Kataluniak erreferenduma egiteko baimena eskatuko dio Espainiari, eta honek ukatu egingo dio

  • Bere etorkizunaz erabaki ahal izateko erreferendumaren eskuduntza Kataluniaren eskuetan jartzeko eskatuko dio gaur Kataluniako Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari. Ezezkoa ziurtzat emanda ere, Madrilek subiranotasun prozesuari ate guztiak ixten dizkiola erakutsiko du gaurkoak, alderdi katalanen hitzetan.


2014ko apirilaren 8an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Espainiako Gobernuak atzera botako du Kataluniako Parlamentuaren eskaera.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Konstituzioak ez die ematen erreferenduma deitzeko ahalmenik autonomiei, baina bere 150.2 artikuluaren arabera, Estatuak jar dezake eskumen hori autonomiaren eskuetan.

Aurreikusita dagoenez, Kongresuko %86k ezezkoa emango dio kataluniarren eskariari, Espainiako lurraldeei buruz erabakitzea Espainiako Estatuko herritar guztien esku dagoelako eta ez autonomietako herritarren esku.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da eztabaida. Kongresuaren webgunean streaming bidez jarraitu ahal izango da zuzenean.

Eztabaida amaitzean bozketa egingo da. Gaueko 22:00ak inguruan amaituko da prozesua, Vilaweb agerkariak dioenez.

Hitz egingo duten diputatuak dira: Jordi Turull (CiU), Marta Rovira (ERC), Joan Herrera (ICV), Alfredo Pérez Rubalcaba (PSOE), Josep Antoni Duran (CiU), Joan Coscubiela (Izquierda Plural), Rosa Díez (UPyD), Aitor Esteban (EAJ), talde mistoko bozeramaileak eta Alfonso Alonso (PP).

Kataluniako Parlamentuak hala onartuta egingo dute eskaera Kongresuan. Urtarrilaren 16an egin zen bozketan, aldeko 87 boto (CiU, ERC, ICV eta PSC-ko Marina Geli, Nuria Ventura eta Joan Ignasi Elena) eta aurkako 43 (PSC-ko gainerakoena, PP eta Ciutadans) jaso zituen lege-proposamenak (PDFa katalanez). CUPeko hiru kideak abstenitu egin ziren, alderdiak ez duelako bat egiten Espainiako Konstituzioak eta estatutuek markatutako bidearekin.

Iragarri bezala Kongresuak proposamenari ezezkoa emanez gero, Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeak (CATN) aipatutako bost bideetako bakarrak biziraungo du, Vilawebek dioen moduan: Parlamentua prestatzen ari den kontsulta legea. Gainerako lau bideak "lurperatu" egin ditu Espainiak. Generalitateak buletin ofizialean argitaratu bezain pronto –iraila baino lehen–, kontsulta-legea baliogabetu ahal izango du Auzitegi Konstituzionalak.

Kongresuak baimena ukatu ondoren, beraz, Generalitateak ezingo du aurrera eraman datorren azaroaren 9rako deituta duen erreferenduma eta horren ordez hauteskundeak aurreratuko ditu, horrela erreferenduma plebiszitu hauteskundeak bilakatuz.

Ibarretxe Plana

2005eko otsailaren 1ean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere EAEn Estatutu Berria –Ibarretxe Plana– kontsultara eramateko baimena eskatu zion Kongresuari, baina honek, gaurkoaren aurka, eztabaidarako aukera ere ez zion eman. Eusko Jaurlaritzak, hala ere, deitu egin zuen Kontsulta eta Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen. Hor amaitu zen EAJ, EA eta EBren hiruko gobernuak bultzatutako estatutuaren erreforma.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Eguneraketa berriak daude