Per un gir a l´esquerra izeneko manifestua sinatu dute Kataluniako ezker independentistako hainbat lagunek CUPek irailaren 27ko hauteskundeen ostean hartutako jarrera babesteko.
Sinatzaileek norabide aldaketa eskatu dute ezkerrerantz eta aldaketa hori bideratuko duen presidentea. CUPek Manresan egindako eztabaida nazionalaren aurreko egunean aurkeztu zuten manifestua. Mas presidente ez inbestitzeko argudio ugari bildu dute. CUPek jakinarazi du manifestuaren berri eman zietela, baina ez duela izan eraginik batzarrean erabakitakoan.
Manifestuan eskatu dute garai politiko berrian erakundeetan dauden pertsonak ustelkeriarekin loturarik ez izatea. Garrantzi handia eman diote politika sozialen alde egiteari ere. Politika horiek ezinbesteko ikusten dituzte Kataluniak bizi duen egoerari aurre egiteko. “Errealitate” horren erantzule Generalitatea egin dute: “2010etik hona ezarri duten austeritatearen ondorio da gaur egun bizi duguna”.
Espainia ere jarri dute jomugan: “Ezin dugu onartu eta ez dugu ontzat hartuko prozesu katalanaren irtenbideak Espainiako murru judizial eta bunker demofoboarekin talka egitea”. Espainia estatu “demofobo” eta “eskubide zibil, nazional eta demokratikoekiko oldarkortzat” jo dute. 40 urteren ostean, azkenera iritsi den eta gainditu behar den erregimenaren adibidetzat jarri dituzte LOMCE legea eta Mozal legea.
Hori bideratuko duen presidenteak “aldaketarako borondate hirukoitza” irudikatu behar duela adierazi dute: askatasun politikoa, justizia soziala eta erradikaltasun demokratikoa.
Manifestua sinatu dute besteak beste: Joan Subirats zientzia politikoetako katedradunak, Manuel Delgado antropologoak, Josep Manuel Busqueta CUPeko diputatuak, Teresa Forcades eta Arcadi Olivares Procés Constituent-en sortzaileak, Cesk Freixas kantautoreak eta Oleguer Presas futbolari ohiak.