Masek aste honetan deituko du azaroaren 9ko galdeketa

  • Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak azaroaren 9ko galdeketa “datozen egunetan” deituko duela jakinarazi du Cardonan egindako ekitaldi batean. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari “demokrata” izateko eta David Cameron lehen ministro britainiarraren eredua jarraitzeko eskatu dio, katalanei bozkatzen utziz.


2014ko irailaren 22an - 07:00
Azken eguneraketa: 2014-09-25 10:37
Artur Mas Cardonan egindako ekitaldian (argazkia: Alejandro García/EFE)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Arrazoi demokratikoa gure alde dago”, adierazi du Masek. Azaroaren 9an bozkatu ahal izateko “ausardiaz, tinkotasunez, abileziaz eta zuhurtasunez” jokatzea beharrezkoa dela nabarmendu du presidenteak.

“Ez erabili Espainiako Konstituzioa herri katalana isilarazteko”

“Kontua ez da legea ez betetzea, baizik eta hura erabiltzea bozkatu nahi duen herri baten ahotsa entzunarazteko”, esan du Masek. “Madrilek hori ulertu beharko du”, gehitu du.

Soraya Sáenz de Santamaría Espainiako gobernuko presidenteordearen adierazpenei erantzuteko ere aprobetxatu du Generalitateko presidenteak. Sáenz de Santamaríak larunbatean esan zuen Mas “Espainiako Konstituzioari esker” dela Kataluniako presidentea. Honek adierazi du Generalitateko 129. presidentea dela, eta beraz, Generalitatea Espainiako Konstituzioaren aurrekoa dela. Lege konstituzionala “Kataluniako herria isilarazteko” ez erabiltzeko eskatu dio Masek gobernu espainiarrari.

Kontsulta legea, bozken %78,5arekin onartuta

Kataluniako Parlamentuak ostiralean onartu zuen azaroaren 9ko galdeketara deitu ahal izateko legea. CiUk, ERCk, PSCk, ICVk eta CUPek alde bozkatu zuten, eta PPk eta Ciutadansek, aldiz, kontra.

Kontsulta legea Kataluniako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du Espainiako Gobernuak.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.