Korrikaren ibilbidea aurkeztu du AEK-k

  • 21. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du asteazken honetan AEK-k. Edizio honetan, euskararen aldeko herri-lasterketa apirilaren 4an irtengo da Garestik eta, hamar egunez Euskal Herri osoan ibili ostean, Gasteizen amaituko da, hilaren 14an


2019ko urtarrilaren 09an - 11:05

Aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan. Gares izan da lasterketari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa apirilaren 4an, arratsaldeko 17:00etan. Hurrengo hiru egunetan, Nafarroako hegoaldean ibiliko da lasterketa, eta apirilaren 6ko iluntzean (larunbata) ibilbidearen lehen hiriburura ailegatuko da: Iruñea.

Apirilaren 7an beste hiru hiriburutatik pasako da (Donibane-Garazitik, Mauletik eta Baionatik, hurrenkera horretan) eta 8an, goizeko ordu txikietan, Gipuzkoan sartu-irtena egin ondoren, Lapurdi eta Nafarroara sartuko da berriro.

Apirilaren 9an, asteartea, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili ondoren, lasterketa iparralderantz abiatuko da, Bizkaian sartu eta Ibaizabal zeharkatzen harrapatuko du hilaren 10eko gauerdiak. Ostegunean, hilaren 11n, 12:00ak aldera iritsiko da Bilbora eta, Bizkaian barna bide apur bat egin ostean, kostaldetik jarraituko du bidea.

Hilaren 12 eta 13an, nagusiki Gipuzkoan izango da lasterketa (Donostiatik pasako da hilaren 12ko arratsaldean); eta hegoaldetik sartuko da Bizkaian berriro, bederatzigarren eguna Otxandion amaitzeko.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik: ekialdera joko du lehenik, Arrasatetik Gipuzkoan berriro sartu eta hortik hegoaldera egingo du, lekukoa eskuz esku pasatuz apirilaren 14ko eguerdian helmugara ailegatu arte: Gasteiz. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago Andre Maria Zuriaren plazan. Ibilbide osoa herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

Nola erreserbatu kilometroa

Korrikaren 21. edizioa izango da aurtengoa, “Klika” lelopean (“klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea”). AEK-k jakinarazi duenez, kilometroak erreserbatzeko aukera datorren urtarrilaren 14an zabalduko da. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko. Hona harremanetarako bideak:

- ARABA 946 464 000 araba@korrika.eus

- BIZKAIA 946 464 000 bizkaia@korrika.eus

- GIPUZKOA: 946 464 000 gipuzkoa@korrika.eus

- IPAR EUSKAL HERRIA: 05 59 25 76 09 iparraldea@korrika.eus

- NAFARROA: 946 464 000 nafarroa@korrika.eus


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude