M8 greba feministaren beldur diren matxisten adierazpenen Top 10a

  • M8ko greba feministak matxisten hautsak harrotu ditu, eta bat baino gehiago kikildu da emakumeen mobilizazioen aurrean. Feminismoak urduritzen dituen matxisten adierazpenen Top10a ekarri dugu ARGIAra:


2018ko martxoaren 07an - 13:23

1) Munillaren feminismo “femeninoa”

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak esan du feminismoari “deabruak gola sartu diola”. Simone de Beauvoir, Virginie Despentes, Angela Davis eta Silvia Federicciren liga berdinean jokatu nahi du Munillak. Izan ere, teologiak badu filosofiatik, eta korronte feminista berri bat proposatu du gotzainak: “Feminismo femeninoa”. Hau da, abortuaren kontra dagoena eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun legala eta juridikoa bermatzen duena. Eta, garrantzitsuena, “feminismo erradikalak” bultzatzen duen “berdintasun erabatekoa” arbuiatzen duena.

2) CENeko presidenteak esan du ez duela soldata arrakalarik ikusten

Nafarroako Enpresarien Konfederazioko (CEN) presidente José Antonio Sarríak esan du berak ez dula ezagutzen “ezein lanbide desberdin ordaintzen dioena gizon eta emakumeei lan berdina egiteagatik”. Hots, urtean 7.551 euroko soldata arrakala ukatu du.

3) AZKEN ORDUKOA: Ciudadanos ez da antikapitalista

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak sorpresa eman zuen galdetu ziotenean ea M8ko greba feminista babestuko zuen. “Ez dugu babesten antolatu den greba antikapitalista, gu ez garelako antikapitalistak”. Bestalde, greba ez dute babestuko “ideologikoa” delako, emakumeen berdintasuna defendatzeak ez baitu ideologiekin zerikusirik.

4) Zumaiako Udalaren iritziz, herriko emakumeek ez daukate erabakitzeko gaitasunik

Martxoaren 8ko greba feministaren harira, Zumaiako tren geltokira doan tuneleko hormak margotu zituzten Kalea Guztiona Da-k eta Zumaiako mugimendu feministak elkarlanean, herriko hainbat artistarekin batera. Bada, Zumaiako Udalak publikoki esan du murala ezabatuko duela eta Kalea Guztiona Da-k Zumaiako emakume feministak engainatu dituela grebaren harira egunotan egin dituzten ekimenetan.

5) Javier Maroto (PP): “Ez dugu babestuko Pablo Iglesiasek deitutako greba bat”

“Ez dugu babestuko Pablo Iglesiasek deitutako greba bat, Podemosen manifestazioa da eta hori mundu guztiak daki, uste dugu berdintasuna ez dela Pablo Iglesiasek nahi duen manifestazioarekin lortzen, berari gustatzen zaiona zarata da”, esan du Javier Maroto PPko Gasteizko alkate ohiak. Antza, Marotok entzungor egin die Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko mugimendu feministen deialdiei, edo ez ditu Twitterren jarraitzen.

6) Cayetano Polok ez daki feminismoa zer den

Cayetano Polok (Ciudadanoseko bozeramailea Extremaduran) esan du feminismoak ez duela berdintasuna babesten: “Matxismoak ez du berdintasuna bilatzen eta feminismoak bai?”. Polok ez du ondo ulertu feminismoa zer den, baina badirudi matxismoa hitzez hitz definitzeko gai dela. Bera ez da “ez matxista ez feminista”, Polok “berdintasunean” sinesten du.

7) Rajoyk emakumeak lanera deitu ditu M8an

Mariano Rajoy Espainiako Estatuko presidentearen ustez, emakumeek berdintasunaren aldeko borrokan gehiago lagunduko dute M8an “lan eginez gero, greba eginez gero baino”. Bestalde, bere alderdikide emakumezkoek greba egingo zuten galdetuta, Rajoyk esan zuen ez zekiela, ez ziela horri buruz galdetu.

8) Patronalak ez du greba babestuko

CEOE eta Cepyme Espainiako patronalek euren afiliatuei dei egin diete martxoaren 8an enpresak egun osoz irekita mantentzeko. Patronalak deritzo deialdia “lekuz kanpokoa” dela, eta Espainiako Gobernuak sindikatuekin akordioak lortzeko “zailtasunak” sortzen dituela. Emakumeen aldekoa baino, enpresarien aldeko jarrera hartu du patronalak, izan ere, kontuan hartu behar dira ostegunean enpresariek izango dituzten zailtasunak “produkzioa bermatzeko”.

9) Marhuendaren ustez, M8ko greba “sektarioa” da

Honakoa idatzi zuen Francisco Marhuenda Espainiako La Razón egunkariko zuzendariak Twitterren: “M8ko greba gaizki planteatuta dagoela deritzot, eta ‘sektarioa’ dela. Ezkertiarra bazara, Grezian emakumerik gabeko gobernu bat egiten duzu eta inork ez dizu ezer esaten”.

10) Cayetana Álvarez: “Ez dezagun biologia ukatu ideologia inposatzeko”

Cayetana Álvarez PPko diputatu ohiaren ustez, greba feminista “zentzugabekeria” da. “Ez dezagun biologia ukatu ideologia inposatzeko. Biologia ukatuz, heteropatriarkatu kriminal eta ustela existitzen den ideia hedatzeko nahia dago, zeinak ikusten baitituen emakume guztiak jazarrita edo biolatuta izateko arriskuan”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude