Laudioko Gaztetxea ez husteko protestan ari ziren gazteen aurka oldartu da Ertzaintza

  • Ekainaren 13rako zegoen emanda gaztetxea husteko agindua, eta hori ekiditeko hamarnaka gazte bildu dira han goizean goizetik. Herriko kalerik nagusienetako bat moztu dute ordubetez, eta polizia haien aurka oldartu da; zenbait gazte zauritu dituzte, eta bi kazetari identifikatu. 19:00etarako elkarretaratzea deitu dute.

Ertzaintzak protestan ari ziren hainbat gazte zauritu ditu. / Argazkia: @laudiogaztetxea

2022ko ekainaren 13an - 16:40
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehen honetarako, ekainaren 13rako, zegoen aginduta Laudioko Gaztetxearen hustea. Gazteak 09:00etatik bildu dira gaztetxeko sarreran protestan, Lamuza parkean. Zumalakarregi etorbidea moztu dute ordubetez, herriko kale nagusietako bat dena, eta Udaltzaingoa bertaratu da trafikoa bideratzera, auto ilarak baitzeuden. Geroago Ertzaintza agertu da eta gazteen aurka oldartu. Aiaraldea hedabideko Txabi Alvarado Bañares kazetariak bideo batean bildu ditu gertakariak, eta jakinarazi du hainbat gazte zauritu dituztela poliziek borrekin jota.

Halaber, gertakariak jasotzen ari ziren bi kazetari identifikatu dituzte, eta kargaren irudiak grabatzen ari zen beste gazte bat “mozal legearekin mehatxatu” dute, Aiaraldeak zehaztu duenez.

Hori guztia salatzeko elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, Herriko Plazan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaztetxeak
Eguneraketa berriak daude