pertsonarik izan.

Baenaren bikotekide Nievesi dagokionez, fiskalak adierazi du lepoaren aurrealdean labana batekin egindako zauri bat aurkitu diotela, eta azterketa toxikologikoaren arabera, positibo eman du metanfetaminetan. Gaineratu du bi gorpuak “bata bestearengandik zentimetrotara” geratu zirela. “Kontu handiz ari gara, batez ere zantzu guztien erregistroa mantentzeko”, argitu du Figueroak.

Baenaren familiaren abokatu Alberto Cázaresek adierazi du senideek ez dutela fiskaltzaren bertsioa sinesten, eta ikerketaren norabidea aldatuko duen frogak dituztela. Froga berri hauek datozen egunetan aurkeztuko dituztela aurreratu du. Bestalde, magistratuaren arreba Cinthya Baenak azpimarratu du heriotza baino egun batzuk lehenago bere nebak mehatxuak jaso zituela.

LGBTIQ+ kolektiboa ez dator bat

Astelehen gauean antolatutako protestetan Mexikoko LGBTQ+ kolektiboak adierazi du ez duela fiskaltzaren bertsioarekin bat egiten. Salatu du kolektiboko kideek “aurre egin ohi dieten gorrotoaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren” ondorio dela Baenaren heriotza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
2025eko otsailaren 12
Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

2025eko urtarrilaren 29
Isela González eta Amada Chavez
Elkar babestuz borrokatzen duten emakume ekintzaileak

2024ko urriaren 16
On Ángel!

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!