Korrika Araban


2024ko martxoaren 27an - 09:15

Urtebete baino gehiago ez Gasteizen bizi nintzela Korrika lehenengo aldiz ikusi nuenean. Egun argiz zen, motxila batean nire alaba neraman, eta inguruan mintzalagun taldea, eta lagun horien artean, Rosa, oraindik ere, nire ondoan dagoena. Alabari buruz, zer esan, ia 14 urte dauzka jada, eta, pasa den edizioan, elurtean, berak eraman zuen lekukoa. Aurten, bere lagun batzuekin ibili da Kutxin aurrera.

Pasa den astean, eskolako jolastokian nengoela, duela urte asko ezagutzen dudan ama batekin hizketan, azaldu zidan: "Nik korrikara joan nahi dut, asko gustatzen zait. Korrikak badu zerbait berezia. Txikitan nire amak lan asko egiten zuen, ez zuen gauza askorik egiten gurekin, baina gogoan dut nola joan ginen berarekin Korrikara, eta zer arropa eramaten zuen ere gogoan dut".

Duela urte batzuk Arabako herri txiki batean egon nintzen hango emakume talde feminista batekin hitzaldi batean. Justu Korrika hastear zegoen, eta edizio hartan ez omen zuen bere herritik pasa behar. "Berdin da", esan zidaten, "gertuen pasatzen den herrira joango gara gu, berdin zaigu zein ordutan izango den, beti egiten dugu gauza bera”. Aurten bai, bere herritik pasa da korrika eta gogoan izan ditut.

Astelehenean sartu zen, azkenean, Korrika Arabara ?edo nire alaba txikiak esan zuen bezala, "manifestazio luze" hori?. Ia egun osoa izan genuen telebista piztuta. Gure paisaia adeitsuetan barrena, eguzki goxoa lagun, herriz herri joan zen elkartzen jendea. Herri txiki guzti horietan kilometroan zeinek hartu zuen ikusten zen; talde txikiak, edo handiak, gazte asanbladak, edo kultur taldeak, edota udalerriak, edota, besterik gabe, herriaren izena ageri ziren, eta kilometroz kilometro hori ikustea lasaigarria eta pozgarria zen, oso.

Korrika euskararen aldeko aldarrikapena bada, baina badu herri baten parte izateko gogoarekin ere zerikusia

Arabako hiriburuan sartu zenean gure auzoko jendea eskolako frontoian bilduta geunden, Gasteizko eskola batetako frontoian, alegia. Pantaila batean ikusi genuen nola ari zen gerturatzen eta gerturatzen, hain hurbileko egiten zaizkigun lekuetatik: Abetxuko, Zabalgana, Adurtza, Judimendi... Ezagutu genituen pantailan ageri ziren hainbat aurpegi, eta pankartak zeuden lelo guztiak. Jende piloa zegoen leku guztietan; eskolak, institutuak, elkarte ezberdinak, lekuko aurrera eraman zituen. Gasteizko Korrikan herri antolakuntza ikusten zen.

Orduan, gure auzora iristeko momentua iritsi zen. Justu gure etxe ondoan geneukan kilometroa. Gure etxea 80ko hamarkadan altxatako eraikin batzuetan dago, bere garaian, babes ofizialeko etxebizitzak izan zirenak. Lekukoa eskuz aldatzeko tokian ginela, gure etxeko bizilaguna ikusi genuen, txakurra paseatzen ari zen. "Kaixo, asko falta da pasatzeko?". Ez zuen Korrika izena aipatu, zeri buruz ari zen bagenekielako guztiok. Lehenengo aldia zen euskaraz egiten ziguna, atzoko azken sorpresa polita.

Korrika euskararen aldeko aldarrikapena bada, baina badu herri baten parte izateko gogoarekin ere zerikusia. Are gehiago, badu zerikusi handia ere amankomuneko espazioak eraikitzeko beharrarekin, baita besteekin lotuko gaituzten oroitzapenak komunean izateko nahiarekin ere. Zeren, ba al dago ezer elkarrekin ditugun oroitzapenak baino estuago lotzen gaituenik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude